Gipuzkoa mailan zer esan handia eman duten azpiegitura proiektuen eztabaidan zubietarren iritzia gutxietsia izan dela kontsideratzen dute bizilagunek. Gaiaren inguruan zer pentsatzen duten eta Zubietaren egoera nola ikusten duten galdetu diegu herritarrei.
“Zubietara bizitzera etorri garenok leku zoragarri honen bila etorri gara, baina amets hori apurtu nahi digute”
Reyes Leiva
Zein iritzi duzu Zubietan kokatu nahi dituzten proiektuen inguruan?
Beste lekuetan nahi ez dutena guri ezarri nahi digutela uste dut. Zubieta Donostiaren dendaostea bilakatu dute.
Zubietarren iritzia kontuan hartua izan dela uste duzu?
Batere ez. Donostiako Udalak ez du Zubietako Herri Batzarraren ezta zubietarron iritzia kontuan hartu nahi izan proiektu horiei dagozkien erabakiak hartzerakoan.
Nola ikusten dituzu zubietarrak?
Zubietan hamabost urte daramatzagu horrelako kontuekin borrokan, hilabetero protestak egiten, prentsaurrekoak, salaketak… Denbora luzea daramagu horretan, eta gure adinekoak pixka bat nekatuta gaude jada. Kolpeak behin eta berriro jaso ditugu, eta azkenean egoera onartzen ari garela iruditzen zait.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Egia esan, zubietarrontzat nahiko gaizki ikusten dut. Hau herri txiki eta lasaia da, nekazaritza mundukoa. Bertara bizitzera etorri garenok leku zoragarri honen bila etorri gara, baina amets hori apurtu egin nahi digute.
“Donostiak sobratzen zaizkion gauzak kokatzen ditu hemen, sikiera beharrezkoak diren edo ez baloratu gabe”
Fernando Iturralde
Zein iritzi duzu Zubietan kokatu nahi dituzten proiektuen inguruan?
Donostiak zabortegi gisa erabiltzen gaituela iruditzen zait. Sobratzen zaizkion gauzak kokatzen ditu hemen, proiektu horiek beharrezkoak diren edo ez baloratu gabe.
Zubietarren iritzia kontuan hartua izan dela uste duzu?
Ni Zubietako Herri Batzarreko kidea naiz. Udal administrazioaren luzapen bat gara, eta udalak Zubietan egin nahi den edozein proiekturi buruzko informazioa herri batzarrari jakinarazteko betebeharra du. Proiektu hauei dagokien informazioa, ordea, prentsan topatu dugu, udaleko inork ez baitu gurekin gaiaren inguruan hitz egin nahi izan.
Nola ikusten dituzu zubietarrak?
Oso kezkatuta daude, erraustegiagatik bereziki, gure osasuna jokoan dagoelako. Bestalde, Espainiako militarrak gure mendietan bueltaka ibiltzea ere ez zaigu oso ideia erakargarria iruditzen.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nahiko beltza ikusten dut. Herriaren izaera arriskuan dago, eta badira hemendik alde egitea planteatzen ari direnak.
“Argi dago gure hitzak politikarientzako ez duela ezer balio. Proiektuak aurrera atera nahi dituzte, nola edo hala”
Eli Olaizola
Zein iritzi duzu Zubietan kokatu nahi dituzten proiektuen inguruan?
Aurka nago, noski. Alaba Zubietako eskolan dugu, eta erraustegiaren kontuak asko kezkatzen gaitu. Gainera, ez nago batere ados egingo duten inbertsio izugarriarekin. Oso kezkatuta gaude aurrera doazen proiektuak direla ikusten dugulako.
Zubietarren iritzia kontuan hartua izan dela uste duzu?
Argi dago ezetz. Iraultza Txikien Akanpadan egindako erraustegirako martxan agerian geratu zen gure hitzak politikarientzako ez duela ezer balio. Proiektuak aurrera atera nahi dituzte, nola edo hala.
Nola ikusten dituzu zubietarrak?
Familian asko hitz egin dugu gaiaren inguruan. Ez dakigu zer pasako den, baina mundu guztia oso kezkatuta dago hemen. Kontu oso serioa da, eta herrian ez da beste gauza batez hitz egiten.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Oso beltza. Erraustegiaren keaz gain, inguruko beste makro-proiektuak ere ez zaizkit komenigarriak iruditzen, herriari kalte handia egin diezaioketelako.
“Zaharrak garenak gazteengatik gaude kezkatuta. Munduko leku askotan erraustegiak kentzen ari dira, eta zerbaitegatik izango da”
Manuel Zaldua
Zein iritzi duzu Zubietan kokatu nahi dituzten proiektuen inguruan?
Oso itxura txarra dute. Nonbait egin beharko dituzte, noski, baina hori guztia Zubietan eraikitzea gehiegizkoa dela iruditzen zait.
Zubietarren iritzia kontuan hartua izan dela uste duzu?
Inondik inora. Ez zubietarrona eta ez usurbildarrena ere. Erraustegiak asko eragingo dio Usurbili ere, baina erabaki guztiak Donostiatik hartu dira.
Nola ikusten dituzu zubietarrak?
Jendea triste dagoela nabaritzen da. Zaharrak garenak gazteengatik gaude kezkatuta. Munduko leku askotan erraustegiak kentzen ari dira, eta zerbaitengatik izango da.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Zer esango dizut nik? Nik uste dut azkenean dena ez dela horren gaizki geratuko, edo hori espero dut behintzat. Gaur egungo aurrerapen teknologikoekin maila handiko makineria jarriko dutela esango nuke, eta horrek eragin kaltegarriak murriztu ditzake agian.