Irati Urkiola: ‘Ahalduntzetik ahulduntzera’

irati-urkiolaBilduko nituzke kutxa batean martxoak utziriko lerroburu, argazki eta testigantzak. Fosilizatu, ahalko balira, irri, malko eta oihuak. Harrotasunez gogoratu, beti, 2018ko martxo hartan kalera atera ginen emakume*, pentsiodun eta irakasleek azaldutako indarra. Izan ere, pena litzateke bizitzen ari garen martxo hau ahanzturan gelditu, eta gure indarra, harekin, desagertuko balitz.

Egongo da zutabe honen hasierako hitzok gehiegizkotzat hartu dituenik; egongo den bezala hitz jarrai horiek ulertu ez, edo ulertu nahi ez dituenik ere. Baina ahalduntze kolektibo hauen parte sentitzen garenok badakigu zer den indarrak batu, eta geure eguneroko borroka txiki eta indibidualekin kalera ateratzea. Badakigu zer den askotan geure bakarrik sentitu ditugun beldur edo aldarriak besteekin konpartituz kaleak hartzea. Badakigu zer den, badakigun bezala, zein beharrezkoak diren.

Irakasle, emakume*, eta pentsiodunen hilabetea da urteko hirugarren hau. Hiruon borrokek hartu dituzte kaleak, ahaztu gabe, hiruron borrokak direla, kasu askotan, borroka bakarra. Izan ere, nork ez du inguruan martxoaren 8ko mobilizazioetara gerturatu den amona pentsiodun, zein ama/lagun/bikote irakaslerik?

Kale hartze, pankarta atze eta aldarrikatze horiek, harrotasunez beteriko indar kolpe bat izan zaizkigu askori. Baina, ziur, suposatu duela agenda nahastea familia askorentzat; suposatu azkura korbatadun ugarirentzat. Errukirik ez, ordea. Geure eskubideak, lan baldintzak, geure aurrekoen pentsioak eta ondorengoen hezkuntza zapalduak izaten jarraitzen duten bitartean, ezinegona sorrarazten jarraituko dugu.

Halako greba egunetan, geure haserre eta amorruak kalera ateratzen ditugu etorkizun duinago baten bila, hori lortuko dugula ezin ziurtaturik. Baina bitartean, betikoak, ariko dira geure soldatetan zuloa eginez, euren poltsikoak puzten. Bitartean, betikoak, ariko dira geure lan uzteak haientzat lan gehiago suposatzen duenaren kexuan. Bitartean, betikoak, -oraindik ere- ariko dira irakasle eta pentsiodunen bizi kalitatea goraipatzen. Bada, gaurko ziztada haiei nahiko nieke opa; nolabait kalera atera garenon ahalduntzea bihur dadin haien ahulduntze.

Greba egunotan lanera joaten jarraitzen dutenek kontrakoa uste badute ere, argi utzi beharra dago greba eginez ez dugula geure profesionaltasuna zalantzan jarriko duen arrazoirik eman nahi; ez dugula greba egiten geure lana, egun pare batez, bertan behera uzteko; ez dugula greba egiten ikasle eta gurasoen errutinetan kaosik sorrarazteko; ez dugula greba egiten beste batzuei lan gehiago emateko. Argi dago, kaleko haserreek eragin dituztela lanean ere kexak. Baina, grebagatik kexatzen diren horiek, kexatuko al dira emakume*, etorkizuneko pentsiodun, irakasle eta ikasleen etorkizuneko baldintzak hobetzen direnean? Gogoratuko al dituzte, orduan, 2018ko martxo hartan egindako marmarrak?

Bilduko nituzke kutxa batean 2018ko martxo honek utziriko lerroburu, argazki, testigantza, emozio, irri, malko, oihu eta haserreak, batzuk ahaldunduz beste batzuk ahulduntzeko.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend