Bera Beraren lehen errugbi taldeko jokalarietako bi izan ziren Fernando Diez eta Iñaki Jauregi; zuzendaritzan sartu ziren berehala, eta 30 urte bete dituzte klubean.
Iñaki Jauregi eta Fernando Diez, Manteo kiroldegian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bera Bera klubean 30 urte bete dituzte Fernando Diezek eta Iñaki Jauregik. Presidentea eta presidente ordea dira, hurrenez hurren, eta biak ere oso maitatuak dira klubean. Errugbi jokalari gisa hasi ziren, Bera Beraren sorreran, eta geroztik klubari lotuta jarraitu dute beti. Horrela bada, ongi merezitako omenaldia egin zieten bi lagunei, duela gutxi, eta oroigarri bana oparitu zieten, 30 urte bultzaka testuarekin. Diezek hunkituta oroitu du: «Bi sorpresa izan nituen. Beti ateratzen dugu argazki handi bat denboraldi hasieran, eta nik ezer ere jakin gabe pankarta bat jarri zidaten: Eskerrik asko, Pirulo. Gero, duela bi hilabete inguru, asanblada egin genuen, eta sagardotegi batera joan ginen. Postrean, pastel bat atera zuten Bera Beraren koloreekin». Jauregi ere oso pozik dago: «Eman ziguten ikurra garrantzitsua da biontzat, oso polita. Nik beti daramat soinean klubeko pina, eta nire enpresa guztiek Bultz dute izena».
Klubaren lehenengo pausoak azaldu ditu Diezek: «Kote Olaizolak deitu zidan 25 urte nituenean, ea errugbian jokatu nahi nuen galdetuz, eta oso ideia ona iruditu zitzaidan». Saskibaloiko entrenatzaileak ziren Olaizola eta Diez, eta horretaz ezagutzen zuten elkar. Lagun talde bat elkartu zen Gaztelubide elkartean, marmitako baten bueltan hitz egiteko, eta hor abiatu zen taldea, Ketxus Valoriaren aginduetara. Jauregik ere ongi gogoan du hasiera: «Ni lehenengo egunetan ez nintzen egon. Fernando eta Kote lagunak nituen, eta beraien bidez hasi nintzen jokatzen, eta gaur arte! Ez da inor etorri gu ordezkatzera, eta hemen jarraitzen dugu. Gure garaian, jokatzeko balio ez zuenak hartzen zuen delegatu edo zuzendaritzako posturen bat, baina orain ez da hori gertatzen».
Donostiako Atletiko klubaren barnean sortu zuten Bera Bera izeneko errugbi talde hura, baina bi urtera banandu egin ziren, eta euren ibilbidea hasi zuten 1985ean, gaur egungo klub handia osatzera iritsi arte. «Hasierako urteak politak izan ziren, baina gogorrak. Ni orduan jokalaria nintzen, baina lesionatu egin nintzen, eta denbora luzean jokatu gabe geratu nintzen. Taldea oso gertutik jarraitzen nuen eta galdetu nien ea hauteskundeak noiz egingo genituen, txantxetan. Hitz egiteagatik presidente izendatu ninduten, 1987an». Urte askoan elkarrekin ibili ziren zuzendaritzan Diez, Jauregi, eta Olaizola. Olaizola, ordea, 2012ko maiatzean hil zen, bihotzeko baten ondorioz, 60 urte zituela.
Edonola, harro egoteko moduan daude Bera Beraren ibilbidearekin: «Lagun kuadrilla batetik abiatu ginen, eta nork esango zigun Donostiako puntako klubetako bat izango ginela! ia 1.000 kirolarirekin. Hori da ni gehien betetzen nauena», dio Fernandezek. «Niretzako Bera Bera seme baten modukoa da, baina hasierako klubak eta oraingoak antza gutxi dute. Oso ezkorra naiz, eta uste dut ez ditudala sekula ezertaz konbentzitu; orain ez dugu eztabaidatu ere egiten», dio Jauregik.
Errugbiaren ostean, emakumeen saskibaloia izan zen sortu zuten hurrengo atala, Ibai Ikastolaren bidez, eta ordutik atal gehiago sortu dituzte pixkanaka: eskubaloia, karatea, zikloturismoa, surfa, boleibola, patinajea, eta saskibaloi egokitua. Anoetako egoitza soziala lortzea, eta 1997an, Groseko Manteo kiroldegiaren kudeaketa lortzea dituzte oso lorpen garrantzitsutzat. Orain, kudeaketan eta talde teknikoetan jende profesionala dute, batzuk hortaz bizi direnak, eta beste batzuk, lan osagarri gisa dutenak. Horretaz gain, badute borondatez lan egiten duen jendea, noski. Soldata jasotzen duten jokalari profesional bakarrak, esaterako, eskubaloiko lehen mailako jokalariak dira. Hain zuzen, 1998an sartu zuten eskubaloia Bera Beran, Corte Blanco Bidebieta zena barneratu zutenean. «Lanaren eredugarri baldin badago inor, hori eskubaloi taldea da», dio Diezek.
Gaur egun, lasaiago
Urteak aurrera egin ahala, egunerokoan ez dute parte hartzen Diezek eta Jauregik, profesionalen esku utzi baitute kudeaketa. Hala ere, bilera eta asanbladetan parte hartzen dute, eta Fernandezen kasuan, komunikabideei eta erakundeei begira egon behar izaten du maiz. «Ia astero egoten da klubarekin lotutako zerbait egiteko. Halere, gaur egun badago jendea ia ezagutzen ez gaituena ere, ezinezkoa delako denengana iristea». Iaz bere ametsetako bat bete zuela dio Fernandezek, klubaren eguna: «Probetako bat izan zen presidentea bilatzea, eta oso dibertigarria izan zen».
Fernandezek gogoan ditu momentu garrantzitsuetako batzuk: «Ibarretxe lehendakaria zela irabazi zuen eskubaloi taldeak lehenengo Kopa. Diskurtsoarekin hasi behar nintzenean, prestatua izanda ere, zuri geratu nintzen. Hiritar Merezimenduaren Domina ere jaso genuen, eta urte hartan, gainera, danborrada konpainia atera genuen lehen aldiz, oso oroitzapen ona dut».
Argi du Diezek Bera Bera zer den: «Klub ireki bat da, oso inplikatua parekidetasunaren gai guztietan. Klub serioa eta profesionala da, gauzak ongi egitea gustatzen zaiona. Etorkizunari begira, arazorik handiena da hiriko instalazio falta. Hazten jarraitzeko apustua egiten dugu, aukera gutxien dituzten kirolei lekua egiteko». Jauregik ere antzekoa dio: «Ez dakit gehiago handitzeko sasoirik izango dugun, baina beti egongo da norbait prest zerbait berria egiteko».
Biek ere euren emazteen laguntza eta babesa azpimarratu dute: «Haiek gabe ez ginateke hemen egongo».