Olatz Salvador: “Helburua bete dudala sentitzen dut, eta harro nago, oso pozik”

Olatz Salvador, musikaria

Olatz Salvador musikari donostiarrak kontzertua eskainiko du Intxaurrondo kultur etxean; ‘Zintzilik’ lehen diskoko abestiak interpretatuko ditu, zenbait gonbidatu berezirekin.

olatz-salvador

Olatz Salvador. (Argazkia: Julen Idigoras)

Dklubako udaberriko egitarauaren barnean izango da Olatz Salvadorren emanaldia, larunbatean, 20:30ean. Eduardo aita eta Iñaki osaba oholtzara igoko direla aurreratu du. Maddi bakarlaria ariko da aurretik.

Prest al zaude Intxaurrondoko kontzerturako? Urduritasuna nabari duzu?
Ba egia esan saiatu gara ahalik eta entsegu gehien egiten prest egoteko. Urduri ere banago, eta uste dut ona dela ilusio eta urduritasun puntu horiek izatea. Egunero begiratzen aritu gara nola doan sarreren salmenta, eta poz-pozik gaude.

Etxean ariko zara. Jendearen erantzuna jasotzeko gogoa izango duzu, ezta?
Bai, hori da. Disko baterako lana askotan egiten da lau pareten artean, eta orain sekulako gogoa dut jendearekin partekatzeko. Uste dut egun oso berezia izango dela bai niretzat eta bai nirekin egongo diren musikari guztientzat ere.

Abestiak hari berean zintzilik sentitzen zenituelako jarri zenion diskoari izen hori. Zu ere zintzilik sentitzen zara?
Bai. Nire bizitzako fase honi ere eskaini diot diskoaren izena. Abestiak nik konposatu ditudanez, nire esperientzia pertsonalak eta emozioak hortxe daude.

Duela lau urte ekin zenion bakarkako proiektua prestatzeari. Zein sentipen duzu atzera begiratzean?
Duela lau urte norbaitek esan balit horrela egongo nintzela, ez dakit sinetsiko nion. Ez nintzen inongo asmoarekin hasi, baina hazten joan da ilusio baten baitan. Diskoa nahi batetik atera zait.

Gustura geratu zara diskoaren azken emaitzarekin?
Bai, bai. Helburua bete dudala sentitzen dut, eta harro nago, oso pozik. Ez da erraza hainbeste buelta eman dizkiozun zerbaitekin gustura geratzea, baina denbora asko eman diogun arren, oso pozik geratu nahi egin dugunarekin.

Diskoa martxoan aurkeztu zenuen, zein erantzun jaso duzu orain arte?
Zintzilik aurrerapen kanta atera genuen lehenego, eta egun horretan gogoan dut telefonoa bero-bero izan nuela. Oso pozik geratu nintzen jaso nuen babesarekin. Jende pila bat jarri zen nirekin harremanetan, ezagunak eta ezezagunak, eta harrituta geratu nintzen izan zuen erantzunarekin. Handik bi astera disko osoa kaleratu genuen sareetan eta euskarri fisikoan, eta erantzuna ere oso ona izan da. Oraindik diskoak saltzen ari direla esaten didate eta oso pozik nago.

Skakeitan taldean hasi zenuen ibilbidea. Asmoa duzu beraiekin jarraitzeko?
Bai, jarraitzen dut. Kontzertu gehienak Skakeitanekin emango ditut. Poliki joango gara bakarkako lanarekin, guretzako ere denbora behar dugulako. Skakeitanekin agenda nahiko lotua dugu, eta oso nekagarria izan liteke bestela.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend