Udalak Bretxan egin nahi duen egitasmoak hainbat aldaketa eragingo ditu. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Parte Zaharraren kudeaketa bateratua eta partaidetzazkoa egiteko proposamena aurkeztu zion irailean udalak auzo elkarteari. Aurrerapauso bat dela uste duten arren, tentuz jokatu nahi dute.
Bizilagunen urteetako kexei erantzunez, udalak auzoaren egoera aztertzen duen txosten bat egin du; auzoaren problematika identifikatu eta arazoak konpontzeko asmoz. Irailaren erdialdean aurkeztu zion udalak egitasmoa Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari, eta, orain, auzoko gainerako eragileekin biltzen ari da.
Parte Zaharraren kudeaketa egin ahal izateko udalak auzoaren eremu geografikoa zehaztu eta diagnostiko zehatz bat egin du hiru aldagai kontuan hartuta: soziodemografikoa, ekonomikoa eta, azkenik, herritarra. Diagnostiko hori eman zion orain dela bi hilabete inguru Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari, hauek diagnostikoa aztertu eta kontrastatzeko.
“Udalak planteamendu erraldoi bat egin zigun eta guk denbora behar izan dugu guzti hori lasai aztertu ahal izateko”, azaldu du Xabier Arberas Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak. Orain dela gutxi bukatu dute diagnostikoa kontrastatzen eta bilera eskatu diote udalari beraien proposamenak egin ahal izateko.
“Uste dugu urrats oso garrantzitsua dela dokumentu bakar batean islatzea auzoaren egoera, modu antolatuan”, azaldu du Arberasek. Hala ere, tentuz jokatuko dutela dio. Izan ere, hainbat eragilerekin landu behar da udalaren proposamena, tartean, «interes ekonomikoak» dituztenekin. Parte Zaharrak dagoeneko gehiegizko ustiapen ekonomikoa duela dio: “Udalak aurkeztutako diagnostikoan ere ageri da hori». Horregatik, uste du badela garaia «arreta pertsonengan jartzeko eta ez sektore ekonomikoengan”.
Bretxako merkatua plazara mugituko da. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Laster udalarekin biltzeko asmoa dute Parte Zaharrean Biziko kideek, eta, orduan, diagnostikoaren azterketa bateratua egin eta diagnostikoan sakontzen jarraitzeaz gain, metodologiaz ere hitz egin beharko dutela dio Arberasek: “Metodologikoki ez da batere prozesu erraza izango, izan ere, udalak, eragile guztiekin batera irtenbideak aurkitzea nahi du, eta oso interes kontrajarriak ditugu”. Uste du baldintza batzuk jarri beharko direla eztabaida “ireki eta parte hartzaile bat” izatea nahi badute. Izan ere, udalak planteatutako parte hartze prozesuan soilik batzuk parte hartzea aurreikusten dela uste du Arberasek: “Gu ez gara inoiz izan auzoaren ordezkariak, guk bazkideak soilik ordezkatzen ditugu”.
Hori dela eta, Arberasek uste du «indarra eta arreta» jarri beharko duela udalak parte hartze prozesuan: “Garrantzitsua izango da modu batera edo bestera bizilagunak informatzea eta hauen parte hartzea lortzea”. Izan ere, Arberasek dio batzuetan jendeak pentsatzen duela gai hauek “abstraktuak” direla, “baina zuzenean lotuta daude bizilagunen egunerokoarekin”. Arazoen artean aipatu ditu etxebizitza politika, zarata eta espazio publikoaren erabilera.
Parte Zaharrean Biziko kideak azpimarratu du prozesu guztiaren emaitza zein izango den jakin nahi dutela: “Orri ugari dituen diagnostiko bat eman digute, baina horrek guztiak zein helburu duen jakin nahi dugu”. Beraiek argi dute zein izan beharko litzatekeen helburu nagusia: “Gu behin eta berriz aldarrikatzen ari garen auzo eredua izan behar da guretzat helburua”. “Begi onez” ikusi dute udalak egindako ahalegina: “Egin duten lana positiboa dela uste dugu, eta, noski, guk ere parte hartu nahi dugu egitasmoan”. Dena den, Parte Zaharrean Bizikoek argi dute zein auzo eredu nahi duten: “Auzoko ia 6.000 bizilagunen bizi kalitatea bermatuko duen auzo bat nahi dugu”. Hori argi edukita helburua lortzeko jarraitu beharreko bidea negoziatzeko prest daude.
