Parrillada eta kontzertuak antolatu ditu Babes Sareak

paxkal-irigoien

Paxkal Irigoien izango da jaian parte hartuko duen artistetako bat. (Argazkia: SDB Paxkal Irigoyen)

Elkarrekin Ekin jaia antolatu du Donostiako Babes Sarea taldeak, larunbaterako. Hainbat lagunek abiatu zuten Donostiako Babes Sarea 2016an, Gazteon Donostia Eraikitzen izeneko topaketak egin ostean. Elkartasun eta babes harremanak ehuntzea da euren asmoa, langileen «prekariotasuna» ikusi ostean, batez ere, gazteen artean. «Ekintzaren bidez langileen kontzientzian eragin genezakeela ikusi genuen. Kolektiboki gatazka bakoitzari aurre egiteko dinamikak martxan jartzeko tresna da», dio taldeko Aitor Aldaik (Intxaurrondo, 1994).

Lanean edozein motako arazoak dituzten langileek jo dezakete Babes Sarera, denen artean nola erantzun antolatzeko. Babes bila dabilenak dei dezake 644 735 884 telefono zenbakira edo idatz dezake donostiakobabessarea@gmail.com posta elektronikora. Donostiarako oso egokia iruditzen zaie, gainera: «Ez gatoz sindikatuak ordezkatzera edo lekua kentzera. Uste dugu esparru batzuetan ekintza sindikala lantzea zailagoa dela, lanpostu batzuen baldintzengatik».

Kontzientziatzio kanpainarekin hasi ziren, eta ondoren Gipuzkoa plazako Gogoko Goxuak kafetegiaren kasua landu dute, protesten bidez. Taldea gehiago ezagutarazteko asmoz antolatu dute orain jaia: «Kafetegiko langile ohiak hurbildu zitzaizkigun bereziki, eta ez dugu beste kasu berezirik izan. Jaialdiaren asmoa bada berriro ere mugitzea eta jendea sareaz gogoratzea. Udan ere egingo dugu kanpaina bat gure berri emateko».

Horrela, sindikatuekin eta gazte asanbladekin harremanetan jartzen ari dira: «Gure sare propioa lantzen ari gara, gure berri izan dezaten eta euren inguruan halako kasuren bat ezagutzen badute, gurekin harremanetan jar daitezen». Ekintza zuzenaren bidez funtzionatzen dute, eta ulertzen dute kaltetuek zuzenean ez parte hartzea, eurengan izan dezakeen eraginarengatik. Batez ere ostalaritzan landuko dute, eta turismoak langileengan duen eragina aztertuko dute: «Donostiako Parte Zaharra lau kapitalisten artean lantzen duten txiringito bat da».

Elkartasun kutxa sortu nahi dute: «Baditugu eguneroko gastu batzuk, propagandarenak eta telefonoarenak. Isunak ere etor daitezkeela aurreikusi dugu».

Gaueko jaia
Elkarrekin Ekin jaialdia egun osoko jai gisa antolatu zuten hasieran, baina plana aldatu dute Iruñean Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa dagoela eta: «Gure asmoa zen ikasturteari bukaera emateko asanblada bat egitea udarari begira, eta mahai inguru bat, aurrera begira». Azkenean, asanblada eta mahai ingurua aurreragorako utzi dituzte, baina gauean egingo dute jaia: «Parrilladara jendea etortzea espero dugu Iruñetik bueltan, eta kontzertuetan geratzea».

Horrela bada, parrilada 21:30ean egingo dute, beganoentzako aukerarekin. Kontzertuak, berriz, 22:30ean hasiko dira: Paxkal Irigoien, Peru kantautorea eta Kilimak euskal runba taldea. Bukatzeko, dj Blanquita Carraquela ariko da.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend