Gaztetatik mendizale amorratua izan da Jesus Aiestaran, eta beti izan du bere bizipenak idazteko ohitura; liburu batean jaso ditu pasarte eta sentimenduak: ‘La cuerda y la maza’.
Jesus Aiestaran; mendizalea.
Jesus Aiestaran. (Argazkia: Estitxu Zabala)
82 urte betetzeko bidean doa Jesus Aiestaran, eta oraindik mendia du bere ihesbide naturalena: «Konstantzia da dudan meritu bakarra. Hamabost urterekin hasi nintzen mendian, eta oraindik jarraitzen dut. Ongi dakit bukaera segituan iritsiko zaidala».
Zergatik erabaki duzu orain liburu bat argitaratzea?
Erretiratuek horrelako gauzak egiten ditugu, denbora librea dugunez, ez aspertzeko. Iaz, Palman nengoela pentsatu nuen liburuarena, denbora pasa gisa. Artikulu asko nituen argitaratuak, eta martxoan itzuli nintzenean, lanean jarri nintzen. Bukatu nuenean, Club Vasco de Campingeko presidenteari eman nion irakur zezan, Txema Garairi. Gustatu zitzaion eta argitaratu nahi zuela esan zidan. Niretzat poz handia izan zen eta aurrera egin genuen.
Denbora asko behar izan duzu?
Hiruzpalau hilabetetan bukatu nuen. Idaztea ez zitzaidan asko kostatu, baina, orraztea bai. 1960tik aurrerako argazkiak ditut, etxeko artxiboak begiratzen ibili nintzen, eta ongi pasa nuen aukeratzen.
Zer kontatzen duzu liburuan?
Idazten ez duzun guztia ahaztu egiten da denborarekin. Horregatik, beti eraman izan dut eguneroko bat nire irteera guztietara, eta gauza pila bat nituen idatziak. Gu hasi ginenenean, oso gauza berezia zen eskalatzea. Nola hasi nintzen kontatzen dut liburuan, zein izan zen nire lehen irteera. Ama Gaintzako baserri batean jaioa zen, errepiderik gabekoa. Egunero Txindoki ikusten bazuten ere, sekula ez ziren igo. Egun batean, Donostian elkartu ginen, amaren bi ahizpekin batera, eta Txindokira joatea erabaki genuen. Hamabost urte nituen, eta beraiekin joan nintzen; abarka batzuk jantzita, amak egindako artilezko galtzerdi batzuk, marradun galtzak, eta soldadu makuto bat. Gozatu egin nuen, eta ordutik mendian jarraitu dut.
Hortik hasita zure ibilbidearen berri ematen duzu?
Bai, hori da. Boy Scoutekin hasi nintzen, eta espeleologia eta kartografia ikastaroak egin genituen Aranzadirekin, eta iparrorratza erabiltzen ikasi genuen. Horrek guztiak emozionatu egiten gintuen. Eskalatzen ere hasi ginen, eta horrek guztiz kateatu gintuen. Gure kontura hasi ginen, autodidaktak izan ginen, garai hartan ez baitzegoen inor ere. Santa Barbaran eta Atxarten hasi ginen, eta irteera horietako batean ezagutu nituen Julio Villar eta Rodolfo Kirch, mendizale handiak. Haiekin, hemezortzi urte nituenean, joan nintzen Europako Mendietara, eta gero, Pirinioetara. Ez zitzaizkigun tontor garaienak interesatzen, zailenak baizik. Pentsa, Aneto da Pirinioetako tontorrik garaiena, eta 1975ean egin nuen, jada 20 urte igaro ziren eskalatzen hasi nintzenetik.
Emaztea ere mendian ezagutu zenuen, ezta?
Bai, Club Vasco de Campingeko bazkidea naiz 1960tik, nire bihotzeko kluba da. Gu hasi ginenean, 150 lagun inguru ginen, eta inork ez zuen kluba ezagutzen, orain erreferente bat da eta 5.000 bazkide ditu. Egun batean, klubera etorri zen neska alemaniar bat, gazteleraz kostata hitz egiten zuena eta galdetu zigun ea norekin eskalatu zezakeen. Txindokira etorri zen gurekin. Donostian lanagatik zegoen, eskola alemanean. Garai hartan, Alemaniak asko babesten zuen eskola zen. Aurrerago, berarekin joan nintzen Alemaniara, eta han egin genituen zortzi urte. Bi alaba izan genituen eta berak nahi zuelako itzuli ginen, ni Alemanian oso gustura nengoen. Uliara etorri ginen, eta hor bizi izan ginen.
Liburuan aipatzen duzun irteeraren bat gordea duzu bereziki?
Eskalatutako leku guztiek dute euren xarma, arriskutsuak direlako. Bereziki lehenengoak oroitzen ditut, eta 2010 urtearen inguruan egin nituenak, Itxaso anaiekin. Alemanian jarraitu nuen mendian ibiltzen . Bi koinatuak eskalatzaile handiak nituen eta. Alpeetatik oso gertu ginenez, neguan hara joaten ginen eskiatzera. Udan hilabete pasatzera etortzen ginen Donostiara, eta Pirinioetara joaten nintzen orduan. Etorri nintzen uda batean, Julio Villarrekin topatu nintzen, eta Europako Mendietara joan ginen, Alfonso Alonsorekin batera. Alfonso Santanderrekoa zen, baina Donostian bizi zen. Liburuan orri batzuk eskaintzen dizkiot, baita poema bat ere.
Bete gabeko erronkarik geratu zaizu?
Munduan dezente ibili naiz! Aconcaguan hiru aldiz egon naiz, Mckinleyen, Ojos del Saladon bitan izan naiz, Ameriketako bigarren mendirik garaiena, Mexikoko sumendi garaienetan egon naiz, Bolivian, Perun… eta ia beti bakarrik. Eskalatzeak dena sendatzen du eta gaztetasuna luzatzen du. Arroka bati heldua zaudenean, ea eroriko zaren edo ez pentsatzen, guztiaz ahazten zara, baita arazo larrienetaz ere.
Oraindik ere jarraitzen duzu mendian ibiltzen, ezta?
Bai, jarraitzen dut. Baina lehen bi orduan egiten nituen ibilbideak orain hiru orduan egiten ditut. Jarraitu dezaket tontorrak igotzen, baina orain denbora gehiago behar dut. Pozik nago bizitakoagatik, baina behealdi guztiak tristeak dira, eta nostalgikoak.
Zertarako balio izan dizu liburua idazteak?
Aurretik idatziak nituen ideiekin eta gauzekin aurrez aurre jarri naiz. Argitaratu ondoren irakurri dut, eta zuzenketa asko egingo nizkioke. Lagunentzako liburu bat da. 500 ale atera genituen, eta bukatzen ari dira. Azkenean, idazten duzu irakurri zaitzaten. Berdin zait esaten badidate nahaste bat dela, irakurri dutela esan nahi duelako. Inguruko lagunek oso eskutitz politak idatzi dizkidate eta ordenagailuan gordeak ditut.