Amaia Portugal: 'Dbizicrossing'
Agur Zinemaldia, hello SSIFF. Garbi dago anglizismoak maite ditugula, eta ekarpen berri bat egin nahi nioke gure city honetako hiztegi kosmopaletoari: dbizicrossing.
Bookcrossinga zer den badakigu: ustez, jendeak behar ez dituen liburuak uzten ditu kalean, eta beste batzuek abandonatutakoak hartu, trukean. Ustez, diot, ondasun materialari hain atxikiak gauden gizarte honetan, iruditzen zaidalako gehiago garela hartzekoak, uztekoak baino.
Dbizicrossinga gauza bera litzateke, baina alderantziz: behar dudanean udal bizikleta elektriko horietako bat hartu, eta behar ez dudanean edozein tokitan gaizki aparkatu.
Ondasun materiala ez dugu hainbeste maite publikoa denean, eta fenomenoa dezente ari da zabaltzen. Behin goizeko zazpietan lanera nindoala ikusi nuen bat, zuhaitz baten kontra hala moduz utzita. Gehiagotan ikusi ditut gauez, edonon botata… eta bidenabar, udaltzainak ere bai, ondotik igaro eta bizikletari jaramonik ez egiten.
Anglizismoekin jarraituz, nire lagun bati Robin Hood sena ateratzen zaio bizikleta horietako bat abandonatuta topatzen duenean. Herriarena dena herriari itzuli behar horretan, udal zerbitzura hots egiten du erreskatatu dezaten. Edo, bereziki ausart dagoenean (gaueko ordu txikietan, bai), bere esku eta oinekin egiten du lan zikina, eta bizikleta dagokion tokira eraman. Dbiziberritu egiten du, alegia.
Udalari egurra emateko aprobetxa nezakeen zutabe hau, eta Dbizik Donostiako auzo garaietan ia geltokirik ez duela aipatu… baina ez dut egingo (ejem). Erabilera publikorako egina dagoena nola bihurtzen dugun apeta pribatu, horri buruz nahi nuen hausnartu. Ahaztu egiten dugula publikoa bada, denona dela. Alferkeriak edo epelaburkeriak jota, bizikleta edonon abandonatzen dugunean, besteren bati kentzen diogula hura erabiltzeko aukera. Guztiok gauza bera egingo bagenu, ederki geundekeela.
Egia esan, hausnarketak egin baino gehiago, nire lagun Robin Hood honek bere hiriaren aitortza merezi duela aldarrikatu nahi dut hemen. Hurrengo Urrezko Danborra jasotzeko hautagai proposatuko nuke, baina ezin dut bere izenik eman. Bestela, Sherwoodeko heroiari gertatu bezala, gaizkilea bera dela leporatuko lioke baten batek, bizikleta inoren baimenik gabe bere tokira eramateagatik.
Kontxako baranda zati bat oparitzea ere pentsatu dut, baina iruditzen zait 145 euro zakarrontzira botatzea izango litzatekeela hori (baldin eta zozketan zorionekoa banintz, jakina). Bera ezagututa, kapaz baita herdoil puska garesti eta astun hori atzera hondartzara eramateko, herriarena dena herriari itzuli behar zaio eta.