Omnes Uni da gaur egun Gipuzkoa Basketek duen lagunarte bakarra; gutxi izanagatik, ordea, ez dira atzean geratzen, eta partida guztietan euren taldea sutsuki animatzen dute.
Gari Aldabe eta Iñigo Azkue, Gipuzkoa Basketeko zale sutsuak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Garai onenetan lagunarteko dezente izatera iritsi zen Gipuzkoa Basket: Illunbeko garrasia, Andy Handia, Sei Hogeitabost… baina bakarrak dirau bizirik: Omnes Uni Denok Bat. Illunbeko kantxako eserlekuetan jartzen dira orain lagunarteko 50 zale sutsu horiek, jokalariengandik oso gertu, eta batzuek erromatar kaskoak eramaten dituzte jantzita. Aieteko Gari Aldabe eta Getariako Iñigo Azkue lagunarteko kideak dira hasieratik, eta euren zaletasunaren berri eman digute.
Aldabek zein Azkuek txikitatik izan dute gogoko saskibaloia, eta baloiarekin trebeak ez zirela ikusita, zalego sutsuaren parte izatera igaro ziren. «Askatuak igo zenean, gogoan dut Gaskara etorri ginela. Gero, urte askoan Gipuzkoan ez zen egon goi mailako saskibaloi talderik, eta Gasteizera maiz joandakoak gara, partidak ikustera», oroitu du Azkuek. Ezin zoriontsuago daudela ikusten zaie, aukera izaten ari direlako Donostian bertan goi mailako saskibaloiaz gozatzeko, azken urteetan; «Kluba sortu zutenean, bazkideak egin ginen, eta lagunartean sartzea beste pauso bat izan zen. Luzaroan iraun dezala, guk gozatzeko eta gure atzetik datozenek gozatzeko», dio Aldabek.
Lagunartea Interneteko foro batetik sortu zutela azaldu du Aldabek: «Foroan sortu genuen denen arteko harremana, fisikoki ezagutu gabe. Azkenan, bazkari bat antolatu genuen, eta horrela hasi ginen». Lagunartearen izena, hain zuzen, foro hartan erabiltzen zituzten ezizenetatik dator. «Erromako eta Greziako izenak genituen askok: Esparta, Escauro, Pericles… eta horregatik jarri genuen Omnes Uni, lagunarteko lehen presidenteak proposatuta». Oso talde hetereogenoa osatzen dutela dio Azkuek: «Saskibaloiagatik ez balitz, nekez elkartuko ginateke beste zerbait egiteko. Euskaldunak, esaterako, oso gutxi gara».
Kontuak kontu, Illunben norgehiagoka dagoen bakoitzean, deialdia egiten dute elkarrekin joateko, eta partida arratsaldean bada, elkarrekin bazkaltzeko ohitura dute. Orain, Porfi Fisac entrenatzaileak hala eskatuta, kantxan daudenez, partidaren gain gainean egoten direla diote: «Ez duzu aukerarik tabernara joateko edo komunera, oso kontzentratuak egoten gara. Gureei ahalik eta gehien animatzen saiatzen gara eta kanpokoei, ahal den neurrian, oztopatzen, eta partida batzuetan lortu dugu», azaldu du Azkuek. Kanpoko partida batzuetara ere joaten direla dio Aldabek: «Irteerak normalean berdinak izaten dira, nahiko finkatuak ditugu. Bilbo, Gasteiz, Burgos, Zaragoza, Fuenlabrada…». Gainera, nabarmendu dute gainerako klubetako lagunarteekin ere oso harreman ona dutela, baita talde guztietako jokalariekin ere. «Saskibaloiak duen gauzarik politena da hori, partidak bukatzean denak giro onean elkartzen garela».
Gogoratu dute taldeko jokalariekin beti ongi moldatu izan direla, eta David Doblas joan zenean, adibidez, sagardotegi batean bazkaldu zutela harek gonbidatuta, eta Sito Alonsok bere etxera gonbidatu zituela: «Jokalariak beti oso gertukoak izan dira, hori izan da taldearen ezaugarri komun bat, eta urte askoan Doblas izan da horren ikurra. Nekane Arzallus presidentearekin ere oso harreman ona dugu». Pozik diote Sito Alonso entrenatzailea zela, lortu zutela denboraldi bukaeran jokalari guztiak kantxara ateratzea erromatar kaskoak jantzita. Orain, hain justu, otsailaren 22rako bazkari bat antolatzen ari dira, klubeko kide guztiekin batera.
Bide beretik jarraitu behar
Aurrera begira, argi dute aurtengo taldearen helburua izan behar dela maila mantentzea:?«Talde honi askoz gehiago ezin zaio eskatu. Garai honetan zortzi garaipenekin egotea asko da guretzat», dio Aldabek. Euren ustez, ordea, denboraldi on pare bat beharko lirateke berriro ere zaleak ugaritzeko, baina lan zaila dela irizten dute.
Azkue, edonola, baikorra da aurrera begira:?«Lorpenak dira zaletuak gehien betetzen gaituena. Badakigu ez dugula txapelketarik irabaziko edo nekez irabaziko dugula, baina behin lortu genuen bezala, Koparako sailkatzea edo play offetan sartzea da sekulako poztasuna».