Arraindegi eraikinean eduki dezake lekua Orixe ikastolak. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Izan ere, Arberasek aitortzen du udalak aurkeztutako diagnostikoak jasotzen dituela beraiek hainbeste urtez ikusarazi nahi izan dituzten auzoaren arazoak; hala ere, uste du konponbide bat aurkitu ahal izateko “beharrezkoa” dela arazoaren iturburura joatea: “Abiapuntua onartu beharko dugu irtenbideak aurkitu ahal izateko, eta, orduan, ikusi beharko dugu zergatik eta nola iritsi garen iritsi garen lekura”.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideek «bizitzeko benetako auzo bat» nahi dutela diote, eta, horretarako, udalak proposatutako egitasmoaz gain, Bretxan egin nahi dituzten aldaketetara ere “arretaz” begira daude. Izan ere, egitasmo horrek auzoak dituen hainbat beharri erantzuten lagundu dezakeela uste dute: “Orixe ikastolak behar duen gunea izan daiteke, adibidez”.
Arberasek azaldu du auzo elkartea Orixe ikastolarekin bildu zela hitz egiteko: “Gune bat behar dute, ez zaie inporta zein”. Uste du posible dela Orixerentzako lekua egotea Bretxan egin nahi duten egitasmo berrian.
Bretxa, gabeziak asetzeko
Dagoeneko Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Bretxako Plan Bereziari. Arraindegi eraikinean aurreikusten dituzte aldaketa gehien eta plazaren erdian dagoen eraikina ere eraitsi egingo dute. Arberasek dio «frustrazioarekin» begiratzen diotela egitasmoari: “Arraindegi eraikin osoa auzoarentzat izatea eskatzen dugu, eta prentsan irakurri ahal izan dugunez, baliteke Arraindegi eraikinaren gune bat ostalaritza zerbitzuetarako erabiltzea”.
Uste du Parte Zaharrean dagoen gehiegizko ustiapen ekonomikoa kontuan hartuta “onartezina” dela “auzoak behar duen eta auzoarentzat beharrezkoa den espazio bat” ostalaritzarako eskaintzea: “Eraikin horrek auzoarentzat izan behar du; gero ikusiko dugu espazio hori Orixerentzat izan behar den edo beste zerbaitetarako erabiltzea komeni den”.
Hala ere, Arberasek nabarmendu du ez dutela informazio askorik Bretxan egin nahi duten egitasmoaren inguruan: “Badakigu, kirol instalazioak, merkatua eta anbulatorioa egin nahi dituztela, baina hortik aurrera ezer gutxi gehiago”.
Arraindegi eraikina «osorik» auzoarentzat ez bada aukera on bat galduko dutela gaineratu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak.
Jon Insausti, EAJko zinegotzia: “Bretxako proiektuaren muinean hiru egitasmo nagusi daude”
Jon Insausti, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Malen Aldalur)
Irailean aurkeztu zenuten Parte Zaharraren kudeaketa bateratua eta partaidetzazkoa egiteko proposamena.
Iraila erdialdean edo aurkeztu genien bizilagunei egitasmoa, zor genien bilera hori. Ondoren,beraiek diagnostikoa kontrastatzeko denbora izan dute. Hala ere, egia da beraien eskarietan oinarrituta zegoela udalaren diagnostikoa. Badakigu Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea horretan lanean aritu dela, izan ere, harremanetan egon gara. Dena den, gu udal moduan beste eragileekin ere biltzen hasi gara.
Norekin bildu zarete?
Esaterako, merkatari eta ostalariekin bildu gara dagoeneko. Merkatariei dagokienez, Zaharrean merkatari elkartearekin egon gara euren kezkak ezagutzeko asmoz. Kezkatuta daude auzoko saltoki askok ez dutelako jarraipenik. Gurasoek saltokia utzi ostean seme-alabek ez dute negozioarekin jarraitzen, hori dela eta, askotan, saldu egiten dituzte negozioak eta gero beste merkataritza eredu bateko saltokiak jartzen dira. Horrekin lotuta dago azken urteetan hainbat saltokik izan duten bilakaera; lehen mailako beharrak asetzeko baino gehiago turismoari begirako saltoki bihurtu dira.
Ostalariekin ere bildu zaretela aipatu duzu.
Ostalariekin, bereziki, toldoen inguruan hitz egin dugu. Esan genien Parte Zaharra leku babestu bat dela ondarearen balioagatik eta toldoentzako araudia propio bat sortzea adostu genuen. Bestalde, kanpoan jartzen dituzten gauzen inguruan ere hitz egin genuen; menuak, manikiak… Horiek ere arautuko ditugu araudi baten bitartez.
Auzoko beste eragile batzuekin ere bildu zarete.
Bai. Elizarekin ere egon gara eta oso garrantzitsua izan da. Elizak auzoan beti eduki izan du presentzia handia, aisialdi taldeetan, esaterako. Gainera, lokal asko dauzka auzoan eta lokal horiek une askotan ekipamendu gabeziak konpentsatzeko modu bat eskaini dezakete. Elizak esan zigun gustura arituko zela bizilagunekin eta udalarekin elkarlanean. Bestalde, Gizarte Ekintzakoekin ere harremanetan egon gara, bereziki auzotarren beharrak identifikatzeko; eta, azkenik, pisu turistikoen inguruan lanean ari den lantaldearekin bildu gara zein protokolo aplikatzen ari diren ikusi eta Parte Zaharrak lehentasun osoa duela esateko. Parte Zaharretik hasi dira eta beraiekin harremanetan egongo gara informazioa kontrastatu ahal izateko. 10 lagun daude lantaldean: hirigintzako bost langile eta bost udaltzain.
Partaidetza prozesu bat hasiko duzue orain.
Bai, eta horregatik partaidetzakoekin ere bildu gara. Diagnostikoa egitea lehen pausoa izan da baina orain honek metodologia bat eta lan egiteko modu bat edukitzea eskatzen du. Jende askorekin batera lan egin behar dugu, eta garrantzitsua da nola egin ondo pentsatzea.
Parte Zaharrak dituen beharrei aurre egiteko udalak esku artean duen beste proiektu bat da Bretxa.
Bai, egia da. Bretxaren proiektuaren muinean hiru egitasmo nagusi daude, guztiak Arraindegi eraikinean egingo direnak: merkatu tradizionala, kirol instalazioak eta anbulatorioa. Dena den, anbulatorioa lekuz aldatzerakoan hor beste eremu bat geratuko da libre, beste erabilera bat eman ahal izateko. Bestalde, ez dakigu Arraindegi eraikinean egingo den anbulatorioak zenbat leku beharko duen, eta horren arabera ikusiko dugu zenbat espazio geratuko den libre. Gero ikusteko dago espazio horretan zer egingo den; hori negoziatu egin beharko dugu kontzesionarioarekin.
Parte Zaharrean Bizikoek diote posible dela libre geratzen den espazioan ostalaritzarako gune bat jartzea.
Posible da. Baina espazio hori beste edozertarako ere erabili dezakegu. Oraindik ez dago ezer erabakita.
Baserritarren merkatua ere lekuz aldatuko da.
Bai, Bretxa erdian dagoen eraikina kendu egingo dugu, eta plaza handi bat geratuko da hor. Baserritarrek plaza horretan jarriko dituzte postuak.
Lanak noiz hasi eta bukatzea aurreikusten duzue?
Oraindik lehen fasea soilik dago onartua. Arraindegi eraikineko sarrerak eta irteerak eta Iñigo kalea oinezkoentzat bihurtzea. Eraikinaren barruko egitura bota eta egituratzea bigarren fasea izango da. Lehen faseko lanak hilabete honen amaieran edo datorrenaren hasieran hastea espero da; baina lanak noizko bukatuko dituzten ez dakit.