Bidebietako institutuko hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko eskatu du EH Bilduk legebiltzarrean
Legebiltzarreko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu du EH Bilduk Bidebietako institutuko proiektua aurrera ateratzeko eskatuz. Mozioak Elkarrekin Podemos alderdiaren babesa jaso du eta EAJ, PSE-EE eta PPren ezezko botoekin bertan behera geratu da.
Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak azaldu du Hezkuntza sailak idatziz konpromisoa adieraztea nahi zutela, baina ez dela hala izan: “Oraindik ez digute ziurtasunik eman; matrikulazio epea ireki dute baina horrek ez du ezer ziurtatzen”. Izan ere, matrikulatzen den haur kopuruaren arabera posible da datorren urtean egoera berean egotea.
Salatu du Hezkuntza sailak ardura guztia irakasle eta familiengan jarri duela, “erantzukizunak bere gain hartu ordez”. Izan ere, irakasleek eta zuzendaritzak proiektu berritzaile bat garatzeko ardura hartu dute baina horretarako baliabideak jartzea “ezinbestekoa” dela azaldu du Sampedrok: “Oraindik ez dakigu eraikina konpontzeko inbertsio bat egingo duten ala ez, eta inbertsio hori egitea garrantzitsua da institutuaren egoera aldatzeko”.
Goizeko lehen orduan, legebiltzarraren aurretik, elkarretaratzea egin dute Marea Horia taldeko hainbat kidek Bidebietako institutuak merezi duen moduko kalitatezko hezkuntza publikoa izan dezan aldarrikatzeko.