Orain arteko manifestazio zabal eta pluralena

Orain Presoak dinamikak deituta, manifestazioa egin dute Donostian. Antolatzaileen arabera 40.000 lagun inguruk hartu dute parte. Sindikatu nagusi guztiek emana zioten atxikimendua deialdiari, eta alderdien artean ere ezohiko zerrenda zuten osatua: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EH Bai, ELLV…

Antiguako tuneletik irten da martxako burua. Oihal handi bat eraman dute dinamikarekin bat egin duten kideen eskuetan: Ramon Agirre, Ines Osinaga, Xabier Solano, Eider Rodriguez, Alaia Martin, Miren Amuriza, Eñaut Elorrieta, Sanele Sarriugarte…

Euskal presoak etxera oihuak izan dira nagusi ibilbidean zehar —amnistiaren aldekoak ere izan dira—, eta Bulebarrean amaitu da martxa. Artzain Onaren katedralaren aurrean, emakume presoen egoera ere izan dute gogoan, pankarta batekin: “Emakume izateagatik, bakartuago eta urrunduago”.

Orain Presoak dinamikako Arantza Aldezabalek hartu du hitza Bulebarrean, manifestazioaren bukaeran: “Gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan dezagun. Badugu zer egina, baina, garrantzitsuena dena, badugu zer egin horiek aurrera eramateko behar dugun indarra, konbentzimendua eta ardura”.

Zeregin horiek zein diren, nahikoa argi erakusten zuen manifestazioaren goiburuak: Orain Presoak. Ekainean aurkeztu zuten dinamika —maiatzean ETA desegin eta gutxira—, eta lau lehentasun ezarri zituzten, “urgentziaz”, oraindik orain indarrean direnak: “Senideak zigortzen dituen urruntze politika amaitzea; gaixo larriak etxeratzea, behar duten arta jaso dezaten; graduen progresioa; eta zigorren batzea”. “Ez diegu guk bizitakoa gure ondorengoei oinordetzan utzi nahi”. Hala, “elkarrekin lanean” jarraitzera deitu dute.

Txalo artean bukatu da martxa Bulebarrean, eta Xabier Solanok interpretatu duen Txoria txorirekin bat egin dute manifestariek.

Irudi bilduma:

Manifestazioaren iritsiera eta bukaera Bulebarrean:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend