Hernaniko musikaria aurreneko aldiz ariko da Egiako kultur gunean. (Argazkia: Morau)
Andoni Tolosa Morau abeslariak emanaldia eskainiko du igande honetan, Egiako Txondorra gunean. Hernaniko musikariak
Egunsentiak Alperrentzat lan berria aurkeztuko du, eta ondoren solasaldia egingo dute. Kontzertua zuzenean emango dute Ttan Ttakun irrati librearen bigarren kanaletik –107.7 FM–. 18:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio ditu.
Orain arteko disko pertsonalena da abesti bilduma berria. Duela 12 urtetik gora amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Tolosak. Era berean, amaren gaixotasun eta zaintzarekin loturiko bizipenak idatziz jasotzen hasi zen. Duela gutxi zendu zen ama, eta haren omenez atera du diskoa.
Lehen aldiz ariko da Txondorra gunean eta ilusioa egiten dio Tolosari. «Egia auzoa maitagarria da, eta horrelako leku batean lan berria aurkeztea aproposa da». Diskoa osorik eskainiko du, eta hori izango da kontzertuaren oinarria. Halere, kantu zaharren bat eskaintzeko aukera ez du baztertzen. «Emanaldia nahiko narratiboa izango da. Nobela bat kontatzea bezalakoa. Abestiak kapituluak dira».
Kontzertu osteko solasaldia berezia izango dela uste du Tolosak. «Zaintza eta gaixotasunen gaia hurbiletik bizitzen dugun zerbait da, eta Txondorrara hurbiltzen direnekin esperientziak konpartitzeko gogoa dut».