Udal gobernuak irtenbide bat emateko jarrera agertu du,?EH Bilduren mozioa baztertu arren; Bidebietako institutuaren itxieraz ez du iritzirik eman alkateak
Morlansko autobus zerbitzua ez dute oraindik abian jarriko. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Adostasun txiki eta desadostasun handien udalbatzarra izan da azarokoa. Horrez gain, udalbatzarren aretoko atea itxita aurkitu dute, lan baldintzen harira protestan ari ziren udaleko administrazio langileek. Alderdien arteko eztabaida politikoari dagokionez, askotariko gaiez aritu dira, eta tartean, garraio publikoaz.
Morlansko eta San Antonioko autobus zerbitzuak 2018an abian jartzeko eskaera luzatu dio udal gobernuari Ayem Oskoz EH Bilduko zinegotziak: «Dbus-eko administrazio kontseiluan adosturiko zerbitzuak abian jartzeko konpromisoa eskatzen diogu udalari, eta horretarako esfortzu ekonomiko bat egiteko». Izan ere, Astiñeneko zubiak autobus konpainiari eragindako galera dela eta, zerbitzu horiek kolokan daude. Oskozek azpimarratu du bizilagunei iragarritako zerbitzuak eskaini behar zaizkiela.
Irabazi Donostiak eta Alderdi Popularrak eskaerarekin bat egin dute. «Ezohiko egoera bati, ezohiko erantzun ekonomikoa eman behar zaio», esan du Loic Alejandro Irabaziko zinegotziak. Udalak diru poltsa duela azpimarratu du Jose Luis Arrue popularrak, eta Ogasun zinegotziari esfortzua egiteko eskatu dio: «Aurrekontu ona du udalak, eta dirua badago, lehentasunetako bat da Dbus laguntzea zerbitzuak abian jartzeko. Jaime [Dominguez-Macaya], baliabideak badaude».
Udal gobernuko bi alderdiek mozioaren aurka bozkatu dute, nahiz eta konpromisoa agertu bi zerbitzuak ahalik eta azkarren abian jartzeko. «Bizi dugun errealitatearekin orain ezin dugu eskatzen duzuena bete, baina eperik motzenean irtenbidea ematen saiatuko gara», azaldu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Bidebietako institutua
Udalbatzarraren azken puntuan azaldu da Bidebietako institutuaren afera. Eusko Jaurlaritzaren aurrean, udalak herritarren interesak defendatzeko eskatu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak. Bidebietako institutuaren itxiera hartu du eredu gisara. «Ikastetxe bat ixtea tragedia bat da. Hezkuntza alorrean, sozialean eta ekonomikoan. Eskumena Jaurlaritzarena izan arren, udal gobernuak ardura hartu behar du gure interesak defendatzeko».
Eneko Goiari ere kritika zuzendu dio Almirallek: «Alkateari ez diogu hitzik entzun gaiaren inguruan, ez hemen, eta ez hemendik kanpo». Erantzuten lehena, ordea, Maria Luisa Garcia PSE-EEko zinegotzia izan da, eta mozioari ezezkoa emateko arrazoiak eskaini ditu: «Aspaldidanik ghetto bihurtu da Bidebietako ikastetxea, eta beti entzun izan dugu ez dugula hirian ghettorik nahi».
Alderdi Popularrak eta Irabazik eskaera babestu dute. «Eskertuko genuke udal gobernuak erantzun bat ematea gaiaren inguruan». Azkenik, Goiak ere hitza hartu du baina ez dio aipamenik egin Bidebieta institutuari. «Hona ekarri duzuen mozioa ezin dugu inolaz ere onartu, esaten duzuelako udal honek ez dituela herritarren interesak defendatzen».
Parte Zaharra
Udal talde guztiek begi onez ikusi dute Parte Zaharraren inguruan udalak egindako diagnostikoa. Horrela ere, landu diren txostenak ere diagnostikora gehitzek eskatu du Josu?Ruiz EH Bilduko zinegotziak. Mozioaren arrazoiarekin kritiko agertu da Jon Insausti EAJko zinegotzia. «Dokumentuan txosten desberdinak jasotzen dira, eta auzoaren arazoak ezagutzeko lanketa berezia egin dugu. Are gehiago, bizilagun batzuek esan digute 25 urteren ondoren lehen udal gobernua garela auzoaren arazoak jasotzen dituena».
Ruizek bere harridura erakutsi du Insaustiren erantzunaren aurrean: «Ez nuen horrelako tonua espero. Baina uste dut orain ulertzen dudala zer den Hiri Proiektua. 25.000 euro Parte Zaharrerako eta beste asko publizitatean gastatzeko».
Indarkeria matxista
Udal gobernuak konpromisoa hartu zuen hilaren 25a baino lehen indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin esku-hartzeko udal protokoloa abian jartzeko. Ordea, Naiara Sampedro?EH Bilduko zinegotziak kritikatu du udalak ez duela epea beteko. Bestalde, puntu kritikoei buruzko lanketa hobetzeko mozioa aurkeztu du Sampedrok, eta aho batez onartu da.