Ategorrieta-Ulia proiektua lantzen ari da Uliako Auzo Elkartea; partaidetza landu eta ekainerako auzoarentzako hobekuntzak proposatuko dituzte erakundeetan.
(Argazkia: Uliako Auzo Elkartea)
Lanean jarraitzen dute Uliako Auzo Elkartean, auzoaren etorkizunaren inguruan. 2017ko azken egunetan ohar bat zabaldu zuen elkarteak, Donostiako gizarteari eta bereziki Ategorrieta-Uliako bizilagunei zuzendua. Han zioten Ategorrieta-Ulia proiektua egin ahal izateko, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak jaso zituztela: «Bizilagunen artean auzoarentzat nahi dugun etorkizuneko irudi bat sortu nahi dugu».
Hain zuzen, urteak daramatzate bizilagunek inguruko gabeziak aztertuz. Landutako informazioa zabaltzeko jarduera ugari egin izan dituzte, eta erakundeei hainbat txosten aurkeztu izan dizkiete, ingurua errespetatu dezaten. Oraingoan, Altza XXI herri lanketaren barnean, 2013an sortutako Altza Guztion Artean izeneko dinamikaren barnean sortu dute Ategorrieta-Ulia proiektua.
Altza XXI 2000. urtean sortu zuten, Donostiako udalak Auditz-Akularren 3.500 etxebizitza baino gehiago eraikitzea proposatu zuenean. Ordutik, Altzako lurraldearen egoera aztertu dute herritarrek, etorkizunari, hirigintza garapenari eta esku-hartzeko lehentasunei buruzko eztabaidak bizilagunen artean zabalduz.
Abendutik ekainera
Ategorrieta-Ulia proiektuan, auzoaren baldintza sozialak, urbanistikoak, ingurumenekoak, eta auzoaren mantenimendua landu dituzte. Abenduan aurkeztu zuten eta luzapena eskatu zuten. Hala, ekainera bitartean helburutzat dute parte hartze prozesua egitea, informazio sozio-urbanistikotik hasita, eta txosten bat osatzea. Hausnarketa bukatuko dute eztabaida eta proposamen fase batean, eta nahi nagusia dute hobetzea auzoaren bizi kalitatea, hiriko irudia, zerbitzuak, estruktura, eta funtzionamendua hobetzea.
Azken batean, hausnarketarako eta eztabaidarako erabiliko dituzte lanak eta tailerrak, hiru profesionalek gidatuta: Koldo Telleria Andueza arkitektoa, Ainhoa Guerras Alfonso soziologoa, eta Marko Sierra Ron ingeniari agronomoa. Sierrak urteak daramatza auzotarrekin lanean, ingurua ongi baino hobeto ezagutzen du, eta euren asmoen berri eman digu: «Auzoaren kalitatea hobetu nahi dugu, eta, bide batez, giza harremanak sendotu. Diagnostikoa egingo dugu bizilagunekin batera, eta, ondoren, proposamenen txostena aurkeztuko diegu Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, zein berrikuntza nahi ditugun ikus dezaten».
Proiektuaren barruan, sei gune nagusi bereiztuko dituzte lanerako: Manteo, Ulia Barren, Mitxelene, Tokieder, Ategorrieta eta Ategorrietako erlojua. «Galdetzen didate Uliako mintegiak edo Rodil agertuko diren, eta noski baietz, baina beste gune bat gehiago bezala. Txangoak egingo ditugu, auzokoek lekuak ongi ezagutzeko eta proposamenak egiteko».
Horrela bada, auzoaren etorkizuna «irekia» ikusten duela dio Sierrak, zer gertatuko zain: «Duela 30 urte inguru marra bat margotu genuen, udalari ez gainditzeko eskatuz, orain ikusiko dugu zer gertatuko den».