Uliako parkea.
Parkeak eskaintzen dituen aukerez gozatzen jarraitu nahi dute Uliako bizilagunek. IRUTXULOKO HITZAk parkeko hainbat erabiltzaileren bizipenak jaso ditu.
Parkean, momentuz, etxebizitzarik egingo ez dutela ospatzeko brindisa egin zuten joan den igandean Uliako mintegien parkean. Bertan, hainbat Uliako bizilagun, donostiar eta bisitari elkartu ziren eguraldiaz eta parkeaz gozatzeko asmoz.
Musika, janaria eta giro ona ez zen falta izan bertaratuen artean. Ulia menditik gertu, baina Ategorrietako errepidearen ondoan dago parkea, eta horrek hirian mendiaz gozatzeko aukera eskaintzen duela azpimarratu dute parkeko erabiltzaileek: “Badago jendea lasai egotera etortzen dena, besterik gabe; beste batzuk proiekturen batean parte hartzera animatzen dira”.
Jende ugarik erabiltzen du parkea eta parkeak eskaintzen dituen aukerak: “Eskola ugari etortzen dira, haurrek jolasteko lekuak ditugu, ikuskizunak egin izan ditugu, baratza komunitarioak ditugu, eta hiriko beste eragileekin batera jarduera ugari antolatzen ari gara”, azaldu dute Uliako Lore Baratzak elkarteko kideek.
Gainera, Uliako auzo elkarteak behin baino gehiagotan aldarrikatu du Uliako mintegien parkeak duen balio kultural, paisajistiko eta historikoa. Hori dela eta, bisita gidatuak antolatu dituzte azken urteetan ur biltegietara.
Ezagutzeak merezi du
Parkeak auzoan duen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz bizilagunek: “Uliako bizilagunentzat topaleku bihurtu da parkea, elkarrekin egoteko eta aske ibiltzeko gune bat da Uliako mintegien parkea”. Horregatik, ez dute espazio hori galdu nahi: “Lan asko egin dugu parkea gaur dena izatera heltzeko, eta jarduerak antolatzen eta parkea toki atsegin bat izateko lanean jarraitu nahi dugu”.
Dei egin diete parkea ezagutzen ez duten herritarrei gerturatu eta parkeaz gozatzera. Izan ere, ezegonkorra da une honetan parkearen etorkizuna. Udalak Aranzadi elkarteari eskaini dio parkea
Brindisa, Uliako mintegien parkean. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Laura (Herrera): “Kolore asko ematen diete halako lekuek hiriari”
Parke guztia iruditzen zait polita, ur biltegiak, bereziki. Balio handia dute. Zalantzarik gabe oso garrantzitsua da hirian halako berdeguneak eta horrelako parkeak edukitzea, bai haurrentzat eta baita guretzat ere. Kolore asko ematen diete halako lekuek hiriari, bestela dena grisa da. Gainera, bizilagunak egoteko ere leku ederra eskaintzen du parkeak eta hori aprobetxatu egin behar da. Ez ditugu halako leku asko.
Elena (Bidebieta): “Parke hau oasi moduko bat da hiriaren erdigunean”
Ikaragarri gustatzen zait parkea, batez ere, haurrekin etortzeko. Hemen aire desberdin bat arnastu daiteke. Oasi moduko bat da hiriaren erdian. Gainera oso parte hartzailea da eta aukera asko eskaintzen ditu, baratzeak, esaterako, baina lasai etzanda ere egon zaitezke. Parkea hau birika moduko bat da, hiri batean mendia eskuragarri edukitzeko aukera eskaintzen du. Leku desberdin bat da, eta eskertzen da.
Nacho (Antigua): “Zementu artetik ihes egiteko modu bat da”
Ez dut parkea asko ezagutzen baina oso polita dela ematen du. Pozgarria da entzutea azkenean hemen ez dutela etxebizitzarik eraikiko, izan ere, horrelako gune berde bat edukitzea hiriaren erdian ikaragarri garrantzitsua dela iruditzen zait; zementu artetik ihes egiteko modu bat da. Bestalde, haurrentzat ere beharrezkoak dira horrelako lekuak, espazio naturalak eta topagune modukoak direlako.
Stefano (Gros): “Beharrezkoa da ondorengoei horrelako lekuak uztea”
Oso ongi iruditzen zait parke honetan etxebizitzarik ez egitea. Uste dut diru pixka bat bildu eta izaera galdu gabe parkea berritzea ikaragarria litzatekeela. Oso leku polita da hainbeste berdegunerekin, baratzekin eta bestelakoekin. Ederra da jendeak hiriaren erdian parke bat nola zaintzen duen ikustea. Gainera, leku hau oso erabilgarria da adin guztietako jendearentzat. Beharrezkoa da ondorengoei horrelako lekuak ustea.
Elena (Parte Zaharra): “Garrantzitsua da horrelako espazio askeak edukitzea”
Egia esan ez naiz askotan etortzen parkera, baina izugarri gustatzen zait. Naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du, eta brindisaren egunean moduan musikarekin bada hobeto. Parkeak naturaz gozatzeko aukera itzela eskaintzen du, eta, gainera, hiritik gertu. Uste dut garrantzitsua dela horrelako espazio askeak edukitzea, bestela etxebizitzaz inguratuta gaude beti, arnasa hartzeko lekurik gabe.