Bost urte pasa dira Aske Gunetik
2013ko apirilean abiarazi zuten Aske Gunea, Bulebarrean. Hamar egunez ehunka lagun bildu ziren Bulebarrean kartzela zigorra zeukaten Donostiako bederatzi auzipetuei babesa adierazteko: Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Ekaitz Ibero. Hamabost ziren Segiko kide izateagatik auziperatuak, baina gainerakoak absolbitu egin zituzten; baita Ekaitz Ibero ere, nahiz eta ustezko kale borroka delituengatik kartzelaratzeko agindua zuen.
Espainiako Auzitegi Gorenak epaia kaleratu ondoren jarri zuten elkartasun gunea, eta apirilaren 19ra arte iraun zuen, zigortutako gazteak preso eraman zituzten arte.
Hamar egunez ehunka lagun batu ziren auzipetuei babesa adierazteko asmoz; tentsioa, urduritasuna, nekea eta ilusioa azpimarratzen zituzten Adur Fernandezek, Aitor Olaizolak eta Oier Lorentek IRUTXULOKO HITZAk egindako erreportaje batean. Uste dute Aske Gunea nolabaiteko berpizte bat izan zela: “Fustrazio orokortu bat zegoen; hiru urte pasatu ziren ETAk armak utzi zituenetik, oraindik espetxeak beteta zeuden, eta, gainera, atxiloketekin jarraitzen zuten. Ikusi genuen atxiloketak eten ezin bagenituen ere, agintariak estutzeko aukera genuela”.
Erlazionatutako edukiaAske izateko ‘herri harresiak’