Alokairuen prezioa inoizko altuena da Donostian
Idealista.com atariak, eta Donostiari dagokionez, alokairuaren prezioa inoizko altuena da: 14,1 euro metro karratuko, iaz baino %3,5 gehiago. Urtearen hasieran beherakada izan zuen, eta uda ondoren goraka egin zuen nabarmen. EH Bilduren udal taldeak oharra atera du datuen berri eman eta udal gobernuaren kudeaketa okerra dela esateko.
“80 m2-ko etxebizitza hartzen badugu adibide gisa, hilero 1128 euro ordaindu behar dela Donostian, batez beste. Prezio hauek ez daude jende arruntaren eskura, eta honek eragin zuzena du donostiarron bizi-kalitatean”, salatu du EH Bilduk.
Etxebizitzaren arazoa “ez da berria” udal taldearen ustez, baina “alarma gorri guztiak piztuta” daudela diote. “Onartezina da Eneko Goiak neurri berezik ez hartzea alokairuzko prezioaren gorakadari aurre egiteko”.
Hego Euskal Herriko beste hiriburuekin alderatuta, Donostia da garestiena. “Donostiar batek Bilbotar batek baino 243 euro gehiago ordaindu behar ditu hilero etxebizitza alokatzeko (11,4 €/m²), Gasteiztar batek baino 477 euro gehiago ( 8,8€/m²) eta iruindar batek baino 467 euro gehiago (7,8 €/m²). Beste era batean esanda: orain arte Donostian bizitzea luxu baldin bazen, azkenaldian utopia bihurtzen ari da”.
EH Bilduren iritziz, alokairuaren prezioaren eta turismoaren artean “lotura zuzena” dago. “Izan ere, turisten gorakadarekin batera geratu da alokairuren prezioaren gorakada. Azken 2-3 urtetatik hona pisu turistikoen gorakada itzela izan da, eta horrekin batera, familiak, gazteak edota ikasleak bizitzeko gero eta alokairuzko etxebizitza gutxiago daude, eta gero eta garestiagoak dira”.
Proposamenak
Alokairuen prezioaren gorakadari aurre egiteko zenbait neurri proposatu ditu EH Bilduk. Horietako bat da legez kanpoko pisu turistikoak ohiko alokairura bideratzea, pasa den iraileko udalbatzan onartu zena. Akordio bera eraman zuen EH Bildu Eusko Legebiltzarrera abenduan eta bertan ere onartu zen.
Etxegintzan programa berri bat ezartzea eskatu zuen EH Bilduk. “Alokairua ordaintzeko arazoak dituzten eta beste laguntzarik ez duten herritarrentzat diru-laguntzak ematea”. Udal gobernuak, ordea, baztertu egin zuen 2018ko aurrekontuetan txertatzeko proposamena.
Udal taldearen ustez, nahiz eta udalaren eskumena ez izan, Hiri Errentamenduren Legea aldatzea “ezinbestekoa da” alokairuzko prezioei muga jarri ahal izateko eta hiriko egoera ekonomikoari egokitzeko. Horrez gain, lehen solairuko araua mantentzea eskatzen dute. “Biztanle-komunitatetan elkarbizitza hobetzeko neurria izateaz gain, pisu turistikoen kopurua kontrolpean mantentzeko ere egokia izango litzateke”.
Beste proposamen batzuk ondorengoak dira: “Aiete eta Antigua artean duen lursaila erostea proposatu dugu bertan babestutako etxebizitzak eraikitzeko. Donostian diren finantza erakundeek dituzten etxe hutsen zerrenda osatu eta Etxegintzaren eskuetan uztea proposatu dugu, etxebizitza horiek Alokabide programaren bidez alokairuan atera daitezen.
Etxebizitzaren prezioaren inguruko txostena argitaratu du