Egiako Luis Martin Santos plaza, Plaza Haundi gisara ezagutzen dena, berritzeko partaidetza prozesua egiten ari da Donostiako Udala. Azken erabakien berri eman diete auzotarrei.
1.3 milioi euroko aurrekontua du Plaza Haundi berritzeko proiektuak. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Irailean abiatuko dira, ondo bidean, Egiako Plaza Haundiko estalkia eta ingurua berritzeko lanak. Astelehenean bilera irekia egin zuten auzotarrekin, eta Donostiako Udalak partaidetza prozesuaren emaitzen berri eman zuen. Estalki berriaren diseinua zein izango den aurkeztearekin batera, plaza bera eraberrituko dela jakinarazi zuten udaleko ordezkariek. 1,3 milioi euroko aurrekontua izango du.
Egia Bizirik auzo elkarteak urteak daramatza plazako estalkia berritzeko eskaera lantzen, eta egindako proposamenak bere horretan jaso ditu udalak osatu duen aurreproiektuak. Pozik daude auzo elkartekoak, eta udaletik ere gustura daude partaidetza prozesuak izan duen harrerarekin.
Aspaldiko kontua da estalkia berritzeko eskaera. «Bizilagun eta eragileek zuten behar hori azpimarratuko nuke. Horri heldu zion auzo elkarteak duela urte batzuk», azaldu du Berdaitz Gurutzeaga Egia Bizirik auzo elkarteko kideak. «Balorean jarri nahi nuke aurreproiektuan jasotzen dena auzo elkarteak sustatu duela».
Sinadura bilketa egin zuen auzo elkarteak, eta 1.000 inguru bilduta jo zuen udalera. «Duela bi urte, sinadurak aurkeztu eta bilera eskatu genuen alkatearekin. Bilera hori egin eta alkateak konpromisoa hartu zuen eskaerari heldu eta zerbait egiteko», azaldu du Gurutzeagak.
Udalak auzo elkartearen eskaera bideratu zuen partaidetza prozesu baten bidez. Pasa den ekainean, bi bilera egin ziren auzoan, eta bertaratu ziren auzotarrekin zein eragileekin adostu ziren estalkiaren ezaugarriak. «Abiapuntua estalkia berritzea izan zen, eta azkenik, plaza bera eraberritzeko proiektu batean bihurtu da», dio Gurutzeagak.
Aurreproiektua
Auzo elkarteak, auzotarrek eta eragileek egindako proposamenak jasotzen ditu udalak aurkezturiko proposamenak. Plaza Haundiko estalki berriak azalera handia izango du. «Plazak 2.300 metro karratu ditu, eta estalki handiak 1.000 eta 1.200 metro karratu inguru izango ditu», azaldu du Gurutzeagak.
Estalki handiarekin txikiago bat ere izango du plazak, eta aproposa izango da azokak egiteko. Bestalde, auzo elkarteak proposaturiko sarbideak egingo dituzte. «Tejeria kaletik sarbide berri bat egongo da, eta plazatik kiroldegirako sarbidea hobetuko dute», dio Gurutzeagatik.
Plazako zutabeak alboetara eramango dira, komun publiko bat jarriko dute albo batean eta berdegune bat jartzeko aukera egongo da. «Eremu libre handi samarra geratuko da plazan, eta argitasun handia izango du estalki berrirako erabiliko diren materialengatik», esan du Gurutzeagak.
Hirigintza eta Partaidetza sailetatik xehetasunik eman ez badute ere, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak Irutxuloko Hitzaren galderei erantzun die. «Eskaera guztiak jaso dira aurreproiektuan, eta emaitza positiboa izan da. Bizilagunak oso pozik daude, eta lanak ahalik eta azkarren hasteko gogoa dute». Epeei dagokienez, exekuzio proiektua egin behar dela dio Ramosek. «Lau hilabete beharko ditu, gutxienez». Gerora, irailean hasiko lirateke lanekin eta sei hilabete inguruko epea izango lukete.