Altzako Harria parkea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Altzako auzoan dagoen Harria parkearen jolasgunea estaltzeko lanak eten ditu Donostiako Udalak. Indusketa lanetan hodi batekin egin zuten topo, eta zein erabilera duen aztertu arte hiru asteko geldialdia adostu du Proiektu eta Lanen sailak. Ondoren erabaki bat hartuko dute.
Pasa den urria bukaeran hasi ziren estalpea eraikitzeko lanekin, eta ezarritako epea lau hilabetekoa zen. Atzerapena dela eta, lanen epea gehiago luzatuko da. 358.037,27 euroko aurrekontua du.
Azalpen eske
EH Bilduren udal taldeak interpelazio bat erregistratuko du Altzako Harria parkeko estalpearen atzerapenaren arrazoiak ezagutzeko, eta udal gobernuari erantzukizunak eskatzeko. “Esleipena egin eta bost hilabeteren ondoren, Harria parkeko gune estalia egin gabe dago. Bizilagunek diotenez, obrak irailean hasi ziren baina bat-batean eten egin ziren eta gaur egunera arte ez dute ezer aurreratu”, azaldu du Olaia Duarte zinegotziak.
Urtarrileko udalbatzarrean hiriko gune estali hainbati buruz hitz egin zuten. “Udal gobernuak adierazi zuen gune estalien aldeko lana egiten ari zela. Bost egun beranduago, ordea, bizilagunen harridurarako, udal gobernuak berak obrak etetea erabaki du”, gaineratu du Duartek.