Ikasturteko lehen literatur solasaldia Egiako Plaza Haundin egin zuten, iraila bukaeran; ‘Rocka puntua!’ liburua izan zuten hizpide. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Egiako literatur solasaldien bigarren denboraldia abiatu dute. Hilero liburu bat irakurriko dute, eta hilabeteko azken asteazkenean elkartuko dira Egiako kultur etxean.
Irakurzaletasuna bultzatu eta euskarari presentzia ematea dute helburu Egiako literatur solasaldiek. Martxoan abiatu zuten egitasmoa Egia Bizirik auzo elkarteak eta Egia Euskaraz batzordeak elkarlanean. Izandako harrera onari esker, jarraipena ematea erabaki dute. Bigarren ikasturteari iraila bukaeran eman zioten hasiera Alberto Irazuren
Rocka puntua! liburuarekin.
«Ikastetxean bertan hasi ginen solasaldiak egiten irakasleen artean. Ikusi nuen egitasmo polita zela beste esparru batzuetarako», dio Edu Zabala solasaldien dinamizatzaileak. Erretiroa hartu berritan, Amarako Ikasbide kultur elkartearekin eta Bagera elkartearekin hitz egin zuen euskarazko literatur solasaldiak antolatzeko. «Biek baiezkoa eman zidaten. Horrela, Amaran eta Egian solasaldiak egiten hasi ginen bertako eragileen bitartez».
Egiako esperientziari dagokionez, Zabala gustura dago. «Nik uste baino jende gehiago animatu da, eta pixkanaka taldea sendotzen ari da». Erronka berriak ere badituzte. «Jende gazteagoa erakarri nahi genuke», dio Eñaut Beloki antolakuntzako kideak.
Normalean, Egiako kultur etxean elkartzen dira hautaturiko liburuez hitz egiteko. Donostia Kulturak gela bat utzi die horretarako, eta egitarauaren kartelak egiteaz ere arduratzen dira. Aldiz, ikasturtea hasi eta bukatzeko solasaldiak plazan egitea erabaki dute, egitasmoa herritarrei erakusteko. «Auzoan bizi naiz, eta nire liburua irakurri duen kuadrilla batekin elkartzea oso aberasgarria da», dio Alberto Irazuk, ikasturte berriko lehen gonbidatuak. «Euskarazko literatura lotsarik gabe plazara ateratzea sekulakoa da».
Ekainera bitarte
Hilabeteko azken asteazkenetan egingo dituzte solasaldiak Egiako kultur etxean. Ekainera bitarte irakurri beharreko liburuak zehaztu dituzte. Hilabete honetan, Eider Rodriguezen
Bihotz handiegia ipuin liburuaz ariko dira. Aste honetan jaso du Euskadi saria. Azaroan, Joseba Sarrionaindiaren
Kolosala izango da liburuaz ariko dira, eta abenduan, Ekhine Eizagirreren
Alde erantzira nabil eleberriaz.