"Oso polita da Unaik hartu izana nire postua"
Mitxelo eta Unai olaizola, Realeko botilero ohia eta oraingoa.
Mitxelo Olaizolak 37 urte bete ditu Realeko aldageletako arduradun gisa, gizonen lehen taldearekin ; erretiratu eta semeari eman dio lekukoa, lanbidearekin jarrai dezan.
Aita-semeak dira Lasarteko Mitxelo eta Unai Olaizola, eta sekulako lotura dute bien artean. Futbola eta Reala dituzte pasiorik handienak, eta elkarrekin ere lanean aritu dira klub txuri-urdinean. Biekin elkartu gara Zubietako harmailetan.
Nolakoa izan zen hasiera, Mitxelo? Mitxelo Olaizola (M. O.): 1981eko ekainaren 1ean sartu nintzen, hilabete batzuetarako. mantenu lanak egiten nituen; zelaiak zaindu, ateak margotu, harmailetan erratza pasa, eta halako kontuak. Iritsi nintzenean familia baten modua zen kluba, gerora asko hazi da, eta talde asko ditu. Lehen ere profesionala zen, baina orain askoz gehiago. Zubietako bidea, esaterako, zuloz betea zegoen; kamioietan gatza eskatzen genuen, eta zuloak betetzen joaten ginen.
Urteekin zure ardurak asko aldatu ziren? M. O.: Mantenimenduarekin hasi nintzen, gero botileroa jarri zuten, eta nik esku bat botatzen nion, postu hori hartu nuen arte.
Aitaren lanbidea nola bizi izan duzue etxean? Unai Olaizola (U. O.): Nire gurasoak elkartu ziren, aita amaren entrenatzailea zelako, pentsa! Futbola beti gustatu izan zaigu, eta beraiek bizi izan duten guztia niri ere pasa didate. Reala nire bizitzaren parte garrantzitsuenetakoa izan da, eta jarraitzen du izaten. 1998tik bazkidea naiz, hasieran amarekin joaten nintzen partidak ikustera.
Nolakoa zen zure egunerokoa azken urteotan, Mitxelo? M. O.: Lehenengo taldearen zerbitzura nengoen. Zubietara iristen nintzen 7:15ak inguruan, garbitokian jasotzen nituen arropa garbiak eta aldageletan dena prest uzten nion jokalari bakoitzari. Gero, oinetakoen gelara joaten nintzen, koipea ematen nien botei, eta bere lekuan prest uzten nituen. Ondoren, jokalariak iristeko zain geratzen nintzen, zerbait behar bazuten. Jokalariak zelaira ateratzean, dutxarako toallak jartzen nizkien, eta bukatzen zutenean, berriz dena jasotzen nuen. Partidetarako ere arropa guztia eraman behar izaten nuen; Eusebiorekin, adibidez, hori aldatu egin zen, Zubietan aldatzen baitziren jokalariak.
Mania handiak izan dituzte jokalariek? M. O.: Maniatiko handiena ni neu izan naiz, baina denetik izan dugu. Gogoan dut Abreuk kaxa bat zeramala beti ama birjin eta errosarioekin… izugarria zen.
Bibotea ere moztu zizuten! M. O.: Bai. Igoeraren urtean izan zen. Apustuak egiten ari zen jende guztia, eta nik bibotea jokatu nuen, egia esan, pentsatuz ez ginela mailaz igoko. Igoeratik egun batzuk pasa, eta De la Bella etorri zen makinarekin… eta moztu egin zidan. Etxera iristean, emazteak segituan esan zidan berriz ere bibotea uzteko.
Taldean hain sartua egotean, poz eta tristura guztiak taldekide baten moduan biziko zenituen, ezta? M. O. : Bai, betidanik. Nire anaia gazteak Realean jokatu zuen gainera, eta hemen ibili gara txikitatik. Gero, nire parte balitz bezala bizi izan dut dena. Beti esaten dut bizitzan hiru bizio izan ditudala: tabakoa, zorionez utzi nuena, familia, eta Reala. Lanean ez banengoen, emaztearekin eta Unairekin nengoan, eta semea handitu zenean, emaztearekin bakarrik.
Nolakoa izan zen azken lan eguna? M. O.: Oso hunkigarria… ez nuen negarrik egin, baina oso gutxigatik. Unai nire bila etorri zen esanez Z-2 zelaira igo behar nuela. Inguratu egin ninduten, elkarrekin argazki bat egin genuen… oso hunkigarria izan zen.
Zerekin geratuko zara? M. O.: Azkenean gauza onak gordeko ditut, txarrak ahazten saiatzen naizelako. Seguraski bizi izan dudan txarrena maila jaitsiera izan da, eta onena, igoera. Jokalari asko igaro dira, zuzendaritzakoak, entrenatzaileak… eta pozik egon naiz.
Zer egiten duzu orain? M. O.: Ba egia esaten badizut, abuztuaren 6an joan nintzenetik, gaur da Zubietara itzuli naizen lehenengo eguna. Ez da ezerengatik izan, baina momentuz ez nau erakartzen. Orain oso ondo bizi naiz, jendeak gutxiago geratzen nau kaletik, eta asko ateratzen naiz emaztearekin paseatzera. Anoetara joateko konbentzitzen ari zait emaztea, bera beti joaten delako. Ni oso urduri jartzen naiz partidak telebistaz ikusten ere, ez naiz gai izan orain arteko partidak osorik ikusteko. Gainera, Anoetan jende asko jokalariak iraintzen hasten da, eta oso gogorra egiten zait. Xabi Prietok esaten zidan joateko, bera ere joango dela, baina bera lasaiagoa da. U. O.: Arrazoi du. Ni geroz eta gutxiago joan naiz Anoetara hemen lan egiten dudanetik, gogorra egiten da. Orain taldearekin joango naiz, beste zeregin batzuetara.
Semeak zure postua hartu izana ere berezia izango da. M. O.: Bai, nahiago nuke aukera izan banu abendura arte geratzeko. Horrela biak elkarrekin lanean aritzeko, nahiz eta agian okerrago izan, eztabaidatzen bukatuko genuelako. Oso polita da Unaik hartu izana nire postua, baina kezka ere sortzen dit, ardura handia delako. Arropa eta oinetako guztiak hartzeaz gogoratu behar zara, batez ere kanpoko partidetan. Prest dagoela uste dut, eta ez nik irakatsi diodalako, oraingo gazteak azkarragoak direlako baizik!
Abuztua aurretik lanean hasia zinen Realean, Unai? U. O.: Bai, nire hirugarren urtea da Realean. Lehenengo urtea biltegian egin nuen, arropa guztia eramaten, eta lehenengo taldearekin entrenamenduetan egon eta materiala prestatzen. Aurtengo maiatzean nagusiak proposatu zidan aitaren postua hartzeko, eta baiezkoa eman nion. Orain arte ez dut inolako arazorik izan eta denekin oso ongi moldatzen naiz.
Aita ordezkatzea ez da lan erraza izango, ezta? U. O.: Beti esaten dut lana ongi egiteaz gain, lan handia izango dudala aitak emandako maitasun hori ematen eta jasotzen.
Ardura handia da? U. O.: Bai, aitak arrazoia du, batez ere kanpoko partidetan. Jokalariei profesionaltasuna eskatzen zaien moduan, gure lana ere halakoa izan behar da. Orain biren artean ari gara, eta zeregin gehiago eman dizkigute.
Agurren urtea izan da aurten Realean! M. O.: Bai! Batzuk adinarengatik, beste batzuk lesioengatik… pena ematen dit jokalari batzuk joan izana, baina hori da bizitzaren legea.