(Argazkia: Estitxu Zabala)
OSAGAIAK
– Bakailu kokotxen kilo laurden bat
– Lau txirla
– Hiru zati pipermin
– Bi zati baratxuri
– Oliba olioa
– Perrexila
– Gatza
PRESTAKETA
Hasteko, kokotxak hartu eta zartagin batean jarri behar dira. Horra botako dugu olioa, baratxuria txikitua, pipermina eta txirlak. Su oso txikian egin behar da dena, bestela desegin egiten direlako kokotxak. Normalean, txirlak irikitzen direnean, esan nahi du dena prest dagoela. Beraz, zartagina sutik kendu eta utzi egin behar da bost minutuz. Orduan, epela dagoenean, pil-pila egingo dugu, loditzeko. Hori egitean, berriro jarriko dugu zartagina sutan, eta irakiten hastean, prest egongo da.
Platerean jartzea baino ez da faltako orduan. Gandariasen jatetxeko kartaren barnean eskaintzen dute kokotxen platera, baina tabernan eskatzeko aukera ere badago.
Joxemari Agirre; Gandarias taberna eta jatetxeko arduraduna.
«Gure ezaugarri nagusia da janari tradizionala»
Joxemari Agirre. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Parte Zaharraren bihotzean dago Gandarias, Abuztuaren 31 kalean, Trinitate plazaren parean.
Taberna eta jatetxea ditu Gandariasek, eta pintxoz betetako barrak egiten dio ongietorria bezeroari.
Noiztik duzue Gandarias?
2003ko ekainean hasi ginen gure kontura, eta oso pozik gabiltza.
Gure ezaugarri nagusia da janari tradizionala egiten dugula, etxekoa. Generoak hitz egitea gustatzen zaigu;?hau da, plater oso bereziak egin gabe, ahalik eta goxoenen prestatzen saiatzen gara.
Taberna eta jatetxea dituzue. Zer eskaintzen duzue bakoitzean?
Jatetxeko jangelan karta dugu, eta denetariko haragia eskaintzen dugu, txuleta, azpizuna, arkumea, antxumea, isatsa, tripakiak… arrainetan, bakailoarekin bakarrik hasi ginen, baina orain aukera zabala dugu, erreboiloa, zapoa, abakandoa… eta denboraldian, berezoek eskatzen badute, angulak ere bai.
Tabernan ogitartekoak baditugu, eta tarteka eskatzen dizkigute, baina bereziki pintxoak mugitzen dira, eskaintza zabala dugu.
Baduzue arrakasta berezia duen zerbait?
Bai, tabernan, txanpinoia, azpizuna eta ganba broxeta. Jatetxean, txuleta asko eskatzen dute bezeroek, eta kokotxak ere bai.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Urepel. Salamanca pasealekuan dago eta oso gogoko dut.