EH?Bilduren mozioa onartu dute EAJ eta PSE-EEren zuzenketekin; Miramar jauregiaren erabilera erabakitzeko adostasuna eskatu dute oposizioko hiru udal taldeek
Oihal horiekin egin dute protesta Bidebietako auzotarrek, udal batzar aretoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urteari bukaera emateko udalbatzarrak bi kezka nabarmendu ditu: Bidebietako institutuaren eta Miramar jauregiaren etorkizuna. Biek dute lotura zuzena Eusko Jaurlaritzarekin. Batetik, Hezkuntza Sailak iragarri zuen 2018-2019 ikasturterako Bidebietako ikastetxea ixteko asmoa zuela, gerora erabakia zalantzan jarri badute ere. Bestetik, Miramar jauregiaren partzuergoa uzteko nahiak kolokan jarri du eraikinaren erabilera publikoa.
Bidebietako institutua ez ixteko konpromisoa agertu dute udal talde guztiek, aretora hurbildutako hainbat auzotarren aurrean. EH Bilduk aurkezturiko mozioa onartu dute alderdi guztiek, jeltzale eta sozialisten zuzenketekin. Horiek horrela, udalak ahalegin berezia egingo du hezkuntza komunitatearekin batera ikastetxea zabalik mantentzeko.
Adostasunak, ordea, arazoaren aurrean udal talde bakoitzak duen ikuspegia azaleratu du. Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak «kohesio proiektu bat» adostu behar dela esan du: «Interes pribatuak ez ditugu onartuko, eta ez dugu horrelakorik nahi auzoan». Ildo beretik hitz egin du Amaia Martin Irabazi Donostiako zinegotziak: «Itunpeko hiru ikastetxe daude auzoan, eta bitxia da soilik publikoa ixteko arriskuan izatea».
Erantzukizun nagusia Jaurlaritzarena dela azpimarratu du Maria Luisa Garcia PSE-EEko zinegotziak. Horrela ere, udaletik lanean ari direla esan du. «Bi aldiz batu naiz institutuko zuzendariarekin, eta proiektu bat lantzen hasi gara ikastetxearen matrikula kopurua handitzeko». Miren Azkarate zinegotzi jeltzaleak gaineratu du udalak dituen eskumenen arabera dagoela laguntzeko. «Gure eskuetan dagoena egingo dugu».
Kartelik gabeko protesta
Abenduko ohiko udalbatzarrean ezohiko gertaera bat eman da. Sampedrok salatu duenez, Bidebietako auzotarrei protestarako kartelak kendu dizkiete udal batzar aretora sartu aurretik. «Lehen aldia da herritarrak hona etorri eta kartelak kentzen dizkietela. Adierazpen askatasuna urratu zaie. Zergatik alkate jauna?», galdegin du Sampedrok. Eneko Goiak azken unean eman dio erantzuna: «Ez dut zuen probokazioan erori nahi».
Arratsaldeko saioan, ordea, hori koloreko oihalak protesta mezuekin margotuta erakutsi ahal izan dituzte. Izan ere, Bidebietako institutuaren aferak bigarren mozio bat ere izan du, udal gobernuaren kontrolerako tartean. EH Bildu eta Irabaziren eskaerek harrera hotza eta kritikoa izan dute udal gobernuaren partetik.
Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotzia izan da gogorrena oposizioko bi alderdiek aurkezturiko kontrolerako mozioarekin. «Goizean adostu dugunarekin nahikoa da. Ematen du konfrontazio bat sortu nahi duzuela. Udal gobernuaren aurkako eraso bat da», adierazi du Gascok.
Aretora hurbildutako auzotarrek eta mozioaren bultzatzaileek harridura aurpegia jarri dute. «Ez da bidezkoa Jaurlaritzari eskaera bat egiten diogunean zuek onartzea, eta udal gobernuari eskaera luzatzean konfrontazioa bilatzen ari garela esatea», salatu du Martinek. Eguneko azken mozioa ez da aurrera atera jeltzale eta sozialisten kontrako botoarekin.
Miramarren erabilera
Irabazi, PP eta EH?Bilduren udal taldeek mozio bana aurkeztu dute Miramar jauregiaren etorkizunarekin loturikoa. Eraikina kudeatzen duen partzuergoa uztekotan dago Eusko Jaurlaritza. Bestalde, Miramarren hotel bat eta jatetxe bat jartzeko aukera dagoela azaleratu du hedabide batek. Horrela, hiru alderdiek kritikatu dute informazioa prentsaren bidez jaso izana.
