Memoriaren erdia ahaztu zaigu
Gatazkaren memoriatik memoriaren gatazkara pasatu ginela idatzi genuen. Idatzi genuen ez ginela zilegi sentitzen 60 urteko historia hurbilaren inguruan iritzirik emateko. Inork galdetu al digu ba? Inork gonbidatu al gaitu gatazkaren seme-alaboi iritzia ematera? Are, gonbidatu al dituzte gure amak, arrebak, maitaleak, amonak, izebak, Ikatzeko portaleko atea irekitzen zigun emakume hori edo bere etxean gordeta hazi gintuen Ipar Euskal Herriko andre hura?
Ez da horretarako espazioak ez daudelako. Azken hilabeteotan, ETAren desegitearen ostean, ugariak dira errelatua eraikitzeko borrokan diren elkarteak eta egitasmoak. Sumatzen zen hori izango zela guduzelai berria. Jakina, zilegi liteke nork bere egia kontatu nahi izatea; zein egi bihurtuko den hegemonikoa, horra koxka.
Orain hilabete eskas egin zuen Gogoan elkarteak lehen ekitaldi publikoa Koldo Mitxelenan. Han ziren Joseba Urrusolo Langraiz bide-ko euskal preso ohia, Gorka Landaburu ETAren biktima, eta Maixabel Lasa biktima eta Eusko Jaurlaritzako biktimen bulegoko zuzendari ohia. Biktimez eta biktimarioez aritu ziren hizketan, gatazkak zeharkatutako ardatz bakarra alde batekoak eta bestekoak bereizten dituena izango bailitzan. Berriki Fernando Buesa Fundazioak ere egin du mintegi bat: Biktimak eta espetxe politika. Kontu berria da fundazioak halako jardunaldi bat antolatzea, baina analisirako ardatza berdina da: gatazkaren alde banak. Beste egitasmoetan ere antzeko gertatzen da. Andreen testigantza eskasian gaude. Kasu bakanetan azaltzen dira, ezpada ikuspegi feministatik gatazkaren nondik norakoak azaltzeko edo senar edo seme baten heriotza azaltzeko.
Polemika handia piztu du Eusko Jaurlaritzaren Herenegun programak ere. Asmoa da eskoletan «ETAren historiaren eta testuinguruaren berri ematea». Orduko lekukoak izango dira ikasgeletan, eta aipatutako ardatza zentroan hartuta «bi aldetakoak» biltzea da helburua, hala «errelato osatu bat» gazte belaunaldiei transmititzeko.
60 urteko historia laburbiltzen duen ariketa interesgarria mahaigaineratu dute, baina sintonia bera da: gatazka bakarraren ardatzean bi alde banatu. Hortaz, lehen mailako testigu ia gehienak dira gizonezkoak, eta andreek biktimaren papera hartzen dute nagusiki.
Azaltzen dira, ordea, Euskalduna lantegiko gatazketan aritutako emakumeak, eta kontatzen dute 2007an Glencree Irlandako bailaran hainbat aldetako biktimek egin zituzten topaketak. Horren testigu Mari Carmen Hernandez ETAren biktima, eta Axun Lasa GALen biktima. Eta, hara, bat-batean ikusten da andreen arteko aliantza. Gatazka nagusi horren ardatzaren alde bitan behar luketenak errelatu beraren parte.
Lazo urdinen lehen manifestazioak, sutan dauden autobusak, Otegiren eta Egigurenen arteko solasaldiak. Loiola, Aiete, Luhuso, Baiona. Horiek ongi gogoan ditugu. Baina inork ba al zuen Glencreeren berri? Ba al genekien ezein su-eten aurretik batu zirela «bi aldeetako» andreak?
Horra galdera: gatazka ardatz bakarraren bueltan aztertu ordez, zer litzateke sexu-generoaren araberako ardatza ere txertatzea? Zenbat sexu indarkeri kasuen berri izango genuke? Zenbateko antzekotasuna luke alde bateko eta besteko andreen esperientziak?
Joan den asteazkenean bete ziren 18 urte Nazio Batuen Erakundeak 1.325 ebazpena onartu zuela. Gatazkak eta gerra egoerak genero ikuspegitik aztertzeko beharra exijitzen du akordioak, eta gurean, oraindik ez da ailegatu. Memoriaren gatazka betean gaude, eta ez gara ohartzen memoriaren erdia ahaztu zaigula.