"Animalien eta pertsonen arteko analogia bat egin dugu filmean"
Abian da 66. Donostiako Zinemaldia, eta Zuzendari Berriak sailean ikusi ahal izango da ‘Oreina’ filma. Irailaren 25ean estreinatuko da, eta egun gutxi barru gainerako zinema aretoetara iritsiko da.
Laulad Ahmed Saleh eta Koldo Almandoz; aktorea eta zuzendaria.
Hirien periferietako bizitza jasotzen du Oreina filmak, baina ez hori bakarrik. Koldo Almandoz (Aiete, 1973) zinema zuzendariaren fikziozko lehendabiziko pelikula da. Joan-etorrian dabiltzan pertsona batzuen istorioa kontatzen du. Horietako bat da Khalil gaztea, eta Laulad Ahmed Salehk (Mendebaldeko Sahara, 1994) jokatzen du bere rola. Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias eta Erika Olaizola aktoreek osatzen dute lan taldea. Almandoz eta Ahmed filmak elkartu ditu, eta elkarrekin egingo dute bidea Donostiako?Zinemaldian.
Nola egin zenuten elkarrekin topo?
Laulad Ahmed Saleh (L.A.): Bigarren castingean ezagutu nuen. Nik ez nekien nor zen. Irakasle batek bidali zidan mezu bat esanez kanpotar euskaldun baten bila ari zirela film baterako. Binahi agentziara deitu nuen eta castingera joan nintzen. Bigarren castingerako deitu zidaten, eta hautatu egin ninduten. Koldo jatorra iruditzen zait, serioa baina jatorra.
Koldo Almandoz (K.A.): Hemen ez dago zinemaren poesiarik; ez genuen kalean edo denda batean topo egin. Asier Altunaren laguntzarekin egin genuen castingean ezagutu nuen. Jende askori egin genien froga, baina hasieratik nahiko argi izan nuen Laulad izango zela protagonista.
Zergatik aukeratu zenuen?
K.A.: Ez zen izan castinga ondoen egin zuena. Beste batzuek aktore munduarekin lotura handiagoa zuten. Baina hasieratik ikusi nuen nik idatzitako pertsonaiaren antza zuela. Adinagatik inozentzia puntu hori dauka, eta bestetik, azkarra zein irekia da. Izaera horrekin gauzak berehala ikasiko zituela pentsatu nuen. Aurpegia ez zaio falta eta horrelako pertsona bat nahi nuen.
Nola sentitu zinen filmerako hautatu zintuztenean?
L.A.: Ez nuen espero. Baina gero deitu zidatenean saltsa handi batean sartu nintzela pentsatu nuen. Gainera, uste nuen bigarren mailako pertsonaia bat zela, eta ez protagonista. Baina tira, arnasa hartu eta aurrera egitea erabaki nuen.
Koldo, fikziozko lehen filma da zuretzako. Nolakoa izan da prozesua?
K.A.: Bitxia izan da idatzi dudan lehen film luzea delako. Beste lan batzuk egin ditut, laburrak zein luzeak, baina horrelakorik ez. Idazterakoan konturatu nintzen film luze baterako ematen zuela. Gainera, idazketa prozesuan murgilduta nenbilela finantziazioa nahiko azkar lortu genuen. Orduan jabetu nintzen zaletasunez egin nuen gidoiarekin aurrera gindoazela. Errebelazio moduko bat ere izan nuen. Hogei urte daramatzat zinema esperimentalean, eta erosoa da hori niretzako. Ordea, erabaki nuen zinema esperimentala alboan utzi eta erronka berri bati eustea.
Idazketa serioarekin hasi nintzenetik hiru urte pasa dira, eta estreinatzera goaz. Iazko irailaren 11n hasi ginen filmatzen, eta urriaren 20an bukatu genuen. Lau bat aste, beraz. Gerora beste urtebetean gainerako lanak egin ditugu. Gustatzen zait bat-batekotasun hau. Nahiago dut pelikula inperfektu bat, buelta asko ematen ibili baino. Azkar ekoitzitako filma da.
Laulad, zure lehen filma da. Nolakoa izan da esperientzia?
L.A.: Gidoiaren aldetik moldatu naiz ikasten eta testua memorizatzen. Ahoskatzea zailagoa izan da niretzako, baina Koldoren eta Ramon Agirreren laguntza izan dut. Hori bai, grabaketaren lehen egunean harrituta geratu nintzen kamera, foku eta lan taldearekin. Baina pixkanaka ohitu nintzen eta ez zitzaidan batere gogorra egin grabaketa.
K.A.: Filmaketan gehien gozatu duena da. Grabaketen bere azken egunean zuen aurpegiarekin argi zioen ez zuela filmaketarekin bukatu nahi. Egun batzuetan laguntzera etorri zen beste grabazio batzuetan.
Lauladekin egindako lanaz zer esango zenuke?
K.A.: Asier Altunaren laguntza izan nuen aktoreekin lan egiterako orduan. Banuen esperientzia aktoreekin baina ez molde eta maila honetan. Lauladekin arriskua hartu genuen. Ez da aktorea; egin dezake egin dezakeena. Ahoskatzen, kamerara ez begiratzen eta ahotsa proiektatzen erakutsi genion. Beste aktoreekin asko ikasi du, baina ez nuen muga hori pasatzea nahi. Nik sinesgarria izango zen norbait nahi nuen. Hasiera batean zalantzak nituenean, azkenean uste baino errazagoa izan da.
Hasieran jolas modura hartu zuen eta testuak ez zituen ondo ikasten. Bi entsegutan konturatu zen testuak ondo ikasi behar zituela. Lan bat bezala hartu zuen. Kontratuarekin joan nintzaion egunean, uste zuen ez zuela dirurik kobratuko.
L.A.: Bai, horrela da. Konturatu nintzen testuak ondo ikasi gabe, ez nuela ondo egiterik izango. Etxean ikasten aritu nintzen, ispiluan errepikatzen. Ohean etzanda ere testuarekin aritu nintzen.
‘Oreina’ izenburuan atzean zer ezkutatzen da?
K.A.: Hasierako gidoian oreinaren figurak garrantzia handiagoa zuen. Baina mantendu nahi izan dut, eta nahi nuen izenburu bat filma laburbilduko ez zuena. Izen iradokitzaile bat nahiago nahi nuen. Animalia horren figura presente dago eta irakurketa desberdinak eragin ditzake.
Eta istorioaz zer esan zenezake, gehiegi aurreratu gabe?
K.A.: Film konbentzionala da. Gauza klasikoez hitz egiten du. Besteak beste, maitasun mota desberdinez, elkartasunaz, adiskidetasunaz eta mendekuaz. Hori dena tonu errealistarekin. Zinema garaikidean pertsonen eguneroko bizitza gero eta gutxiago islatzen da. Jende normalaz hitz egiten du filmak, baina ez da soziala. Pertsonaia guztietan bitasun moduko bat dago. Esaterako, bat kartzelan egon da, beste batek ez du bere sexualitatea ondo kudeatzen, beste batek gauzatuko ez den maitasun harreman bat dauka eta elkarren artean hitz egiten ez duten bi anai daude. Hori dena Donostiako periferia batean kokatu behar da.
Ez daukat sinopsi konkretu bat, baina filmak zirriborroak eskaintzen dizkio ikusleari eta horietan murgildu behar da. Dena azaltzen ez duten filmak gustatzen zaizkit. Zalantzak sortzen dituztenak nahiago ditut.
Laulad, filmean Khalil gaztea zara. Nolakoa da bera?
L.A.: Mutil serioa da. Argazkietan serio agertzen naizela esaten didate, ez naizelako horrelako. Pikaro samarra da ere pertsonaia. Nire antzekoa da nolabait, inozentziari dagokionez. Serioagoa da eta erne dago beti.
Koldo, filmeko seigarren pertsonaia paisaia dela adierazi duzu. Zergatik?
K.A.: Batez ere, padura. Oria ibaia eta Aginaga inguruetako paisaia oso esanguratsua da niretzako. Periferiaren parte dira. Hiri erdigunetik atera eta bost minutura ditugu errepideak, industriaguneak eta horien erdian daude baserriak, nekazaritza guneak eta auzoak. Gaur egun etorkin asko bizi da leku horietan, hiri erdian ezin dutelako. Egia esan, periferia aberatsa dugu. Animalien eta pertsonen arteko analogia bat egin dugu filmean. Gurean bertakoak diren animaliak daude, migratzaileak eta joan-etorrian dabiltzanak. Horiek beraien artean nahastu egiten dira. Pertsonekin gauza bera gertatzen dela esango nuke.
Irailaren 25ean estreinatuko duzue filma Zinemaldian. Nola bizi dituzue azken egunak?
L.A.: Momentuz ondo, baina egun bat lehenago urduri jarriko naiz. Nire ingurukoek ikustea nahi dut.
K.A.: Ez daki zer ari den esaten. Horrek erakusten du duen inozentzia. Estreinaldia ez du ardurarekin bizi.
L.A.: Ingurukoei eta jendeari filma zer iruditzen zaien jakiteko gogoa dut. Kritika onak eta txarrak jasotzeko prest nago.
K.A.: Niretzako kritikarena ez da arazo bat. Aldiz, promozio aroa da niretzako zailena. Normalean baino elkarrizketa gehiago egiten ari naiz, eta ez nago ohituta. Niretzako prozesuaren bukaera dena, ikusleentzat prozesuaren hasiera da. Nire helburua da estreinaldira ilusioarekin iristea ikusleei ilusioz transmititzeko.
Zenbateko garrantzia du filma Zinemaldian estreinatzeak?
K.A.: Promoziorako bozgorailu bat delako. Zinemaldiak ikusgarritasuna ematen dio, bestela horrelako film batek ez luke aukerarik izango. Baina hor jabetu behar zara hau industria bat dela, eta bozgorailu desberdinak dituela. Jaialdiak ez dira zinema klubak, izarrak ekarri behar dituzte beraien filmekin batera. Zinemaren atzean dagoen negozioa beste dinamika bat da.
Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da pelikula. Saria irabazteko aukerarik duzu?
K.A.: Nik ez ditut beste filmak ikusi, baina ziur nago ikusiko banitu nirea baino gehiago gustatuko zaizkidala batzuk. Bestetik, egia da horrelakoetan bertakoa izateak mesederik ez duela egiten. Epaimahaiek ez dutelako joera handirik bertakoa saritzeko. Ni ez nago horri begira, eta irabazten badut oso ondo.
Zinemaldian estreinatu ondoren, zein ibilbide izango du filmak?
K.A.: Irailaren 28tik aurrera estreinatuko da zinema aretoetan. Aldiz, 29tik aurrera Donostian.
Laulad, behin lehen filma eginda, zinema munduan gauza gehiago egiteko gogoa duzu?
L.A.: Esperientzia asko gustatu zait, eta Turismo ikasketak bukatzean interpretazioa ikastera joateko asmoa dut Madril edo Bartzelonara. Nire teknika hobetzea gustatuko litzaidake.
K.A.: Donostian ez duzu aukera askorik izango aktore gisara. Hobe duzu turismoaren munduan sartu.