Irati Urkiola: 'Dirua ari du'
Dirua ari du, goitik behera, baina behekoak ez gaitu bustitzen. Dirua ari du, etengabe, baina gehienok ez dugu nabaritzen. Dirua ari du, baina halako klima batean jaio, hazi, eta bizi garenok ikasi dugu Dirurik gabe, baina hark sortutako zipriztinetan bizitzen.
Eta noski, ez naiz ari egunerokotasunean lan egitearen truke jasotzen dugun diruaz. Diruaz ari naiz haren zentzurik ilunenean, izan beltz, faltsu edo errazenean. Eta zentzu horretan, oparoa izan da 2018ko urtarrila; diruaren antizikloiak gogor eragin die gizarteko bi alorrei: «euskaraz» «informatzen» gaituen Vocento taldeari, batetik, eta gizonezkoen futbola deitzen dioten merkatu horri, bestetik.
Azken horri dagokionez, ez nioke su horri gar gehiago eman nahi, baina nahigabe hartu dute hatzek ondorengo hitzak idazteko bidea. Hasteko, esan beharra dut ez naizela bereziki futbolzalea; are gutxiago, egun, hitz horren atzean kamuflatzen duten gizonezkoen kirol edo merkatu erakusleiho harena. Hala ere, aitortzen dut noiz edo noiz interesa pizten didatela asteburuetako emaitzek; ikusten dudala «puntako» partidaren baten zatiren bat. (Kalanbrea, Ziztada eta kolpea). Baina sinestezina deritzot pasaden astetik hona eman diren eztabaida, iruzkin eta haserrealdiei; gehiegikeria, puzte edo ahoberokeria.
Traizio hitzez izendatu zuen askok duela aste bete Realeko jokalaria zen baten erabakia. Traizioa. Traizioa omen, askorentzat, euskal talde batetik beste euskal talde batera joateko hartutako deliberoa. Bai; halako gizarte moderno eta garatuan bizi gara. Halako mundu batean, non hamaika traizioren biktima izanda ere, askorentzat jokalari baten talde aldaketa den aste betez ahotan edukitzea merezi duen «traizioa».
Baina, kontua «traiziotik» harago doa. Jokalariak hartutako erabakiaren erantzunek Athletic eta Errealaren arteko etsaitasuna agerian utzi, eta egun gizonezkoen futbol horrek barne biltzen dituen harrokeria, inbidia eta hainbatetan testosterona gehiegizkoa azaleratzeaz gain, euskal hiztun komunitatea ere zipriztindu zuen jokalariak. Izan ere, hartutako erabakiaren berri emateko prentsaurrekoa ondarroar dialektoan egin zuen, eta bertatik sortu zen sare sozialetan Euskara Batua eta euskalkien erabileraren inguruko eztabaida. Eztabaida sakon, interesgarri eta beharrezkoa, ezbairik gabe. Baina, testuinguru horretan, benetan jarri behar al dugu fokoa euskaran?
Hel diezaiogun oinarrian dagoen albisteari, eta ez dezagun eztabaida jokoz kanpo utzi. Jokalari batek urteko 5 miloi euro irabaziko ditu, eta klub bizkaitarrak 32 miloi euro ordainduko dizkio gizon batek baloiari ostikadak emateagatik
Dirua ari du, baina herria beste zerbaitek traizionatu du.