«Egia da denbora asko pasatzen dugula mugikorrari begira, baina inoiz baino gehiago irakurtzen dugu»
Ines Garcia, liburuzaina eta disko jartzailea
Irakurzale eta musikazale amorratua da Ines Garcia. Urtebete pasa da Tobacco Days liburu denda ireki zuenetik, eta azkenaldian hainbat festa girotu ditu DJ Eddie Mae izenarekin. Zergatik aukeratu duzu Desy taberna? Arantza Santestebanen bidez ezagutu nuen leku hau. Kroketa eta muskuilu bete goxoak dituzte, eta garagardo zaleentzako karta aberatsa dute. Egoteko nahiko toki guay-a iruditzen zait, kasta itxura hori duen arren, jateko guztia oso goxoa delako. Nabaritzen da dena asko zaintzen dutela. Eta tratua oso ona da. Gainera, gero eta taberna gehiago irekitzen dira, baina prefabrikatu itxura dute; izaera falta bat sumatzen dut. Hemen nabaritzen da tradizio handiko taberna dela, eta badu asko gustatzen zaidan esentzia zaharruno hori. Auzoko komertzio eta taberna hauek gero eta gehiago gustatzen zaizkit, eta gustura joaten naiz. Tobacco Days ireki zenuenean, nola imaginatu zenuen zure espazioa? Lokala hartu nuenean kubo zuri eta huts bat zen. Pixkanaka egin dudan prozesu bat izan da. Banekien hasiera batetik prest egon behar, baina etxe bat bezala. Zure izaera hartzen doa denbora pasatzen doan heinean. Adibidez apalak familiak egindakoak dira. Arotzak dira, eta eurei eskatu nien. Banekien leku oso sinple bat izan behar zuela, eta gero joango zirela gauzak gehitzen. Gurasoek zituzten poster asko jarri ditut, 80ko hamarkadako erakusketenak. Nire mahaia da txikitan nire logelan zegoena; apal batzuk ere gurasoen etxe zaharrean zeuden. Bada oroitzapen askoren collage bat. Pixkanaka topatzen ditudan gauzak ere gehitzen noa. Taberna eta liburu denden artean nolako antzekotasunak ikusten dituzu? Gero eta liburu denda gehiagotan jartzen dute barra bat. Madrilgo Tipos Infames, adibidez. Ardotegia da, eta liburuak daude. Janariarekin nahastea agian ez da komeni, dena zikintzen delako. Baina edariarekin…Tabernak eta kafeak beti izan dira idazle eta poeten meeting point-ak. Harreman antropologiko bat badute. Uste dut soilik liburu denda izatea konplikatua denez, askok aukeratzen dutela taberna ere izatea. Egoteko lekuak bihurtzen ari dira? Liburu denda batek eskatzen du bertan denbora ematea. Ezin duzu liburu bat erosi bost minutuan. Exijitzen du liburuak hartu eta lasai begiratzea. Nik eserleku batzuk ditut, eta jende askori esaten diot esertzeko lasai. Jendea ezagutzeko eta zubiak egiteko espazio bat ere badira liburu dendak. Ekitaldiak antolatzen badituzu elkartzeko gune bilakatzen dira, eta gauza asko sortu daitezke hor barruan. Urtebete egin du Tobacco Days-ek. Egun, ideia erromantiko bat da liburu denda bat irekitzea? Bai eta ez. Nik argi nuen nire liburu motak ez zirela ohikoak. Planeta edo horrelako argitaletxeen liburu denda bat irekitzea Tabakaleran, ez du zentzurik. Uste dut koherentzia pixka bat behar dela. Edo, 20.000 liburu denda dauden hiri batean beste bat irekitzeak ere ez du zentzurik. Nire kasuan, oso logikoa iruditu zitzaidan. Testuinguruak asko laguntzen zidan nire izaera ere proiektatzea espazio horretan, Tabakaleran bertan. Gainera, Garoa-ko esperientzia nuen, eta kontaktuak eginda nituen dagoeneko. Nire ustez, baldintza guztiak ematen ziren ideia hori aurrera eramateko. Egia da liburuak direla, eta kanpotik eman dezake itxura hori, ideia erromantiko bat izatea. Nire kasuan guztiz logikoa zen. Nolako esperientzia izaten ari da? Izan da oso makala eta oso azkarra aldi berean. Izugarria izan da ikustea gai naizela liburu denda bat nik bakarrik eramateko, ez nuen neure burua imajinatzen egoera honetan. Esperientzia oso polita izaten ari da. Inguruko jende asko ari zait laguntzen. Horrelako laguntza izateagatik ere jarraitzen du aurrera proiektuak. Eta inplikazio hori ikustea, baina ez bakarrik ama datorrelako denda irekitzera egun batean, baizik eta ekitaldietara edo erostera etortzen den jendea ere badago. Hori dena handitzen doala eta fideltasun bat dagoela ikusteak lasaitasun txiki bat ematen dizu. Ez da erraza, ordea. Hilabete batzuetan iristen dira fakturak, eta batzuetan oso itogarria da. Gainera, liburuak dira, ez dira zerbezak. Badira momentu batzuk non nahiko agonikoa den aurrera egitea. Baina komertzio gehienak ibiliko dira horrela. Mugikorrari itsatsita bizi gara;?mirari bat al da oraindik liburuak irakurtzen jarraitzea? Hondartzara joaten naizenean, beti ikusten dut jendea liburuak irakurtzen, eta izugarri pozten nau. Gustatzen zait ikustea oraindik mantentzen dela liburuak irakurtzeko ohitura. Egia da denbora asko pasatzen dugula mugikorrari begira, baina inoiz baino