Izarne Zelaia: 'kaudnum eruG'
– «Baietz esaten badut ezetz esan nahi du!».
– «Itsusiak polita esan nahi du, handiak txikia, argalak lodia, luzeak motza… Ulertzen?».
Hala azaldu zidaten Hodeik eta Udanek, eta, taldearekin bat egin nahian, jolasari ekin nion neuk ere. Erregelak itogarri egiten baitzitzaizkidan, kontrakoa esan eta ulertzen saiatzeaz gain, errealitatearen mugak gainditzen hasi nintzen: «Errepidean kotxeen ordez ohe elastikoak jarriko ditugu toki guztietara saltoka iristeko! Igerilekuak urez hustu eta pilotaz beteko ditugu igerian ez dakitenak beldurrik gabe murgiltzeko! Eskolako patioan mendia landatuko dugu lokatzetan jolasteko! Globoak lotuko ditugu ukondoetan, besoak astinduz hegan egiteko!». Martziano aurpegia jarri zuten lagunek. Arauetatik irten eta gehiegi azeleratu nintzen, antza. Guztiak izan behar zuen arre edo so. Zuri edo beltz. Irudimen handirik erabiltzerik ez zegoen. Baina orduko hartan ez nuen dibertsioa non zegoen ondo ulertu, eta hantxe geratu nintzen bakar-bakarrik nire mendi puntan: gainontzekoek patioko beste muturrera egin zuten alde, eta, asmatu nuena beste jolas bat zela aurpegiratuz, ez zuten nirekin gehiago ‘alderantzizko munduan’ aritu nahi izan.
Azken asteotako berriak irakurtzean, bat baino gehiago atzeman dut jolas berean. Joko-arauak hautsiz eta irudimen dezente ibilita, ez horregatik bakartuta: «Askatasuna berreskuratu berri duen euskal preso politiko baten amari 100 euroko isuna ezarri diote espetxe atarian semeari itxaroteagatik»; «Bost aldiz diru gehiago Jaurlaritzak El Diario Vasco-ri Argia-ri baino ‘Interneten euskara sustatzeko’»; «Klima Aldaketaren Zentroa Zubietako erraustegiaren ondoan»; «Cabacas auziko aurreneko epaiketa, Gara-ren eta Goirizelaiaren aurkakoa».
Zer nahi duzue esatea, txikitan egiten genuenak grazia handiagoa zuen. Egia esan, jolasaren izena bera ere aldatu beharko genuke. Gaurkoa ez baita alderantzizko mundua. Bai, ordea, mundu aldrebesa.