Ander Edo: 'Santu guztiak'
Goizeko bederatziak lehen hezkuntzako lehengo mailan, borobilean eseri dira sei urteko haurrak egunari hasiera emateko. Aurreko egunean egindakoak eta jangelan bazkaltzeko izango dutena izaten dira besteak beste eguna hasteko errutina honen parte. Ondoren, bigarren partea dator, espontaneoagoa eta horregatik ere interesgarriagoa. Irratiko edo telebistako tertulietako kideak izango balira bezala (gehienetan hauetako batzuk baino era ordenatuagoan) aktualitateko gaiak jorratzen dituzte haurrek.
Halloween izan da azken aste honetan gehien atera den gaia. Haurrek emozioz kontatzen dituzte ospakizun honetarako falta diren egunak. Irakasleak arretaz entzun ditu egun honetarako egiten ari diren planak (goxoki eskean atera, mozorro festa egin…). Hauek tarte bat utzi diotenean galdetu die irakasleak: “Baina, Halloween delako hori euskal ohitura bat da?”. Bat-batean etorri da haur baten erantzuna: “Lehen ospatzen zen eta zen triste, jendeak egiten zuen negarra, baina orain mozorrotzen gara eta da alaia”. Sintaxi egokia erabili ez badu ere, iruditu zait oso modu errazean egin duela gai honen inguruan egin daitekeen sintesirik laburrena eta, nire ustez, egokiena.
Eta etorri zait burura lagunak ditudan guraso batzuek izandako elkarrizketa. Marmarrean zegoen bata alaba nerabea Halloween delakoa lagunekin ospatzera joan zelako. Orduan galdetu zion besteak: “Eta horren ordez zer eskaintzen diozu zuk? Santu guztien egunean hilerrira negar egitera joatea?”.
Zorionez badira alternatibak pentsatzen eta egikaritzen (hitz hau erabiltzeko gogo handia nuela aitortu behar dizuet) ari direnak. Urrutira joan gabe Parte Zaharreko Kijera gaztetxeko kideek Gau beltza ospatu dute. Alternatibak eskaintzea da kontua, eta Parte Zaharreko gazteek alternatiba bikoitza eskaini diete auzoko haurrei. Bata, plastikozko festa homogeneo bati, eta bestea, marmarrean ezer ez ospatzea proposatzen dutenei.