Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko plana onartu dute EAJ eta PSE-EEren bozekin. Dbusek hamalau ibilgailu berri erosiko ditu.
(Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Maiatzeko udalbatzarrean Parte Zaharraren Hirigintza Eremuaren Arau Partikularrari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Xedapen Aldaketa onartu zuten atzo. Aho batez erabakitako neurri honen bitartez Parte Zaharra eremu ase izendatuko du udalak, eta auzoko ekonomia jarduera guztiak mugatuko ditu. Pisu turistikoen ordenantzak ez bezala, neurri berri honek hotel eta ostalaritza jarduerak ere barne hartzen ditu.
Izendatzearen behin betiko onarpena gauzatu arte gehienezko bi urteko epea igaro behar den arren, hura iritsi bitartean udalak bertan behera utziko ditu auzo honetako onarpen, baimen eta lizentzia mota guztiak. Neurri honen helburua bizitegi erabilera babestea eta turismoaren hazkundearekin loturiko erabilerak mugatzea da. Egun, Parte Zaharrean 46 ostatu, bi hotel, aterpe bat eta apartamentu saileko bi establezimendu daude.
Añorgako bulebarizazioa
Lasarte-Oria eta Donostia Udalerriak bateragarri egiteko planari hasierako onarpena eman zion udalbatzarrak. EAJ eta PSE-EEk bultzatutako proiektuak Añorgaren bulebarizazioaren hurrengo pausoa ekarriko du beilatokia eta Coca-Cola enpresaren eraikin ohiaren arteko ibilbidearen eraikitze lanekin.
EH Bilduk, Irabazi Donostiak eta PPk proiektuaren aurka bozkatu zuten. Irabazi Donostiako Loic Alejandro zinegotziak proiektuaren txosten teknikoak «eskasia ugari» dituela salatu zuen. EH Bilduko Ricardo Burutaranek, berriz, udal teknikariek segurtasun zalantzak aipatu eta ibilbide hori oinezkoentzako «puntu kritikoa» bilakatu daitekeela adierazi du.
Gainera, bi alderdiek orain arte alegaziorik onartu ez izana leporatu diote ere udal gobernuari. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak alegazio horiek une okerrean egin zituztela adieraziz erantzun die EH?Bildu eta Irabazi Donostiako zinegotziei, eta proiektuan aurreikusitako planifikazioak donostiarren bizitzan eragin «minimoa» izango duela azpimarratu du.
Egitasmoaren behin-betiko onarpenera arte 45 egun igaro beharko dira orain, proiektuak ingurumen azterketak pasa eta alegazioak jaso bitartean.
Dbusentzako kreditua
alderdi guztien bozekin Dbus konpainiak 4.632.600 milioi euroko epe luzerako kreditu eragiketa egitea baimendu zuten. Kreditu horrek ibilgailu berriak erosi eta hiriaren autobus flotaren berritze prozesuari jarraipena ematea ahalbidetuko du, urte amaierarako eskuratuko dituzten hamabi metroko hamalau autobus hibrido gehiagorekin.
Otsailean, hamabi metroko lau ibilgailu hibrido erosi zituen Dbusek. Autobus horiek %25ean murrizten dituzte euren igorpenak antzeko ezaugarriak dituzten ibilgailuekin alderatuta. Hiriko hamabi metroko autobus elektro-hibridoen kopurua %26koa izatetik %45ekora izatera pasako da hamalau ibilgailu berriekin, eta honela urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko direla aurreikusten du udalak. Egun, Dbusek 18 metroko 28 ibilgailu, hamabi metroko 94, hamar metroko hiru autobus eta hamaika mikrobus dauzka.
Horiez aparte, garraio konpainia urte hasieran abiatutako proiektu pilotuaren barruan %100 elektrikoa den autobusa dabil ere probatzen. 28 linean guztira sei hilabetez erabiliko den ibilgailu honek 120 tona CO2 gutxiago igortzen ditu urteko.