San Bartolomeko elizaren eraisketak dituen argi-ilunak

sanbartolome_eraitsita

Catalonia hotela eraikitzen hasiko dira laster, San Bartolome muinoan. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Udal gobernuak irailean baimendu zuen komentuaren babesturiko paretak botatzea. Hotela eraikiko duen enpresak elizaren egitura berregin beharko du.

Lau izarreko Catalonia hotelak hartuko du San Bartolome muinoko elizaren lekua. Aurrealdeko horma mantenduta, hotela eraikiko duen enpresak berregin beharko ditu gurutze latindarraren trazako paretak. Pasa den urtean hasi ziren hotela eraikitzeko lanekin, eta ordutik gorabehera hainbat izan ditu: etenaldiak, atzerapenak eta aldaketak.

Urtarrilean San Bartolomeko hotela eraikitzeko lanak eten zituen Donostiako Hirigintza sailak. Catalonia enpresak komentuaren zati handi bat eraitsi zuen, lizentzia errespetatu gabe. Elizaren egitura eta hormak bere horretan mantendu behar zituen enpresak. Biak babesten ditu Hiri Ondarearen Babeserako Plan Bereziak.

Sei hilabetez obra geldirik egon ondoren, abuztuan, komentuaren eraisketa lanekin aurrera egiteko baimena eman zion udal gobernuak enpresari. Soilik, 1.500 euroko zigorra ezarri zioten lizentzia ez errespetatzeagatik. Aldi berean, babesturiko hormak berreraikitzeko baldintza ezarri zion. Baimen horren aurka helegitea aurkeztu zuen Muinoaren Babeserako Elkarteak, eta beste hilabete bat geldirik egon ziren lanak. Irailean, azkenik, udal gobernuak babesturiko hormak ere botatzeko baimena eman zuen, elizako gurutze latindarraren trazako hormak berregiteko baldintza jarrita.

Eraisteko arrazoiak
Hotela eraikitzeko lanekin hasi zirenetik gertatu dena argitzeko, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. «Ondarea Babesteko planak elizaren diseinua mantendu behar zela zioen, eta ez materialak eta elementuak. Hormak mantentzea ez da posible izan egoera txarrean zeudelako. Erabakia hiru txosten teknikoren ondoren hartu genuen», azaldu du Ramosek.

Komentua eraitsita, aurki hasiko dira Catalonia hotela eraikitzen. «Garrantzitsua da azpimarratzea eraisketa ez ezik, elizaren egitura berregiteko agindu diogula enpresari. Ez da komentu bat izango, baina diseinu eta forma hori izango du», dio Ramosek.

San Bartolome muinoko hotela 2019 urte bukaerarako eraikita egotea aurreikusten du hirigintza zinegotziak. «Gutxienez beste urte oso bat beharko dute lanak bukatzeko».

Kudeaketari kritika
Muinoaren Babeserako Elkarteak, Ancora elkarteak, Irabazi Donostiak zein EH Bilduk, eta hainbat bizilagunek salatu dute San Bartolomeko elizaren eraisketa. Ekintza bera baino gehiago, prozesua da zalantzan jarri dutena, eta guztiek uste dute udal gobernuak hiriaren interesen aurretik jarri dituela enpresa pribatuaren nahiak.

«Elizaren zati bat bota zutenean, udal gobernuak prozesua eten zuen, sortu zen polemikarengatik. Lizentziak ez zuen jasotzen komentua eraistea», azaldu du Loic Alejandro Irabaziko bozeramaileak. Hain zuzen ere, elizaren zati bat bota izanak bere egitura nabarmen kaltetu zuela dio Alejandrok. «Eraisketa baimentzeko argudiorik onena izan da».

Gauzak ez direla behar bezala egin dio Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. «Hiriko ondarea zaindu beharrean, enpresa pribatuari mesede egin dio udal gobernuak». Ildo beretik, eraikitze enpresak bere asmoen alde presioa egin duela gaineratu du. «Enpresak egitasmoa gelditzeko mehatxua egitean, udal gobernuak amore eman zuen, eta enpresa pribatuaren jokoan erori da».

Hotelaren proiektuak aldaketa batzuk izan ditu azken eraisketaren ondoren. Elizaren egitura berregiteko baldintzaz harago, gela bat gehiago izango du hotelak; 122tik 123ra pasako da kopurua. Aldi berean, 60 aparkaleku izatetik 62 izatera pasako da. «Negozio biribila lortu du enpresak, hotelaren egitasmoan gela bat gehitzea lortu ostean», dio Burutaranek.

Elizaren eraisketaren prozesua nahasgarria izan dela diote Irabazik eta EH Bilduk. «Udal taldeentzako zaila izan bada prozesuari jarraipena egitea, herritarrek ez dute jakingo zer gertatu den», adierazi du Alejandrok. «Udal gobernua ezkutuan ibili da gai honekin», esan du Burutaranek.

Kritiken aurrean, Ramosek adierazi du udal gobernuak legea errespetatu duela. «Sei hilabete geldirik egon ziren lanak, enpresari kalte ekonomikoa eraginez. Egoera desblokeatzea lortu dugu. Bestela Arte Ederretako eraikinaren arazo bera izango genuke. 30 urte darama itxita, eta erortzen ari da».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend