Eskaripeko geldialdi zerbitzua ostiralean jarriko dute abian
B8 lineak ostiral, larunbat eta jai bezperetan ematen du zerbitzua, eta hiriaren mendebaldetik egiten du ibilbidea. Ondorengo kaleetan eskatu ahal izango da geldialdia: Sanserreka, Pio Baroja, Pinuen pasealekua, Heriz pasealekua, Aizkorri, Donostizarra, Portuene eta Mikelete.
Bulebarretik egiten dituen irteerak ondorengoak dira: ostiralak eta jai bezperak (00:30 – 01:30 – 02:30 eta 03:30ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra) eta larunbatak (00:15 – 00:45 – 01:15 – 01:45 –02:15 – 02:45 – 03:15 – 03:45). Avancotik egiten diren irteerak, berriz, ondorengoak: ostiral eta jai bezperak (00:05 – 00:55 – 01:55 eta 02:55ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra) eta larunbatak (00:40 – 01:10 – 01:40 – 02:10 – 02:40 – 03:10).
Zerbitzua ezagutzera emateko, eskuorri bat argitaratu dute zerbitzuaren informazioarekin. Eskuorria buzoietan banatuko dute, lineak eskaripeko geldialdiak egin ditzakeen guneetan. Era berean, eskuorria B6 lineako autobusaren barruan banatuko dute eta Dbusen webgunean.
B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa gautxori linea izango da eskaripeko geldialdien sistema probatuko duen aurrenekoa. Dbusek eta Donostiako Udalak ekarlanean adosturiko zerbitzuaren xehetasunak eskaini dituzte. Aipaturiko linea horren zati batzuetan eskatu ahal izango da geltoki ofizialen artean geldialdia egiteko. Ostiral honetan, hilak 29, jarriko dute abian.
Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egin ahal izango dute eskaera. Jaisteko baino ez dira izango geldialdiak. Geldialdi horietan ezin izango da autobusera igo.
Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari. Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldera joan beharko da, aurreko atetik jaitsi beharko baita. Funtsezko baldintza da gutxienez 1,5 metroko zabalera duen espaloia egotea eta arrisku egoerarik ez sortaraztea. Zalantzazko egoeretan gidariaren irizpideak edukiko du lehentasuna.
Gurpildun aulkian doan bidaiariak ere –emakumeak edo 18 urtetik beherakoak– non jaitsi nahi duen jakinaraziko dio gidariari. Gidariak erabiltzaileari jakinaraziko dio ea eskatutako lekuan baldintza egokiak dauden arrapala jaisteko eta baldintzak egokiak ez badira beste leku bat proposatuko dio jaisteko.