Xabier Vazquez: 'Zalaparta'
Life of Brian filmean bezala, gurean ere zatiketak ohikoak dira. Donostiako Udal Gobernua antzera dabil bere bi aldeekin. Perfil propioa nabarmendu nahian, Donostiako Udal Gobernu (p.s.e.)ko bozeramaile eta orozinegotziak notizia eman du. Erdiguneko bi kale peatonalizatuko dituzte, Triunforen zatia eta Blas de Lezo. Triunfok Kontxa eta San Martin lotzen ditu; baina Blas de Lezo dagoeneko oinezkoentzako (eta garajeetara sartzeko) da. Eta hala utziko dute.
Hau da, Udal Gobernu (p.s.e.)k iragarri du oinezko kale bat oinezko bihurtuko duela. Adar jotzea dirudi (eta da) baina ez da gezurra, zerbait egitekoak dira. Kaleska horretan autorik ez igarotzeko ekintza merke eta malgua egin zen arren, horrek ez du asetu ostalarien grina. Orain, denon dirua xahutuko dute kalea atontzen, bertako ostalariek terrazatxoa jar dezaten besterik ez.
PSEk badu interes berezirik zonalde horretako ostalaritzarekin. Duela urte batzuk ostiral eta larunbat gauetan bertako bus-karriletan aparkatu ahal izatea defendatu zuen. Baita lortu ere, EAJ eta PPren laguntzarekin trafiko araudia aldatu zuen. Orain zera dio: debekatuta dago bus-karriletan aparkatzea, ordu eta toki jakin horietan izan ezik. Grosen eta Antiguan ere bada gau tabernarik, baina aipatu alderdien gogoa zonalde batzuetara mugatu zen.
Izan zitekeen aipatu alderdiek pentsatzea gaueko aparkaleku horiek ez dietela bizilagunei arazorik sortuko. Baina, PSEko bozeramaileari bertakoei sorturiko arazoez galdetu zitzaion batean, solaskide ustez aurrerakoiaren babesa lortzeko-edo, honakoa erantzun zuen: San Martin kalekoak aberaskumeak dira, zaratak enbarazu egiten badie hor konpon. Solaskidea ni neu nintzen eta esaldia gazteleratik itzuli dut.
Egiako jolastokiaren auzian, antza, kontrako argudioek zuten pisua. Hor bizilagunen atsedena gailendu zaie beste arrazoiei. Zalaparta dexente sortu da, eta oposizioak argudioak izan ditu Udal Gobernua astintzeko. Halere, esango nuke Udal Gobernuko zati batek ez duela pena handiz ikusi iskanbila, Goia alkatea izan baita afera honetan okerren atera dena. Izan ere, hauteskundeak gerturatu heinean EAJ eta PSEren arteko kobenientzia maitasunak are okerrerago egingo du.
Gaiaren funtsera joanda, Udal Gobernuko bi kideei balekoa zaie, ostalari batzuen interesak tarteko, festan daudenei autoak gertu-gertu aparkatu ahal izateko gaueko parkinga jartzea taberna ondoan. Atotxa zenaren ondoan egun argiz futbolean aritzeak, ordea, zarata handia sortzen ei du. Eta horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, pista osoa beste toki batera eraman nahi zuten. Bi aukera daude. Bata, umeei gauean ateratzen direnei baino mugimendu gaitasun handiagoa onartzen diete eta Egiatik Manteora joan daitezkeela deritzote. Bi, garrantzitsuagoak zaizkie ostalari batzuen interesak jolasak baino. Garrantzitsuago, halaber, autoak umeak baino.