gehiago irakurtzen dugu. Mugikorrean ere etengabe irakurtzen ari gara. Gainera, mugikorrean liburuei buruzko gomendioak irakurri ditzakegu. Eta nik neuk sare sozialak erabiltzen ditut gomendioak egiteko. Aurka joateak ez zu zentzurik. Eta orduan, zer egin daiteke? Momentu honek eskaintzen dizkigun erraztasunak aprobetxatu behar dira. Formatua aldatu da, bai, liburuetatik mugikorretara pasa gara. Baina badaude hainbat pertsona oraindik papera estimatzen dutenak, eta guk zerbitzu bat eskaintzen diegu haiei. Salmenta urtaroaren araberakoa da oso. Gabonak, adibidez, oso garai ona dira. Oparitarako liburu pila bat saltzen ditut. Asko estimatzen diren objektuak dira. Haurrekin arreta berezia jartzen dela uste dut. Jendeak seme-alabak liburuen munduan hezi nahi ditu. Esperantza badago, baina ez dugu milioika pertsonetan pentsatu behar, baizik eta giro txikiagoetan. Gehienbat ari zarenean argitaletxe independenteetako liburuak saltzen. Nik ez dut negozio erraldoi bat izan nahi, ez ditut hogei langile izan nahi, ezta kate bat ireki ere. Nire proiektua txikia izateko asmoa daukat. Zenbat liburu dituzu etxean? Ez ditut gehiegi, ehun bat izango ditut? Hori bai, gero utzi egiten dituzu eta… Erosten ditut bereziki gustatzen zaizkidanak eta edizio bereziak;?altxor modukoak direnak. Poltsikoko liburu arrunt bat, adibidez, ez dut gordetzen. Gainera, liburuak infinituraino pilatu ditzakezu… bueno, ni horretatik bizi naiz e! [barrez] Musika ere zure bizitzaren parte garrantzitsua da. Nor da Eddie Mae? Beat attitude liburuko poema baten izena da. Mila aldiz gomendatu dut liburu hau. Beat belaunaldiko emakume poeten antologia bat da. Gizonek eraman zuten protagonismoa, baina emakume hauek izugarriak dira. Eddie Mae emakume beltz eta feminista izan zen, emakume beltzen eskubideen alde borrokatu zuen. Izenarengatik eta gaiarengatik, asko gustatu zitzaidan, eta horrela aukeratu nuen nire DJ izena. Ez naiz beltza, baina bueno, gustatzen zait izenak duen backgrounda. Zuretzat zer da musika? Nola bizi duzu? Uste dut nire atzean dagoen itzal bat dela. Lanerako soinu banda da, bidaiatzeko ere bai, etxean janaria prestatzen dudanean ere hor dago. Musika kontsumitzen dut, DJ saioetara joaten naiz. Nire bizitzan denbora guztian hor dago. Konturatu gabe, baina hor dago. Orain nire irratsaioarekin hasi naiz Gaztea-n. Uste dut gero eta pisu handiagoa hartu duela musikak nire bizitzan. Zein musika mota entzuten duzu? Musika analogikoa gero eta gutxiago entzuten dut. Rock eta garage pila bat entzun dut, baina egia da elektronikan gero eta gehiago sakondu dudanetik gauza desberdin gehiago topatu ditudala. Elektronikak ematen dizu aukera estiloak, erritmoak eta soinuak berritzeko. Harritzeko aukera hori elektronikak dauka orain. Rocka rocka da, eta beti izango da rocka, izango direlako gitarraren akorde batzuk eta bateria bat. Elektronikaren generoak, ordea, pila bat dira. Ahal duzu elektronika ambienta entzun loa hartzeko, edo ahal duzu techno oso gogor bat entzun. Aukerak infinituak dira. Momentu honetan elektronikak eskaintzen didana askoz aberasgarriagoa egiten zait. Musika elektronikoaz gozatzeko lekuak badira Donostian? Donostiaren tamaina kontuan hartuta, dagoen programazioa oso ona da. Larunbat gau batean norbaiten saio on bat entzutea asko gustatzen zait. Nik asko baloratzen dut norbaitek aukeraketa indartsu bat egitea eta dantzan jartzea. Faltan botatzen dudana da soinu egokia duten espazioak. Dabadabak izugarria du, Guk ere bai, eta Bataplanek ere bai. Tabernetan, ordea, sound systema ez da batere zaintzen. Berlin batean, adibidez, tabernak kutre samarrak dira, baina sekulako kalitatea du soinuak. Taberna batzuek adibidez astebururo programatzen dute. Zergatik ez da taberna gehiagotan egiten? DJaren figura aldarrikatu behar da, eta hiri honetan bagara asko. Nik uste dut jendeak eskertzen duela norbait arduratzea musikaz, eta ez entzutea Spotify zerrenda bat. Zein musika jartzea gustatzen zaizu? Nik dantzatu nahiko nukeen hori. Kantuak jartzea, eta ikustea jendea ondo pasatzen ari dela, ba izugarria da. Sentsazio polita eta atsegina da. Batez ere bolumen izugarrian eta kalitatearekin entzutea ederra da. Dantzalekuak aparte utzita, aperitifa hartzeko zein musika jarriko zenuke? Lasai egoteko zerbait… Yaejiren diskografia. Eta zein liburu gomendatuko zenuke? Fulgencio Pimentel argitaletxeak kaleratu zuen komiki bilduma bat: Arsene Schrauwen. Pertsonaia ero samar baten abenturak dira;?aperitifarekin irakurtzeko ondo. Gauza sakonak ordu horretan ez dira oso ondo sartzen [barrez].Muskuilu betea eta ardo zuria. Desy taberna. Non: Ronda, 4 (Gros). Prezioa: 3,5 euro.