Xabier Vazquez: 'Zauri ingelesa'
El Corte Ingles saltoki kateak Zurriolan irekiko duen supermerkatuak hondarrak harrotu ditu. Urteko egun guztietan zabalduko ditu ateak, goizeko ordubiak arte. Bidaia agentziaren bat salbu, kate ezagunak apenas zuen apurrik Donostian. Gaiaz galdetuta, exotismoari lotu zaio Eneko Goia alkatea eta honakoa esan du: “guk ezin diogu baldintzak betetzen dituen negoziari lizentzia ukatu”.
Egia da, udalak baimena eman behar dio baldintzak betez gero. Aipatu gabe utzi du, ordea, horri loturiko gaia: nork eta zertarako zehazten ditu baldintza horiek. Hau da, arazoa ez da zauri ingelesa edo zara diren sartutako markak. Berriki, udal gobernuak turismoa sustatzeko araudi komertziala Zurriolara hedatu du. Ez dut garbi denda berri hau horren ondorio den (baten bati hala irakurri diot Twitterren) ala beste araudiren bat den. Dena dela, erakunderen batek jarri ditu baldintzak hau zabaldu ahal izateko.
Turismo eta merkataritza arduradunen ikuspuntutik, dendak (ordubiak arte, espazioan) zabaltzea geure hiria kanpora begira saltzeko modua da. Salduren zentzua norberak aukera dezala. Baina modu bitxiak daude gurean; esaterako, turismo azokan inglesitoen kaxan “inglesek hiria askatu zutela” esatea. Ulertzen dut euren burua “ez-abertzaletzat” duten espainiarzaleek atsegin izatea frantziarrak hiritik joatea. Are gehiago urte batzuk lehenago Konbentzio Gerran gertatua eta gero. Hiriaren suntsitzeari “askatzea”, baina, ez dakit sanoegia den.
1813an ingelesek harresian egindako “bretxa” hark zeresan handia izan du hiriaren merkataritzan. Corte Ingles berria egungo ereduaren isla da. Ezin uka gure ardura ere badela kontsumoa, geure erabakiekin sustatzen baitugu bata ala bestea. Baina ardura guztiak norbanakoenak ez izateko sortzen dira erakunde publikoak; arauek denon hobebeharra bermatzeko. Eta hor, azken erabakiek kezka sortu dute. Espero dezagun corte ingles hau ez izatea hirian egindako beste zauria.