Hezkuntza berria eremu irekian

Zurriola Ikastolak bere hezkuntza eredua eraldatu du azken urteetan, eraikin berriarekin batera. Haur hezkuntzako matrikulazio epea irekiko dute astelehenean, otsailaren 9ra bitarte.
Zurriola Ikastolako geletako bat. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Zurriola Ikastolako geletako bat. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Nabaria egiten da oso, Villa Sororen ateak gurutzatu bezain pronto, bertan ageri dena ez dela ohiko eskola bat. Edo ez, behintzat, urteetan zehar umeak aulkitxoetan eserita eta irakasleari begira ipini dituen hezkuntza eredu berekoa.

Irekitasuna sentitzen da Zurriola Ikastolaren barnean. Bertan, umeak ez daude gelaz gela bananduta, taldeetan baizik, eta batetik bestera lasai dabiltza haurrak, oinez eta korrika, lekuz eta laguntxoz nahi adina aldatuz.

Espazioaren kontzeptua oso landuta dakarte ikastolako arduradunek. Ohiko gela itxi eta estatikoen eredutik urrun, paretak bota eta eremu ireki eta malguak sortzea lortu dute bertan, espazioak moldatzeko aukera eskaintzen duten panel mugikorrekin. Izan ere, haurren garapena eta ongizatea ahalbidetzeko dinamismoa ezinbestekoa dela uste dute ikastetxe honetan.

Duela lau urte Donostiako Udalak Ategorrietako eraikina eskaini zienean hasi zen haurrentzako hezkuntza eredu berri honen ibilbidea. Hazia landatuta zegoen aurretik ikastolako irakasle eta arduradunen buruetan. Baina azpiegitura berria jaso zutenean hasi ziren hauek euren ideia hura behingoz eraikitzen. Eta, eraberrituriko etxe zahar honen kanpo eta barnealdearekin egin duten bezala, erabat berritu dute ere bertan umeekin lan egiteko duten modua.

Haurrak erdigunean
Zurriola Ikastolaren hezkuntza eredu berri honek umeak bere ikasketa prozesuaren zentroan egon behar duela du premisa modura. Jakituria transmititzen duen irakasle protagonistaren paradigma baztertu nahi izan dute ikastetxean. Hemen, haurrak dira, era eta erritmo propioan, euren ikasketa prozesua aurrera eramaten dutenak. Bigarren plano batean dituzte irakasleak, prozesu pertsonal horretan umeak laguntzeaz arduratuko direnak. «Haurra gidatzea baino, bere bide horretan akonpainatzea baita helduon helburua», Leire Agirre Zurriolako haur hezkuntzako arduradunak azaltzen duen bezala.

Jolasaren garrantzia aldarrikatzen dute bertan: «Ume txikiek jolasaren bitartez esperimentatu eta ezagutzen dute mundua, eta baita harremanak edukitzen ikasi ere». Horregatik, ordu eta erdiko epea eskaintzen diote egunero jolas libreari, haurrak beraien artean nahastu eta elkar ezagut dezaten. Guztiz normala da hemen adin desberdineko neska-mutilak elkarrekin jolasten ikustea. Taldeen arteko irekitasunak eredu tradizionalaren gelaren mugak gailendu eta umeak naturaltasun osoz erlazionatu daitezen ahalbidetzen baitu.

Pauso txiki eta sendoak
Orain guztiz integraturik duten hezkuntza eredu berri honen ezaugarri batzuk lehen ere aplikatzen zituztela onartzen du Agirrek. Sarrera eta irteera ordutegi malguak, adibidez, aurreko ikasturteetan probatuak zituzten jada, oso emaitza onekin: «Urduri edo korrika eta presaka etortzea baino, behar den denbora hartzea hobe dela  uste dugu, umea lasai eta eroso iritsi dadin eskolara».  Ordu erdiko sarrera malgua dute Zurriola Ikastolan horretarako, eta hor ibiltzen da, egunero, irakasleren bat haur eta gurasoei ongi etorria ematen: «Hau bigarren etxea baita umeentzat», Agirrek dioen bezala.

Denbora daramate, hortaz, hezkuntza berriaren olatu honen bidean pauso txiki baina sendoak ematen. Haur hezkuntzatik lanean, txikien ongizateak euren garapen prozesua segurtatzen duela garbi daukate ikastetxe honetan.

Datorrenari begira, berriz, eredu hau lehen hezkuntza eta Zurriolaren beste zentroetara ere zabaltzeko asmoa dutela aurreratu du Joxean Oiz zuzendariak. Hezkuntza eredu berria geratzeko iritsi da, hortaz, Zurriola Ikastolara, eta pausoka jarraituko du aurrera egiten etorkizunean ere.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend