Familia bereko lau belaunaldik lan egin dute Uliako ur biltegietan; 70 urterekin erretiratu berri da Antton Larretxao, hiriko saneamendu zerbitzuan aritu ostean.
Antton Larretxao, Uliako bere etxearen atarian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Lan egitea gustuko du Antton Larretxaok; 16 urte zituela, aitari laguntzen hasi zen Uliako ur biltegietan, eta hiriko Ur eta Saneamendu Sareen Atalean lan egitera igaro zen ondoren, 70 urterekin iaz erretiratu zen arte: «Beste bati irakatsi nion egiten nuen lana, eta bera dabil orain. Esaten didate faltan botatzen nautela». Biltegiko lurretan bertan dagoen etxean jaio zen Antton, bere aurreko bi belaunaldien moduan, eta bertan bizitzen jarraitzen du.
Jose izena zuen Anttonen aitak, eta hura ere oso gazte hasi zen lanean. Izan ere, Joseren aita gazte hil zen, Inazio, 50 urte betetzera iritsi aurretik: «Aitaren aitona, Asentsio, izan zen ur biltegiaz arduratu zen familiako lehena. Aurretik beste batzuk ari ziren lanean, baina gutxi iraun zuten, udala ez zegoen gustura haiekin, eta bota egin zituzten». Bi anaia zituen Anttonek; bat gazterik hil zen, eta besteak bere kontu egin du lan beti, elektrizista gisa. Horrela bada, Anttonek jarraitu zuen etxeko lanbidearekin. Izugarria da hiriko ur biltegi zaharrei buruz eta egungo ur sistemaz dakien guztia, eta pasioz kontatzen du.
Bi ur biltegi zahar daude Ulian, Soroborda eta Buskando. Eraiki zuten lehenengoa Soroborda izan zen, 1871-1872 urteen artean, eta izena inguruko borda bati zor omen dio. Nemesio Barrio udal arkitektoak diseinatu zuen; 1.076 metro koadroko azalera du, 6,5 metroko altuera eta 4.200 metro kubikoko ahalmena: «Tunel bat doa Bidebietaraino, beste bat itsaso aldera eta badaude beste batzuk, Platako itsasargiraino, adibidez». Kanpoan, biltegiaren goialdean, landare-lurrezko geruza bat dago, isolamendua bermatzeko. Belardi horretan biltegiaren haizebideek zutik diraute oraindik, lautik hiruk. Eskalatzeko materiala behar da Sorobordara sartzeko, guztiz lurperatua baitago: «Urtean behin garbitzen zuten. Tripode bat jarri eta soka batekin jaisten ziren. Udalak ez omen zituen langile asko, eta inguruko baserritarren laguntzarekin egiten zuten garbiketa». Soroborda itxi eta irekitzeko erabiltzen zituzten giltzak etxearen beheko solairuan daude oraindik ere.
Buskando ur biltegiak inguruan zegoen baserri batengatik du izen hori. Eraiki zuten 1894 eta 1900 urteen artean. Jose Goikoa udal arkitektoa eta Marcelo Sarasola ingeniaria izan ziren egileak. Duela gutxi, gainera, arkitektoaren bilobak joan ziren bisitan, bi emakume: «Ez zuten lekua ezagutzen, eta beheraino jaitsi ziren nirekin, 80 urtetik gora izango zituzten!». 2.407 metro koadroko azalera du, 5 metroko altuera, eta 8.900 metro kubikoko ahalmena: «Buskando ezagutu nuen funtzionamenduan, azkenekoz erabili genuen 1983an».
Buskandon filmaketa bat egin zuten Zipi eta Zape eta kanikaren kluba pelikularako; Belako musika taldeak, berriz, Crime kantaren bideoklipa egin zuen. Azken lauzpabost urteetan, gainera, bisita gidatuak egiten dituzte Buskandora, hilabete bakoitzeko azken igandean, auzo elkartearen bidez. Igande honetan bertan egingo dituzte bisitak, goizean, hiru txandatan, eta Larretxaok berak ere parte hartuko du. Aurretik izena ematea komeni da, Ulia.blogariak.net webgunearen bidez.
Añarbeko presa egin aurretik, gauetan ur mozketa luzeak egiten zituztela oroitu du Larretxaok: «Ez zegoen urik hasieran. Añarbe bukatu zuten 1960 urtearen bueltan, nire aita lanean ari zela, Monseraino egin zuten kanal bat, eta Franco etorri zen inauguratzera. Udaran behar zen ur guztia ekartzen zuen kanalak, baina udan lehorra egoten zen. 1975ean, aita erretiratu eta ni nenbilen lanean, eta ur mozketak egiten ibili ginen. 1989-1990ean ere egin behar izan genituen mozketak, lehortearengatik. San Tomas egunetik apirilera arte, 22:00etatik 6:00etara, gauero mozten genuen. Apirilean euria egiten hasi zuen, geratu gabe!».
Aldaketa handiak ezagutu ditu Anttonek, noski, hainbeste urteko lanean: «Lehen Artikutzako eta Añarbeko urtegiak udalaren eskumenak ziren. Gero, Añarben kudeatzaile bat jarri zuten, presen ardura izateko, eta udala geratu zen bere deposito txikiekin, eta sarearekin». Giltzekin eskuz egindako lana ezagutu bazuen ere, 1980ko hamarkadara arte, automatizatutako tresnekin egin zuen lanik handiena: «Monsen bazen deposito bat, 20.000 metro kubikokoa, baina herriari ura emateko, ia bi bider bete eta hustu behar zen egunero. Orduan, Añarbeko kanalarekin behar zena baino ur gehiago ekartzen genuen. Soberan geratzen bazen, Realaren futbol zelaian botatzen genuen».
Suediako Edison telefonoa zutenekoa ere gogoan du: «Mons eta Artikutza artean, ur gehiago edo gutxiago behar bazuten, handik deitzen zuten». Donostiak duela 20 urte baino ur kontsumo txikiagoa duela ziur dio: «Nik entzun egiten nuen, sarean ur asko galdu egiten zela. Teknikari berri bat etorri zen, eta sarea sektoreka banatu genuen».
Metereologia gunea
Etxearen inguruko lurretan, baratze komunitarioak daude orain, baina, garai batean, Ulian bertan hezten zituzten hiriko parkeetarako landareak eta loreak zeuden. Proiektu asko egon dira Uliako mintegien eta ur biltegien bueltan etxebizitzak egiteko, baina, momentuz, bizilagunek lortu dute proiektu guztiak geratzea.
Metereologia gunea ere badute Ulian, 1959tik: «Hau ez galtzea nahi dute, hemengo lanak egunero eskuz egiten direlako, baita Bergaran ere. Trumoi handiak egoten badira, automatikoak saltatu eta datuak galtzen dituzte, baina hemengoak ez». Horrela bada, eskuzko lan hori egiten jarraitzen du Antton Larretxaok, egunero-egunero.