Kontxako bidegorria bizikleta erabiltzaile askok erabiltzen dute. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Aurrekontu parte hartzaileen emaitzak aurkeztu ditu Donostiako Udalak, aste honetan. 2019ko aurrekontuen 2,7 milioi euro zertara bideratu erabaki dute herritarrek.
Donostiako Udalak aurrekontu parte hartzaileen emaitzak aurkeztu ditu. Guztira, 3.560 donostiarrek –1.491 gizonek eta 2.069 emakumek– 17.800 boto eman dituzte. 30 eta 49 urte bitarteko pertsonak izan dira gehien bozkatu dutenak. Herritarrek 2019ko udal aurrekontuaren 2,7 milioi euro zertarako erabiliko diren erabaki dute. Horietatik 700.000 euro Ekialdeko Barrutiko proposamenentzako izango dira. Hiriko proiektuen artean boto gehien jaso dutenak mugikortasunaren alorrekoak dira. Bizikleta erabiltzaileentzako bi proposamen eskatu dituzte hiritarrek.
Kontxako bidegorria babesteko proposamenak jaso du boto kopuru handiena. 160.000 euro bideratuko ditu udalak. «Mugikortasun sailak proiektu zehatz bat landuko du Kontxako bidegorriaren segurtasuna bermatzeko. Erabiltzaileen segurtasuna da lehenetsiko dena, eta lanak 2019an zehar egingo dira», adierazi du Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak. Bigarren proiektu bozkatuena bizikletak aparkatzeko aterpeen ingurukoa da. 100.000 euro erabiliko ditu udalak horretarako.
Hirian gero eta gehiago dira bizikleta erabiltzen duten herritarrak, eta prozesuaren bidez dituzten gabeziak proposatu eta bozkatu dituzte. «Nire ustez herritarren kezka agerian uzten du. Horrek behartzen gaitu irtenbideak topatzeko lanean jarraitzera, beti ere, donostiarren laguntzarekin», nabarmendu du Agirrezabalagak.
Inbertsio handienak
Hautaturiko proposamenen artetik diru kopuru gehien jaso dituztenak ondorengoak dira, besteak beste: Ondarreta hondartzako paseoa zabaldu eta Haizearen Orraziko oinezko pasealekua egitea –300.000 euro–, semaforo akustikoak –300.000 euro–, eta Morlansko ikastolako patioak birbanatzea eta formulatzea –290.000 euro–.
Ekainaren 4an jarri zuten abian aurrekontu parte hartzaileen prozesua. 17ra bitarte proposamenak jaso zituzten, eta bideragarritasun analisi tekniko zein politikoa eginda, udalaren webgunean jarri zituzten proiektu aukeratuak. Herritarrek urriaren 8tik 21era bitarte izan dute bozkatzeko aukera.
Esperientzia «baikorra» eta «lagungarria» izan dela dio Agirrezabalagak. «Herritarren proposamenak oso zentzudunak iruditu zaizkigu. Baina batez ere, jasotako kopuru handiak harritu gaitu».