Enrique Ramos Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan.
Etxebizitza turistikoen ordenantza martxoaren 27an sartu zen indarrean, eta ordutik 794 pisu eta alokairuzko gela erregistratu dira. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eman du datuen berri. “Orotara, 1.227 pisu turistiko daude erregistratuta hirian, eta alokairuzko 128 gela”. Prozesua bukatzerakoan, gaineratu du udalak 1.400 eta 1.500 pisu turistiko erregulatu aurreikusten dituela. “Hirian dauden etxebizitzen ehuneko batera ez lirateke iritsiko, eta gure ustez ez dira asko”.
Iragan uztailaren 4an zozketa egin zuten udal batzar aretoan, eta 656 etxebizitza sartu ziren aipaturiko zozketan. Horietatik 374 espediente aztertu ditu udalak; 232 erabiltzeko baimendu ditu, eta 142 baztertu. Beste 282 espediente geratzen dira aztertzeko, eta 47 etxebizitza turistiko ixteko agindua eman dute.
Zozketa egin ondoren beste 138 eskaera jaso ditu udalak, etxebizitzen erabilera turistikorako. Guztiak aztertu eta 9 eskaera baztertu dituzte, jabeei ixteko agindua helaraziz.
“Alokairuzko gela turistikoei dagokienez, 13 eskaera berri jaso ditugu zozketaz geroztik, eta horietatik 10 baimendu dira eta 3 ixteko agindu”.