Plastikoan ez itotzeko borrokan

Martxa honi eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. Hondakin plastikoen arazo globalari aurre egiteko antolatzen hasi dira herritar asko.
Hamar pertsonaren erosketekin bildutako plastikoarekin hiru erosketa-orga bete zituzten Plis, Plastik Barik! taldeko kideek. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Hamar pertsonaren erosketekin bildutako plastikoarekin hiru erosketa-orga bete zituzten Plis, Plastik Barik! taldeko kideek. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Pastikozko poltsarik gabeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, denda eta supermerkatuetan poltsa hauek kobratzera behartzen duen legea sartu da indarrean hilabete hasieran. Etorkizunera begirako erabakia da, 2021ean estatuan plastikozko poltsak eskaintzea debekatua egongo delako. Poltsa arinek «izugarri kutsatzen dutelako» hartu du erabakia Espainiako Gobernuak, baina egoeraren larritasunak are urrutiago joatea eskatzen duela diote adituek. Nazio Batuen Erakundearen ikerketa baten arabera, ekoizpenean eta birziklatze tasetan aldaketa nabarmenik ematen ez bada, 2050erako itsasoko plastikoak munduko arrain guztiek baino tona gehiago pisatuko ditu.

Nasti de Plastic Europa mailako herri mugimendua da, eta plastikoaren arazoari konponbidea topatzeko herritarrak kontsumitzaile gisa duten indarraz baliatu behar direla defendatzen dute bere kideek. Talde horren barruan, Plis, Plast Barik! mugimendua sortu dute Euskal Herrian, globala den arazo honen irtenbidea lokaletik abiatu behar dela uste dutelako.

Donostialdeko taldeak bere lehen ekintza egin zuen asteartean, Groseko supermerkatu baten atarian. Hamar pertsonak erosketa arrunta egin zuten dendan, era guztietako jakiak erosiz, eta eskuratutako produktuen bilgarri eta edukiontzi plastikoak supermerkatuaren parean ipinitako hiru erosketa-orgetan bildu zituzten. Ekintza adierazgarri horrekin, herritarrek egunerokotasunean inolako zentzurik gabe kontsumitzen duten plastiko kopuru neurrigabea irudikatu nahi izan zuten, orgen edo telazko poltsen erabilera aldarrikatzearekin batera.

30 pertsona baino gehiagok osatzen duten Donostiako taldea, eta Cesare Maglioni da sustatzaileetako bat. Egoeraren larritasunaz jabetzea oso erraza dela dio berak: «nahikoa da etxeko zakarrontzia begiratzea gure zaborra bilgarri eta edukiontziz osatua dagoela ikusteko». Plastikoaren arazoak gizarteari «eskuetatik ihes» egin diezaiokeela uste dute herritar hauek, eta kezka komun horrek «akziora pasatzera» bultzatu dituela azaldu du Maglionik.

Bere iritziz, hondakin hauen arazoak bi ardatz nagusi ditu:  plastikoen ekoizpen masiboa, batetik, eta material horren birziklatze tasa baxua, bestetik. Elikaduraren industriak ekoizpena erabat aldatu dezakeela dio Plis, Plast Barik!-eko kideak, baina, bere ustez, gizarteak eta ekonomiak inertziaz jokatzen dute, eta ez dute gaiaren inguruan hausnartzeko une bat bera ere hartu. Europako hegoaldean epe motzera pentsatzen dugula eta  ekoizpen estrategia aldatzeak epe luzerako abantaila garrantzitsuak suposatuko lituzkeela defendatu du Maglionik: «Kalkulatu dezatela enpresek zenbat aurreztuko luketen plastikoa erabili behar izango ez balute!».

Eredu aldaketa hori soilik kontsumitzaileengandik abiatu daitekeela uste dute taldeko kideek. «Herritarrek plastikoen erabilera zentzugabea egiten duten markak erosiko ez balituzte, enpresak segituan egokituko lirateke euren eskaeretara», Maglioniren ustez. Gainera, kontsumo ohiturak aldatzea uste baino gauza errazagoa dela dio taldeko kideak: «Jende gazteari esan ohi diot euren aitona-amonei galdetzeko ea erosketak nola egiten zituzten, plastikozko poltsarik gabe zeinen ondo moldatu gaitezkeen ikus dezaten».

Plastikozko poltsak kobratzera behartzen duen lege berria positibotzat jotzen du, hortaz, baina berandu datorrela eta «pauso txikiegia» dela dio Maglionik: «Badirudi Euskal Herrian oso aurreratuak gaudela arlo askotan, baina beste herrialde askok duela urte piloa debekatu zituzten plastikozko poltsak».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend