Bizikidetasunaren aldeko turismo kanpaina egingo du udalak
Beñat Parra
‘Love San Sebastian. Live Donostia’ kanpaina aurkeztu dute. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Turismo iraunkor baten aldeko Love San Sebastian. Live Donostia kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Turismo zinegotziak. Goiak azaldu duenez, bisitarien eta hiritarren arteko bizikidetza sustatzea du xede kanpainak, turistei zuzendutako hamar gomendioren bitartez. Kanpainak Gipuzkoako Hotelen Elkartearen, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eta San Sebastian Shops taldearen babesa du.
Aholkuak, hondartzak erabiltzearen ingurukoak, bizilagunak errespetatzearen ingurukoak eta euskararen erabileraren ingurukoak izango dira, besteak beste, eta lau hizkuntzatan idatzita egongo dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
“Kaleko kanpaina” izango dela azaldu du Gascok, mezuak autobusetan eta paperontzietan egongo baitira, besteak beste. Bestalde, alkatearen hitzetan, kanpainaren helburua da bisitarien egonaldia haientzat zein bizilagunentzat esperientzia gogobetegarria izatea. Horregatik, aipatu mezuak hirian betirako barneratuta geratzea espero du udalak.
Hiriak bisitari guztiei ongi etorria ematen diela azpimarratu du Goiak, eta baita turismo eredu iraunkorra sustatzearen garrantzia ere. Gascok, bere aldetik, bisitarien eta donostiarren arteko bizikidetza eta errespetuaren beharra nabarmendu du, hiria kalitatezko helmuga izatearen alde. Haren aburuz, ezaugarri horiek dira “donostiarren ADN-a”, eta donostiarrak halakoak izatea da hiria “erakargarri” egiten duena.
Bestalde, Lourdes Lazaro San Sebastian Shops taldeko presidenteak ekimenarekiko gogobetetasuna adierazi du. Paul Lizeaga Gipuzkoako Hotelen Elkartearen koordinatzaileak, bere aldetik, udala kanpainagatik zoriondu du, eta turistek ondo erantzungo dutela nabarmendu du: “Kanpaina bisitarientzat ongietorria izango da eta mezua bere egingo dute”.
Mikel Ubarretxenak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen presidenteak, kanpaina positiboan planteatu izana eskertu dio udalari. Haren ustez, horri esker sektorea ez da “zentzu handirik ez duten” iritziengatik “mehatxatua” ikusiko. Horren harira, alkateak adierazi du ez diela “kanpaina turismofobikoei” protagonismorik ematen, haren ustez jarduera “suntsitzaile eta arduragabekoak” baitira.
Hona kanpainaren bideoa:
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea