Aieteko jai batzordeko kide batzuk, festetan murgiltzeko gogotsu. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Gaur hasiko dira jaiak Aiete eta Txomin auzoetan, eta bi auzoetako jai batzordeetako kideek azaldu dutenez, gogotsu daude auzotarrak jai giroan murgiltzeko. Aieten datorren asteburura arte luzatuko dira festak.
Askorentzat oporrak bukatzear dauden arren, irailean ospakizun eta festa ugari egoten dira Donostian, eta horietako bi dira Aietekoak eta Txominekoak. Gaur, hasiko dira jaiak bi auzoetan, eta Aieten, bi asteburutan egongo dira banatuta. Txominen, aldiz, asteburu honetan bilduko dituzte festetako jarduera guztiak.
Txomin auzoan 18:00etan botako dute jaien hasierako txupina, eta buruhandiak kalejiran ibiliko dira auzotik zehar, bizilagunei festen hasieraren berri emateko. Jarraian, «apar festa mundiala» egingo dute, auzoko gazteenentzat.
Edurne Burutaran da Lanberri auzo elkarteko lehendakaria, eta azaldu duenez, hamabost pertsona inguru ibili dira aurten jaiak prestatzen. «Belaunaldi aniztasuna duen taldea da, 52 urteko jendea dago, baina baita 22 urtekoa ere bai», gaineratu du Burutaranek. Antolakuntzan auzoko bizilagunak nagusi diren arren, inguruko auzoetako jendea ere jaietan parte hartzen duela baieztatu du.
Auzo elkarteko lehendakariak aitortu du jaiek auzo izaera indartzeko garrantzia handia dutela, eta zailtasun nabarienak aurrekontuekin lotutakoak izaten direla gaineratu du.
Aurten, larunbat arratsaldean haurrentzat antolatu duten ur-parkea nabarmendu du: «oso jarduera polita izango da, eta bihotzez espero dut eguraldi ona egitea. Iaz, eguraldi txarra egin zuen, eta jende asko etorri zen arren, ezin izan genuen berdin gozatu».
Txomin auzoak aldaketa sakona jasango du datozen hilabeteetan, dagoeneko eraikitzen ari diren etxebizitzen ondorioz. Burutaranek «aldaketek hobera eragitea» espero du, baina etxe berrietako jendea bizitzera etorri arte eta bizilagunekin harremanak egiten hasi arte, gutxi aurreikusi dezaketela aitortu du. Hala ere, bizilagunen parte hartzea handitzea gustatuko litzaioke Burutarani.
Jaien etorkizunari begira, erronka zehatz bat dutela azaldu du auzo elkarteko lehendakariak:?Kataluniako Seu d’Urgell herriko correfocs talde bat ekarri nahi dute auzora. «Aurten, jarduera hori egiteko aukera aztertu genuen baina kostua ikusterakoan, segituan bota genuen atzera ideia», azaldu du Burutaranek. Jarduera egin ahal izateko bideak aztertzen jarraituko dutela gaineratu du Txominekoak, eta azaldu du, normalean, jaiak amaitu eta hurrengo astean, balorazio bat egin ostean, datorren urteari begirako antolakuntza prestatzen hasten direla.
Aiete, indarberriturik
Gaur hasi eta irailaren 16ra arte luzatuko dira jaiak Aieten. Urtero bezala, Aieteko auzotarrek bi asteburu izango dituzte jai giroan murgiltzeko, eta aurten, antolatzaileek azaldu dutenez, auzoko hainbat gunetara zabaldu dituzte ekitaldiak.
Hiru eragilek osatzen dute Aieteko jai batzordea, Lantxabe auzo elkarteak, Aieteko Euskara Batzordeak eta ACD Aiete elkarteak. Euskara Batzordeko Arantxa Lakadenak azaldu duenez, historikoki Lantxabe izan da jaien antolakuntzaren ardura hartu duena, eta azken urteetan Euskara Batzordea eta ACD Aiete elkartea batu dira. «Lantxabek jarduera ugari antolatzen ditu eta gainera, udalarekin harremana duena da. Gai administratiboak beraiek kudeatzen dituzte », baieztatu du Lakadenak. Euskara Batzordea, euskara sustatzeko ekintzak egin eta familia eta haurrentzat begirako jarduerak antolatzeko asmoz sortu zela azaldu Aietekoak. Gaineratu du elkartearen papera, «ezinbestekoa»?dela azpiegiturari dagokionez.
Julen Barriuso ACD Aiete elkarteko kideak honakoa baieztatu du:?«eragile bakoitzak bere aletxoa jartzen du, eta bakoitzak lehentasun batzuk dituen arren, denon artean auzo izaera eta auzoaren beharrei erantzuteko talde ona osatzen dugula uste dut».
Felix Perezek, Lantxabe auzo elkarteko kideak, aitortu du aurten berandu hasi direla jaiak antolatzen, baina hala ere, «egitarau txukuna» antolatu dutela uste du. Perezek azaldu du «Aiete erdialderik gabeko auzo luze bat» dela esaten dutela askok, baina daukaten helburuetako bat hori ezeztatzea dela gaineratu du.
Horren harira, aurten antolatu dituzten hainbat jarduerak helburu hori lortzen lagunduko dutela uste du Lantxabekoak, auzoko gune ezberdinetara zabaldu dituztelako ekintzak. Aieteko gune asko elkartuko dituzte, esaterako, danborradak, dianek eta karro-poteoak. «Guretzat oso garrantzitsua da auzoko gune ezberdinek protagonismoa izan eta nolabait elkartzea, auzoko izaera indartu eta auzo gisa ditugun helburuak lortu ahal izateko ezinbestekoa delako», azaldu du Perezek.
Aire berriak
Aieteko jaietako antolatzaileek azaldu dutenez, berrikuntza nagusietako bat da gazteei begirako jarduerak antolatzea. Barriusok azaldu du hainbat adin tarte tako pertsonentzat eskaintza falta zela iruditzen zitzaiela, gehien bat haur eta gazteei begira. «Guk ikusten genuen jaietan beste mota bateko jarduerak falta zirela, esaterako, gaueko kontzertuak, txosnak, eta abar», azaldu du Barriusok. Jarduera berriak egiteko, Jolastoki «jai gune gisa irudikatzen» dutela azaldu du Lakadenak, hala ere, auzoko beste gune batzuetara ere zabaldu dituzte jarduerak.
Perezek eragile eta pertsona berrien parte hartzeari garrantzia eman dio. Azaldu du Aieteko jaiak duela hamarkada asko sortu zirela eta gaur egun bertan parte hartzen zuten pertsonak antolakuntzan ez badaude ere, garai batean egiten ziren gauzen oroitzapenak bizirik mantentzeko saiakera egiten dutela. «Badaude elementu batzuk, auzoaren izaera propioa mantentzen laguntzen dutenak, eta guk ere interes handia daukagu horiek mantentzen, esaterako, boloak», gaineratu du Perezek.
Lakadenak «talde polita» eratu dela uste du, eta baieztatu du auzoarentzat garrantzitsua dela ideia berriak gauzatu eta historikoki egin diren gauzak mantentzea.