(Argazkia: Iñaki Agirre)
OSAGAIAK
– Bakailaoa
– Tomatea
– Piper gorria
– Piper berdea
– Piper horia
– Tipula
PRESTAKETA
Aitor Garcia eta Txema Etxenike, Platero tabernako zerbitzaria eta sukaldaria
“Adin guztietako auzotarren elkargunea da Platero taberna”
Datorren abuztuan bost urte beteko dira Matiako Platero tabernak jabe berriekin garai oparoa hasi zuenetik. Izan ere, auzoko taberna ezagun hau Antiguan bildu ohi den poteo giroaren gorakadaren arduradun nagusietakoa bilakatu da azken urteotan. Auzoan ongi ezagunak dira bertan zerbitzatzen diren txibi errazioak, eta estreinatu berri duten kartak itxura ederreko beste zenbait plater ere eskaintzen ditu: bakailaoa piperrekin eta arkume txuletatxoak, besteak beste.
Zuek iritsi baino lehenagotik existitzen zen taberna, ezta?
Bai, auzoko leku historikoa da. Oso ezaguna, urte asko daramatzalako hemen. Bertan sartzeko aukera izan genuen eta saltoa ematea erabaki genuen.
Eta zer eskaintzen du gaur egungo Platerok?
Auzoarentzako taberna da, auzoko gune bat. Bertan dagoen edozein beharretarako laguntzeko prest gaude hemen.
Zein motatako sukaldaritza egiten duzue?
Astean zehar eguneko menua eskaintzen dugu, 12 euroan, eta 15 euroan asteburuan. Gauez, berriz, bokatak, plater konbinatuak eta entsaladak ematen ditugu.
Ahal den neurrian, eskaintzen duguna guk egindakoa izatea saiatzen gara. Brabek eta kroketek, adibidez, arrakasta handia dute, eta bertan egindakoak dira.
Matiako poteoan pintxoek garrantzia handia izango dute.
Bai, noski. Barra pintxoz beteta izan ohi dugu. Gehien ateratzen diren pintxoak tortilla beteak dira. Egun bakarrean bakoitzetik hiru edo lau tortilla prestatzera iritsi gara. Izugarria da!
Horretaz gain, jendeak zer eskatzen du gehien?
Txibi errazioa asko eskatu ohi da. Platero zaharreko txibiak ezagunak ziren eta guk hori mantendu nahi izan dugu. Duela gutxi bezero batek Antiguako txibi onenak Platerokoak direla esan zigun! Hori gustuen araberakoa da, noski, baina egia da jendeak gogotsu jaten dituela.
Ogitartekoei dagokionez, berriz,
Platero da gehien saltzen dena, baina
Infernu bokata eskatzen duen jende asko datorkigu ere. Nahiko pikantea da eta, dirudienez, auzoan badira sufritzea atsegin dutenak!
Karta berria estreinatu duzue duela gutxi.
Bai, duela hiru aste. Eskaintza begetal eta beganoa handitzen saiatu gara, eta azkenaldian arrakasta handia izan duten bakailaoa eta arkume txuletatxoak gehitu ditugu ere.
Zerk egiten du berezia Platero taberna?
Eskaintza gastronomikoaz gain, auzotarren elkargunea dela nabarmenduko genuke, auzo mailako erreferentzia baita, adin eta mota guztietako jendearentzat. Auzoari guztiz irekiak gaude.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenukete?
Igeldoko Txapela jatetxea eta Matia kalean laster berrirekiko duten Antzara jatetxe historikoa.