(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Esprintean ondo moldatzen da Igeldoko gaztea. Denboraldia hasi eta berehala lortu zuen afizionatu mailako bere lehen garaipena. Zumaian izan zen azkarrena. Orain, bigarrenaren bila dabil.
Onditz Urruzmendi, txirrindularia
Donosti Berri Txirrindularitza Eskolaren harrobikoa da Onditz Urruzmendi (Igeldo, 1996). Txikitatik jarraitu izan du txirrindularitza, eta haur kategorian hasi zen pedalei eragiten. Mailaz maila afizionatuetara iritsi zen, pista eta errepidea tartekatuz. Gaur egun, Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldean dabil, eta denboraldi honetan erakutsi du txirrindulari azkarra eta indartsua dela. Zumaiako sari nagusia irabazi zuen otsaila bukaeran; Euskaldun txapelketako aurreneko proba. Ordutik bigarrenaren bila dabil Igeldoko esprinterra.
Denboraldia hasi orduko irabaztea espero zenuen?
Egia esan, ezustekoa ez zen izan. Pentsatzen nuen aukera ona zela lasterketa laua zelako. Aukerekin ikusten nuen nire burua. Afizionatu mailako lasterketetan ez dut aukera askorik izaten, eta irabazteko asmoarekin lehiatu nintzen. Zortea alde izan eta irabazi egin nuen.
Zumaiako esprintean azkarrena izan zinen. Nolakoa izan zen?
Pistan ibili ginen eta taldean jende azkarra genuen horrelako proba lehiatzeko. Esperientzia dut afizionatu mailan, eta banekien ondo iristeko aukerak nituela. Taldekideek asko lagundu ninduten, batez ere, lasterketa kontrolatzeko beste talde batzuekin batera. Azken itzulian ondo babestu ninduten Iñigo Etxarrik eta Urko Senperenak. Azken metroetan ondo kokatu ninduten, esprinta nahiko aurrean abiatu eta besoak altxatzeko aukera izan nuen.
Denboraldi honetan maila ona ematen ari zara errepidean.
Zumaia ko lasterketa irabazi ondoren, Duranan zazpigarren egin nuen. Normalean proba gogorra izaten da Gatzaga bi aldiz igotzen delako, baina luizi batzuk egon ziren eta laua izan zen. Niretzako aproposa izan zen aldaketa. Helmugara iristeko bihurgune batzuk zeuden, eta kokapena garrantzitsuagoa zen esprinta bera baino. Ondo abiatu nintzen, baina 500 metroren faltan pixka bat itxita geratu eta postu batzuk galdu nituen. Beste lasterketa askotan aurrean ibili naiz, baina lehen hamarren artean sartzea soilik bitan lortu dut.
Orain lasterketa zerrenda luzea duzu aurretik. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Bai, batez ere, hilabete honetan. Urrakiko proba dugu asteburuan, eta datorren astean Bidasoako Itzulia. Lau egunekoa da, eta astea biribiltzeko Natxituako proba izango dugu. Gerora, Nafarroako Itzulia izango dugu. Ekainean, berriz, puntu onarekin jarraitzen badut beste proba batzuetan lehiatzea gustatuko litzaidake. Aurrera begira, Kantabria edo Galiziako itzulian parte hartzea gustatuko litzaidake.
Zein asmorekin zaude proba horiei begira?
Bidasoakoa da hemengo garrantzitsuena taldearentzako. Txirrindulari oso onak etortzen dira eta maila benetan ona da. Pertsonalki ez da niretzako ibilbide onena, eta kostako zait ondo ibiltzea. Baina taldearekin maila ona ematen saiatuko gara. Nik Nafarroako Itzulia dut buruan. Atariko erlojuaren kontrako batekin hasten da, eta hurrengo eguneko etapa laua da. Horri begira nago. Lehiatu eta emaitza ona lortzea gustatuko litzaidake.
Hogeita hiru urte azpiko afizionatu mailako esperientzia nolakoa ari da izaten?
