"Eskaintza asko hobetu da, baina gehiegizkoa iruditzen zait"
Donostiako musika eskaintzak izandako eboluzioa ondo ezagutzen du zumaiarrak. Gaztemaniak kontzertu programaren gidaria izan da hainbat urtetan, eta egungo egoera azaltzeko pertsona aproposa da.
Jose Joaquin Forcada Forki, irrati esataria
Zer iruditzen zaizu egungo Donostiako musika eskaintza? Ona da, eta kontzertu asko daude. Egia esan, batzuetan pentsatzen dut gehiegi direla. Pasa gara gauza gutxi programatzen ziren garai batetik, gehiegi izateraino. Adibidez, pasa den asteko ostegunean Angel Olsen eta Black Lips izan genituen hirian, areto desberdinetan eta ia ordu berean. Jendea joaten bada ondo, baina ulertzea kostatzen zait. Bestalde, nahiko harrituta nago Dabadaba aretoarekin. Ez da erraza duten programazioa sostengarria izatea. Asko aldatu da? Duela urte batzuk ez zegoen ezer. Gaztemaniak egitasmoarekin hasi ginenean gauza handiak bakarrik antolatzen ziren Belodromoan eta Gasca kiroldegian. Kultur etxeetan ere ez zegoen ia ezer, euskal musika pixka bat baino ez. Azken urteetan, eskaintzak gorakada nabarmena izan du, eta gaur egun kontzertu asko antolatzen dira. Donostia Kultura bidez egiten direnez gain, hor ditugu Dabadaba, Doka, Convent Garden eta Mogambo.
Eskaintza asko hobetu da, baina gehiegizkoa dela iruditzen zait. Gertatzen dena da gauza asko daudela, eta horrela gauza bakoitzari garrantzia kentzen zaio. Eskaintza neurriz kanpokoa da une honetan. Garai batean gauza bat bazegoen hori zen garrantzitsuena, estiloa edozein zela ere. Orain estilo desberdinetako gauzak daude, eta aukeratu dezakezu. Harrigarria iruditzen zaidana da nola lortzen duten programatzaileek bizirautea. Hiriko hainbat areto alternatibo aipatu dituzu. Eskaintza aberasten dutela uste duzu? Bai, noski. Proposamen asko egiten dituzte aste barruan zein asteburuan. Egiako Dabadaba ireki zutenean asko joaten nintzen bertara; orain gutxiago. Gustatzen zait beraien programazioa, luxu bat da. Aretoko arduradunak ezagutzen ditut, nahiko irekiak dira eta musikalki irizpide ona dute. Programatzen dituzten kontzertu gehienak txikiak dira, eta aukera guztiei ematen diete. Ordea, ez zait gustatzen jendeak esatea programatzen den guztia ona dela. Ematen du joaten ez zaren urteko kontzertua galduko duzula. Gaztemaniak egitasmoaren arduraduna izan zara urteetan. Donostian egindako kontzerturik azpimarratuko zenuke? 1994an hasi ginen eta 2017ra arte iraun du nire esperientziak. Azken kontzertua pasa den urteko abenduan izan zen. Guztira, 24 urte izan dira eta azpimarratzeko kontzertuak beste hainbeste. Gazteszenakoak dira modu berezian gogoratzen ditudan gehienak: Eels, Laika, Stereolab… Gogoan dut ere Antzoki Zaharrean Lambchoop bandak eskainitako kontzertua. Bertan antolatu genuen bakarra izan zen.
