Irurak kaleko etxeetara doan bidea egoera txarrean dago. (Argazkia: Beñat Parra)
Aste honetan onartu du Donostiako Udalak Intxaurrondoko Irurak kaleko arkitektura eta lurzoru oztopoak egokitzeko proiektua. 149 mila euroko aurrekontua du, eta bi hilabeteko epean egin beharko dute. Proiektuaren bidez Irurak kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako zein Koruko Andre Maria kaleko 27 zenbakiko irisgarritasuna hobetuko dute.
Gaur egun bizilagunek arkitektura oztopo ugari dituzte beraien etxebizitzetara iristeko. Traba horiek kendu eta bidea egokituko dute. Hain zuzen ere, espaloiak berrituko dituzte eta etxe atarietara iristeko bideak hobetuko dituzte irisgarriak izateko.
Miguel Angel Diez Bide Publikoetako zinegotziak xehetasun gehiago eman ditu. Bizilagunei eskerrak eman dizkie beraien jabetzako guneei erabilera publikoa ematea baimendu dutelako. Bizilagunen eskaerei erantzunez, horma eta traba diren elementuak kenduko dituzte irisgarritasuna errazteko.
Proiektua onartuta lanak esleitzea falta da obrari hasiera emateko. Gobernu batzordeak adostu bezala, bi hilabete eta erdi beharko dira lanak bukatzeko.
Urtarrila edo otsailerako obrak bukatuta egotea aurreikusten du Diezek. Ordurako Irurak eta Koruko Andre Maria kaleek beste itxura bat izango dute.