Babesturiko eremua dela gogorarazi du Irabazik, eta eraikinaren erabilera adosteko akordioa zabala izateko eskatu du. «Dirudienez, hotela eta jatetxea dira Miramarri errentagarritasuna ateratzeko aukera bakarrak», kritikatu du Martinek. Eraikinaren defizitarekin kezka agertu du Goiak, eta horri loturiko mozioa aurkeztu dute popularrek. «137.000 euroko defizita izanik ere, ez da horrenbesterako San Telmo Museoak edo Tabakalerak dutenarekin alderatuta», azaldu du Miren Albistur PPko zinegotziak. Jaurlaritzak hartu duen jarrerarekin ere kritiko agertu da. «Ospa egin nahi dute, inbertsio bat egiteko unea delako, eta ez daude hori egiteko prest. Ordea, udala da Miramarren jabea eta udalari dagokio erabilera egoki bat adostea».
Jaurlaritzaren erabakiak direla eta, datu baten berri eman du Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak mozio aurkezpenean, eta galdera bat zuzendu dio EAJri: «35 milioi euro sartu berri dituzte Barakaldoko BEC eraikinean Bizkaiko Aldundiak eta Jaurlaritzak. Miramar Palace izenarekin dirua jarriko dute?».
Oposizioko hiru alderdiekin bat egin dute sozialistek ere. Dena dela, lehentasunak ezarri behar direla adierazi du Gascok: «Lehenik lortu behar da Jaurlaritzak Miramar jauregiaren partzuergoa ez uztea. Aldundia eta Jaurlaritza seduzitu behar ditugu proiektuan jarraitu dezaten». Pauso bat gehiago ere eman nahi izan du zinegotzi sozialistak. «Gure apustua da eraikinaren izaera soziokulturala mantentzea. Ondo legoke formazio eskaintza gehiago ematea bertan, EHUko ikastaroekin bezala». PPren mozioa soilik babestu dute.
Miramarren eztabaida «gaiztotua» dagoela esan du Goiak, jeltzaleen izenean. «Jaurlaritza partzuergoan jarraitzea nahi du udalak, eta egiten ari garen saiakera guztiak bide horretan doaz». Defizita ez dela horren kezkagarria aitortu du Goiak, baina erabileraren bidez errentagarritasuna bilatu behar dela azpimarratu du. «Jaurlaritzak galdera bat egiten du: zein da proiektua Miramarren? Horretarako ikerketa batzuk eskatu dira, eta horiek guztiak aztertu ahal izango dira alde guztiei hitza emanez. Momentuz lortu dugu Jaurlaritza ez joatea».
EAJ «bakarrik» geratu dela esan du Martinek. «Oposizioko alderdiak ados gaude eraikinaren inguruan izan beharreko adostasunaren inguruan, eta ematen duenez sozialistak ere». Zorrotzagoa izan da Albistur popularra: «Guk seduzitu behar dugu Jaurlaritza? Beraiek dira ospa egin nahi dutenak». Ildo beretik Almirallek esan du Jaurlaritzari ekarpenak egiteko eskatu behar zaiola. «Erabilera berriak pentsatu behar dira, eta erabakiak hartzeko irizpideak definitu».
‘Goazen Donostia’
Donostiako Udalaren azken komunikazio kanpainak bere tartea izan du udalbatzarreko gai ordenan. Almirall EH Bilduko zinegotziak kanpainako pertsonaiari «zomorro» deitu izanak, irriak eta erantzun ironikoak sortu ditu udal talde gehienen partetik.
Irabazik
Goazen Donostia kanpaina kritikatu du, esanez ez duela balio erantsirik. «130.000 euro baino gehiago gastatu dituzue, eta ez du apartekorik esaten», esan du Loic Alejandro zinegotziak. Kritikarekin bat egin du EH Bilduk. «Kea ondo saltzen duzue. Zomorroa paseatzen jartzea ez ahal da zuen aldeko kanpaina eginez dirua xahutzea?», galdetu du Almirallek. PPk ere bat egin du oposizio kideekin.
Umorez hartu du, ordea, Jaime Dominguez-Macaya zinegotzi jeltzaleak Irabaziren eskaera. «Kanpaina asko eskatu dituzue urte hasieratik, eta orain zomorro bat baino gehiago, koadrila oso bat beharko genuke guztiak asetzeko».