Amara Berri kultur gosez
Auzo sena sendotzeko asmoz, Amara Berriko hainbat ekintzailek mugimendu bat sortu dute, auzolanaren bitartez Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza kultur etxe bihurtzeko.
Gobernu Zibila Kultur Etxe leloa argi dutela, Amara Berriko hainbat biztanlek eraikina betirako berreskuratu nahi duen egitasmoa abiarazi dute. Donostiako Udalaren eskaria zaharra izan arren, oraingoan herritarren parte hartzea, proiektuaren ardatza izatea nahi dute. Era berean, kulturaren alde eginez, auzo nortasuna sendotu nahi dute.
Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak, Frankismoan Gobernu Zibila zenak, 64 urte eman ditu Pio XII.aren plazan. 1954an eraiki zuten, auzoaren lehen zabalketa urbanistikoarekin batera. Juan Pagola agintean zela, doan eman zitzaion lursaila gobernu frankistari, bere boterearen egoitza eraiki zezan. Ordutik urte ilun horien ikur bihurtu da askorentzat, torturak eta bidegabeko atxiloketak ohikoak izan baitziren. 6.000 metro koadroko esparru publikoa izanik gainera, mesede gutxi egin dio auzoaren batasunari. Funtsean, Gobernu Zibila eraikin arrotza da hiritar askorentzat. Baina kontrako eragina izan dezakela uste du, Marian Zarraonaindia egitasmoaren kideak, bizikidetzaren ikurra bihurtzea, alegia: «Kokalekua eta eraikinak ematen dituen aukerak aintzat hartuta, kultur etxea auzoaren bihotza bihurtuko litzateke».
Lehen saiakera, 1997an
Ordezkariordetzako hainbat arlo lekuz aldatzen ari diren honetan, aukera aproposa da kideen ustez, proiektua berriz ere mahai gainean jartzeko. Eskari historikotzat jo daiteke Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzarena, izan ere, Donostiako Udalak bi saiakera egin ditu eraikinaren kudeaketa bere egiteko. Lehen saiakera juridikoa 1997an egin zuten, eta ezezko borobila jaso zuten. Azken saiakera iaz egin zen, eta erantzuna berdintsua izan zen. Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, EAJk zein PSE-EEk eskaria haien programetan sartu zuten, eta promestutakoa bete dutela uste dute. Hala ere, Madrilen azken ezezkoak berrikuntza nagusi bat izan zuen. Xabier Berridi Amara Berriko auzo elkarteko kidearen arabera, “zirrikitu txiki bat zabaldu da, eta aprobetxatu beharra dago”. Espainiako Gobernuak, eraikin horren erabilgarritasuna dela eta, uko egiten dio Donostiako Udalari uzteari, doan behintzat. “Doan hitzak, negoziatzeko aukera aztertzen ari direla pentsarazten digu”, dio Berridik. Egia esan, Espainiako Ogasun Ministerioak Eneko Goia alkateari 2017an bidalitako gutunean, ez da negoziaketarako aukerarik aipatzen. Lursaila, Gobernu Zibila 30 urtez bertan egoteko baldintzarekin eman zela dio dokumentuak, eta epe hori beteta, hiriarekiko zuten zerga ordaindutzat jotzen dute. Gainera, eraikina doan uztea ezinezkoa dela diote “hainbat zerbitzuk eraikinean jarraitzen dutelako”.
Eraikina, erdi hutsik
Gaur egun eraikina erdi hutsik dagoela salatzen dute bizilagunek, eta ez dela beharrezkoa hura erabat hutsik egotea bertan beste erabilera batzuk gauzatzen hasteko. Aemet (Espainiako Meteorologia Agentzia), atzerrirako txertoen egoitza, atzerritartasun bulegoa eta Imsersoa eraikinaren parte batean jarduten jarraitzen dute, baina beste espazio batzuk ez dute inongo erabilerarik. Ekintzaileek ezagutzen dituzte Amara Berriko ezaugarri urbanistikoak, eta proiektuaren bitartez auzotarren beharrei erantzun eraginkor bat eman nahi diete. Gobernu Zibila berreskuratzeko, ordea, borondate sendoa behar da; hori dela eta, egitasmoak oihartzuna izatea dute helburu nagusi une honetan, baita auzotarren babesa lortzea ere.
Ez diote uko egiten udalak egindako bideari, are gehiago, erakundeekin indarrak uztartzeko beharra nabarmentzen du Xabier Otaegik, Gobernu Zibila Kultur Etxeko kideak, “Udalari buruz ari garen bezala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea beharrezkoa izan daitekeela esaten dugu”. Pio XII.aren plazan bizi da Otaegi, hortaz, ondo daki zeintzuk izan diren Gobernu Zibilak auzoari eragindako kalteak. Orain, gizarte zibiletik sortutako egitasmoak, betiko ametsa betetzeko aukera emango dio: “seme alabak txikiak zirela, beti esaten nien Gobernu Zibila Kultur Etxe bihurtuko zela noizbait. Orain badugu saiatzeko aukera”. Hala ere, urratsez urrats joan nahi dute. Une honetan auzoa sentsibilizatu nahi dute, aurrerago, aholkularitza juridikoa eskatu nahiko lukete, aukera ezberdinen berri izateko eta alderdi politiko guztiekin solastu.
Kultur eskaintza eskasa
30.000 biztanletik gora ditu Amara Berrik, Loiolako Erriberak eta Morlans barne. Biztanleriari dagokionez, Gipuzkoan laugarren herria izango litzateke Amara Berri, Errenteria-Oreretaren atzetik, hau da, Arrasate, Zarautz eta Eibarren moduko herri handien premiekin lerratu daitezke Amara Berrikoak. Azalera oso handikoa izan ez arren, ez dago estutasun sentsaziorik. Baina ukaezina da, Amara Berrin etxebizitzak eta komertzioak nagusi direla, eta hainbat arlotan gabeziak daudela, bereziki kulturan. Merkatari eta Etxeberrien plazen inguruan adibidez, 20 taberna baino gehiago daudela dio Marian Zarraonaindiak. Kultura oinarri duen lokalik ordea, ez. Kultur ekitaldi herrikoirik gabe, ezinezkoa iruditzen zaio auzo sena indartzea, eta auzo partehartzailea eratzea.
Egia eta Intxaurrondoko auzolan ekintzak adibidez, kultur etxe onak egotearen ondorio dela uste du: “Ez dugu dena Amarara ekartzea nahi, baizik eta auzoa aintzat hartzea, Donostiako jarduera kulturalak auzoetan zehar, sare bat bezala banatzea nahi dugu”.
Amara Berriko zailtasun nagusia ordea, erabili gabeko espazioak topatzea da, udaleko iturriek jakinarazi dutenez, lehentasuna zerbitzu sozial guztiak bermatzea da eta Ernest Lluchen jada hori bermatzen da. Egia da, leku fisikoak ez direla asko, baina hurrengo urteetan Morlans eta Loiolako Erriberetan etxebizitzak eraikitzea aurreikusita dagoela jakinda, udalaren lehentasuna zein den zalantzan jartzen dute hainbat bizilagunek. Loiolako Erriberan bi lursail soilik geratzen dira eraiki gabe, tartean, Eusko Jaurlaritzak jabegoa duen eremu bat.
Ernest Lluch, jomugan
90eko hamarkadan zabaldu zuten Ernest Lluch kultur etxea, Anoeta estadioko bazter batean; ziur asko estadio batean kokatuta dagoen bakarra. Gunearen bideragarritasuna ukaezina da, Donostian bazkide gehien dituen liburutegia baita, 14.000 baino gehiago. Solasaldiak eta film emanaldiak ere ohikoak dira, eta bisitarien kopurua beti da altua.
Hala ere, polemika kutsu batek beti inguratu du kultur etxea, batez ere, kokalekua eta baliabideak direla eta. Estadio baten barnean egonda, kultura kirolarekiko bigarren maila batean dela dio Zarraonaindiak. Mesede egin baino gehiago, zalantzan jartzen du Anoetak ez ote dion kalte egin kulturari. Bestalde, kultur etxeak duen arazorik larriena da, jendearen nahiak ezin dituela asetu. Jendez gainezka egoten da, eta geroz eta agerikoagoa da txiki geratzen ari dela. Anoetako obrek, baina, Ernest Lluch lekuz aldatzea eragin dute eta hilabete batzuk emango ditu Arcco merkataritza gunean. Gobernu Zibila berreskuratzeko ekimenarekin batera, Ernest Lluchen inguruko eztabaida berpiztu da hainbat bizilagunen artean. Argi dago Arccokoa aldi baterako neurria dela besterik ez dela, eta bertara eramateko erabakia, guneko lokal hutsak baliatzeko modua dela. Baina Amara Berriko biztanleen liburutegia, oilasko jatetxe eta apustuak egiteko bi lokalen artean kokatzea, hiriko agintariek kulturari behar adina garrantzia ematen ote dioten hausnartzea dakar. Udalak argi du: zeharo babesten dute Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza berreskuratzeko nahia, baina proiektua benetan gauzatu ezean, ez dute Amara Berri Kultur Etxerik gabe utziko. Gobernu Zibila Kultur Etxe egitasmoaren kideek ez dute eskatzen Ernest Lluchen itxiera, baizik eta, gizarte zibilaren eta erakundeen konpromezua Gobernu Zibila kultur gune bihurtzeko, Ernest Lluch baino hobea den kultur etxe bat izateko. Dena delakoa, 30.000 biztanle baino gehiago dituen auzo batean bi kultur etxe izatea, mesedegarria litzateke auzoarentzat, zein hiri osoarentzat.