Añorgako jaietako antolatzaileak, auzotarrekin batera, plazan jarri duten txosnan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Larunbatean hasiko dira Añorgako jaiak, Zementonen jaitsierarekin; uztailaren 13an egingo dute mozorro festa, auzokoentzako egun handiena.
Parranda gustuko dute Añorgan, eta aurten ere bi asteburutan banatuko dituzte auzoko jaiak, aurrekoetan bezala. Hala, egun hauetan izango dituzte ospakizunak: uztailak 7,8, 12, 13, 14, 15 eta 16. Bikingoz mozorrotuko dira aurtengo mozorro festan, eta irudi horixe aukeratu dute jaiak iragartzeko.
Kuadrillen egunarekin hasiko dituzte jaiak, duela urte gutxi berreskuratutako oilasko biltzaileen birarekin. Orain ez dute oilaskorik biltzen, baina auzoko baserrietan barrena ibilaldia egingo dute. Arratsaldean lehertuko dira jaiak, Zementonen jaitsierarekin. Jubilatuen eguna izango da igandean, eta Gure Kabia abesbatzak kontzertua eskainiko du, 12:30ean. Uztailaren 12an ekingo diete berriro jaiei, Sorpresa egunarekin. Egun horretan, auzoko lagun batzuek antzezlan bat egingo dute auzoko kontuen inguruan. «Sekulako lana da, urte batzuetan ez zuten egin, eta orain auzoko gazte batzuen bidez berreskuratu dugu», azaldu du jai batzordeko David Arozenak. Umeen eguna izango da ostirala, uztailaren 13a, baina egun horretan hartuko dituzte bikingo jantziak soinean, duela 25 urte egin zuten moduan. «Añorgara urtean behin etortzen diren gehienak, mozorro afarira etortzen dira. Iaz inoiz baino gehiago elkartu ginen afaltzeko, 250», dio Arozenak. Gaupasa eguna izendatu dute uztailaren 14ko larunbata, eta egun horretan, Tremenda Jauriaren kontzertua izango dute. Kirol eta Kultur elkartearen eguna izango da igandea, eta astelehenean, Karmen Egunarekin, bukaera emango diete jaiei.
Buruhandien urteurrena
Urte berezia da aurtengoa Añorgako erraldoi eta buruhandien konpartsarentzat. Izan ere, 75 urte bete dituzte auzoko erraldoiek, eta topaketa berezi batekin ospatuko dute urteurrena, jaien barnean. «Zeozer berezia egin behar genuen, bai edo bai. Konpartsetako 200 lagun inguru bilduko gara, eta bazkaria auzokoei ere ireki diegu», dio konpartsako Imanol Loidik.
Cementos Rezolaren bidez, erraldoi bikote bat erosi zuten, 1943an, Bartzelonako El Ingenio etxean. Ordutik, auzoko ohorezko alkateak dira erraldoi horiek, emakumezko eta gizonezko senar-emazteak. Erraldoi horiek kartoizkoak dira, eta denborarekin oso zaharkituak geratu ziren. Horregatik, 1995ean, Añorga Kirol eta Kultur Elkarteak erabaki zuen erraldoi horien kopia bana egitea, poliesterrean, eta Irungo Garate etxeari egin zioten enkargua. Beraz, orain lau erraldoi dituzte auzoan. Zaharberritu egin zituzten erraldoi zaharrenak, 2010ean, Terrassan: «Jordi Grauk sekulako lana egin zuen eta oso politak utzi zituen. Gero, Gure Kabiako emakume erretiratuek jantziak egin zizkieten». Edonola, egun berezietan bakarrik ateratzen dituzte erraldoi zaharrak. «Molinsera atera genituen, hangoek 100 urte bete zituztenean, eta Donostiara beste batean, 1813ko sutearen 200. urteurrenean», azaldu du konpartsako Iñigo Soroak.
Auzoak egindako esfortzuari esker, hogei lagunetik gorako kuadrilla iraunkor bat dute erraldoien bueltan: erraldoiak eramaten dituztenak, buruhandiak eta musikariak. Talde horri esker, hainbat topaketa jaietara eraman izan dituzte: Donostia eta Bilboko aste nagusiak, Bartzelonako Molins de Reiko XXIII. Trobada de Gegants, Balmaseda, Martzila, Legazpi, Goizueta…
Diotenez, Añorgakoak dira Donostiako erraldoi zaharrenak, eta haiek ikusteko aukera egongo da uztailaren 14an egingo duten topaketan. Erakusketa jarriko dute 10:00etan, frontoian; 11:00etan, berriz, kalejirari ekingo diote, erraldoi eta buruhandiekin; 12:30ean, futbol zelaira iritsiko dira konpartsetako lagunak, eta ekitaldia egingo dute; ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute. Konpartsa hauek parte hartuko dute topaketan: Errenteria-Orereta, Goizueta, Irrintzi, Legazpi, Molins de Rei, Oiartzun, Trapagaran, Usurbil eta Zizurkil. Arratsaldean, buruhandiak eta txaranga aterako dituzte, eta zezensuzkoarekin bukaera emango diote topaketari.