Topoaren igarobidea egiteko lanengatik kezka adierazi dute Antiguako bizilagunek
Antiguako Zarautz hiribideko 58-60. atariko bizilagun batek bideo bat bidali dio IRUTXULOKO HITZAri. Kexu dira Topoaren igarobidea egiteko lanak direla-eta: zarata handia dago inguruan, eta auzotarren egunerokoan asko eragiten ari da. “Zarata izugarria egiten ari dira. Goizeko zortzietatik arratsaldeko bostak arte etengabe entzuten dira lanak. Leihoak itxi egin behar ditugu”, azaldu du Mamen Bayon bizilagunak. Inguruko zirkulazioan ere eragiten ari dela dio: “50 edo 60 aparkaleku gutxiago ditugu, errei bakarra utzi digute”.
Bayon kexu da “zementuzko horma bat” egin dutelako baso bat zegoen lekuan, eta hau guztia “zentzugabea” dela uste du: “Turistak ekar ditzatela hona ere, eta jendea konturatu dadila zer egiten ari diren hemen. Zertarako da hau guztia? Metroa denontzako ona izango balitz ba lanek eragiten dituzten eragozpenak aguantatu beharko genituzke, baina uste dut jada baditugula hirian mugitzeko zerbitzu onak. Guk Benta Berri plazaraino joan beharko dugu metroa hartzeko, eta gainera, autobusak baino maiztasun txikiagoa izango du. Jendeak uste du Bilboko metroaren modukoa izango dela, minuturo zerbitzua emango duela, baina ez da horrela. Antiguan geltoki bat gehiago izango dugu, besterik ez, eta ez gaitu erdigunera eramango, soilik Londres hotelera. Atotxako autobus geltokiarekin ere ez du loturarik izango. Gutxienez lau urteko lanak sufrituko ditugu eta ez digu ekarpenik egingo”. Zarautz hiribidearen inguruan ez ezik, Matia kaleko Benta Berri plazan ere lanak bizilagunen egunerokoan eragiten ari direla esan du: “Benta Berri plaza asko erabiltzen da eta orain hesituta dago, ezin dugu espazio hori erabili”.