Ane Urrutikoetxea: 'Meme bat euskaraz'
Euskaldunok barre egiten ote dugu euskaraz? Gure hizkuntzak badu txiste zoroekin negarrez amaitzeko edo bakarrizketa dibertigarriekin barrez lehertzeko gaitasuna? Denok esango duzue segituan baietz, baina… jorratzen ote dugu umorea euskaraz?
Euskarak gure bizitzaren parte diren espazio asko dauzka oraindik konkistatzeko, eta umorearena gainditu gabe dugun gailurra den irudipena daukat. Are gehiago umore lotsagabe, sinple eta baldarrena sortzeko orduan. Hain zuzen, gazteek kontsumitzen duten hori: memeak.
Hain zuzen, duela gutxi euskarazko meme batekin egin nuen topo sarean murgilduta; azpiko adierazpenak irakurri, eta bertan topatu nuen ebidentzia: “Ze kutre, egia esan beharra dago… euskarazko memeek ez dute graziarik”. Tankerako aipamenak zetozen tarteka. Euskarak ez du grazia egiten, ez du gazteriarekin konektatzen.
Euskara gazte jendearentzat ikastolako hizkuntza soila den eztabaida aspalditik dago kalean, baina… zer gertatzen da Interneten? Nerabe batek bataz beste 9 ordu ematen ditu mugikorrera itsatsita; errealitate hori gehiago ala gutxiago gustatuko zaigu, eta neurri batean saihestu nahiko dute batzuek, baina hor dago, gertatzen ari da. Nire galdera da; 9 ordu horietan ikusten duten guztia zein hizkuntzatan kontsumitzen dute? Euskarazko edukirik aukeratzen ote dute? Iristen ote zaie gustuko duten zerbait berea izan behar lukeen hizkuntzan?
Badago euskarazko eduki dibertigarririk, helduek helburu didaktiko eta hezitzaileekin sortu dutenetik kanpo? Balio ote du euskarak txiste itsusi bat egiteko, bideo tuntun baterako, “eduki zaborra” etiketa eman ohi diogun material horietarako? Gaizki ikusita egon arren, etengabe kontsumitzen dugun kaka guzti hori zergatik ezin du euskaraz egon? Zeren euskarak ez badu beren bizitzaren une guztietarako balio, ez dugu sekula komunikatzeko tresna moduan erabiliko erabateko naturaltasunez; ez digu sekula graziarik egingo.