Jubeniletatik pasa nintzenean ez nekien txirrindularitzan jarraituko ote nuen, eta lehen urtean bakarrik pistan ibili nintzen. Bigarren urtean hasi nintzen errepidean Debabarrena taldearekin, eta denboraldi ona egin nuen. Iaz egin nuen hirugarrena, eta ez zen urte ona izan. Erdi gaixo ibili nintzen eta proba oso gutxitan parte hartu nuen. Aurtengoa da nire laugarren urtea, baina lehiatzen dudan hirugarrena da. Nahi baino gutxiago aprobetxatu dut afizionatu maila. Pixka bat motz geratu zait.
Zerk bideratu zintuen pistara?
Kadete mailan derrigorrezkoa zen pista egitea, eta nik ordura arte ez nekien zer zen. Denboraldi-aurreak pistan egiten genituen goiz iluntzen zuelako. Pistako entrenamenduetan konturatu nintzen ondo moldatzen nintzela. Jubeniletako lehen urtean, gainera, denboraldi ona egin nuen. Errepidean, aldiz, aldapa gora kostata ibiltzen nintzela ikusi nuen.
Emaitza onak ere lortu dituzu pistan, ezta?
Jubeniletako bigarren urtean Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen, eta Espainiako txapelketan taldekako abiadura proba.
Errepideari eman diozu garrantzia aurten. Nolako entrenamenduak egiten zabiltza?
Orain lehia asko daude, eta astean zehar hankak askatzera ateratzen naiz. Denboraldi-aurrean egin genuen benetako lana, baina orain lehiak ematen dizun erritmoa aprobetxatu eta ondo errekuperatu behar da. Azterketak ere gertu ditut, Nafarroako Itzuliarekin batera. Magisteritzako bigarren urtea egiten ari naiz Gasteizen. Beraz, une honetan goizetan ateratzen naiz bizikletarekin eta arratsaldetan ikastera.
Igeldokoa izanik aldapetan nola moldatzen zara?
Nire ezaugarri onena esprinta da; aurten ondo ikusten dut neure burua, sasoian eta indartsu. Ondo nagoenean aldapa gora ere ez naiz gaizki moldatzen. Askotan jendeak uste du indarra dudanez aldapa piko eta motzetan ondo ibiliko naizela, baina nahiago izaten ditut aldapa luzeagoak eta etzanagoak.
Txirrindularitza bera jarraitzen duzu?
Asko, eta txikitatik gainera. Gaur egun, txirrindularitza profesionala eta afizionatu mailakoa jarraitzen dut. Oroitzapen asko ditut, Frantziako Tourrekoak eta beste hainbat probetakoak.
Zeintzuk dira zure gustuko txirrindulariak?
Peter Sagan eta Mikel Landa aipatuko nituzke. Sagan ikustea zoragarria da, duen gaitasunarekin edozein eremutan ondo moldatzen delako. Landak aldapa gora duen erraztasuna ere gustuko dut, ea aurten Tourrean nola ibiltzen den.
Afizionatu mailatik profesionaletara pasatzeko aukerarik ikusten duzu?
Aurten gozatzen ari naiz, baina uste dut afizionatu mailan ez dudala beste urtebete jarraituko. Horretarako elite mailara eman beharko nuke pausoa. Profesionaletara iristea da nire txikitako ametsa, baina oso zaila da. Denboraldi bukaera aldean hasiko naiz aukeren bila. Europako beste proba batzuk probatu nahiko nituzke.
Donosti Berriren lanak zenbateko garrantzia du?
Bertan hasi nintzen, eta bertatik pasa ondoren konturatu naiz beraien lana zein garrantzitsua den. Horrelako talde batek egiten duen lana ezinbestekoa da. Txirrindularia formatzeko azpiko egiturak beharrezkoak dira, eta Donosti Berri horietako bat da. Jubenilekin lan egin eta zuzendari izateko proposatu izan didate, eta urte batzuetara egin nahiko nukeen zerbait da. Ondo egingo nukeela uste dut.