Halere, bada kontzertu bat oso berezia izan zena: Dover taldeak Donostian eskaini zuen aurrenekoa. Gazteszenan egin genuen, Gaztemaniak egitasmoaren lehen urteetan. 1997an Devil came to me disko ezaguna argitaratu eta berehala ekarri genituen. Maiatzean 600 pertsona sartu genituen Egiako aretoan. Abenduan, berriz, Belodromoan jo zuten 6.000 pertsonen aurrean. Sei hilabetean zale kopurua hamar aldiz hazi zen. Sekulako arrakasta izan zuten. Gaur egun, zein da Gaztemaniaken egoera? Aurreko batean irakurri nuen beste norabide bat emango diotela, beste programatzaile batzuekin. Hamabost eta hogeita bost urte bitarteko gazteak erakarri nahi omen dituzte. Erronka handia da hori. Azken urteetan gazte gutxi joan dira Gaztemaniaken kontzertuetara. Hori horrela da, eta aitortu behar da. Baina zeintzuk dira gazteak? Garai batean gazte horiek ziren kontzertuetara etortzen ziren musikazaleak.
Orain gazteak ez al dira bada kontzertuetara joaten? Antolatzen den gehiena ez zaie gazteei interesatzen. Asko kostatzen zaie entzuten duten musika komertzialetik ateratzea. Asmatzea da gakoa. Gogoan dut 2005ean Morodo hip hop eta reggae abeslaria ekarri genuela Gazteszenara. Garai hartan oraindik areto barruan erre zitekeen. Aretoa goraino bete zen, eta jendea kanpoan geratu ziren. Ikusle kopuru handietan ez zen 15 urtetik pasatzen. Arrakasta sekulakoa izan zen, eta gazteekin bat egitea lortu genuen.
Zure ustez, zein musika joera dago modan gazteen artean? Korronte komertzialaz gain, rapa, Dokan antolatu ohi dituzten rock proposamenak, musika dantzagarria… ez dakit. Aurreko batean lagun batek esan zidan gazte batzuk gaztetxe batera sartu eta reggaetoia jarri zutela. Bertakoek esan zieten musika hori ezin zela bertan jarri eta punk musika jartzeko. Joatea erabaki zuten, ziurrenik punk musika beste garai batekoa dela pentsatuta.
Dena dela, bitxia da Donostia Festibalak pasa egin duen programazio aurrerapena. Ematen du inoiz mugitzen ez diren gazteak aurten mugituko direla. C. Tangana, Kase O, Riot Propaganda, Nathy Peluso, Berri Txarrak … talde komertzialak dira, eta amu ona dira gazteentzat.
Donostia Festibala aipatuta. Zer iruditzen zaizu izen aldaketa eta proposamena? Izena nahiko arrunta da. Ez dut jendea imajinatzen ondorengoa esaten: ‘joango gara Donostia Festibalera?’. Oraindik ez dut izen aldaketa neureganatu. Proposamenari dagokionez, esan berri dudana pentsatzen dut. Egokitzeko saiakera egin dute, eta gazteei zuzentzea erabaki dutela ematen du. Nire lagunen semeen iritzien berri izan dut, eta oso pozik omen daude. Ez da astero kontzertuetara joaten den jendearentzako, eta aurten ikusleen adina asko jaitsiko dela iruditzen zait.
Gaur egun, ‘Atsalde Pasa’ irratsaio kulturala gidatzen duzu Onda Vasca irratian. Donostiako eskaintzak zenbateko lekua du saioan? Kultura eta musika programa da. Musika asko jartzen dut, hemengoa zein kanpokoa. Nobedadeak izaten dira normalean. Donostian bizi naizenez, errazago dut joera hemengo gauzak jarri eta agenda aipatzeko. Konturatu gabe hemengoak izaten dira. Baina beste asko ere aipatzen ditut.
Musikari donostiarrei dagokienez, azken boladan arreta piztu dizunik aipatuko zenuke? Berrienen artean Pet Fennec gustatu zait. Nahiz eta iruditu proposamen aldetik oso klasikoa dela, gustu handiarekin egindakoa da. Iñigo Serrulla gaztearen proposamena ere gustatu zait. Gurean estilo horiek eta ingelesez jorratzea benetan ausarta da. Argi dago egungo musikariek maila hobea dutela, teknika eta soinu aldetik.