"Gizon arrantzaleen itzalean egon gara emakumeak"
Yolanda, Perez San Juan; arrantzale ohia.
Grosekoa da Yolanda Perez San Juan, 1987an jaioa. Donostiako Kaian egin du bizitzaren parte handi bat, arrantzalea izan baita urte askoan, gizonez inguratutako lan giro batean. Senarra izan du bidelagun, bikote zirela txalupa bat erosi eta orduan hasi baitzuten abentura. Urte askoan ezkutuan ibili ostean, plazara atera da, eta bizi izandakoaren berri eman digu, ahobizarrik gabe.
Nondik datorkizu arrantzarekiko zaletasuna?
Nire gizonak, Jorge Padillak, familia du Kaian, eta baxurako ontzi batean lan egiten zuen, legatzak hartzen. Berarekin aritzen zen lagun batekin txalupa txiki bat erosi zuen, eta beraien kontura hasi ziren. Garai hartan, nire mutil laguna zen, eta arrainarekin Kaira iristen zirenean, nik pishonera lanak egiten nizkien; hau da, arraina jaso, espezieen arabera antolatu, pisatu eta lonjara eraman, eta prezioa defendatu. Orduan lonja Ontzi Museoaren ondoko eraikina zen.
Noiz hasi zinen orduan arrantzan?
1982an nabigazio libreta atera nuen, eta mutil laguna eta biok bizitza berri bat hasi genuen. Orduan nire mutila zenarekin lanean ari zen lagunak ez zuen ontzi handiago batera igaro nahi, pozik zegoen zeukanarekin, eta mutil lagunak eta biok txalupa handiago bat hartu genuen, kreditu bat eskatuta, noski! Karmengo Ama izena jarri genion eta horrela hasi ginen. Hemen itsasoa oso zakarra da, ez da Mediterraneoan bezala, eta askotan ezin ginen lanera atera. Jardin izeneko txalupa hartu genuen orduan, baina hura ere ez zen nahikoa, eta, azkenean, Padilla Anaiak izenekoa egin genuen. Horrekin aukera genuen eguraldi txarrarekin ere itsasora ateratzeko, eta ondo genbiltzanez, oraindik txalupa handiago bat hartu genuen. Lekeitioko ontziola batean egin genuen, eta marinelak hartu behar izan genituen gurekin lanean hasteko. Egurrezkoa zen eta zahartu egin zenez, poliesterreko bat hartu genuen gero. Hori izan zen izan genuen azken ontzia: Otoitz.
Nolakoa izaten zen egunerokoa?
Goizeko lauretan jeikitzen ginen egunero, eta sekula ez genekien noiz itzuliko ginen etxera. Kalak lau bat ordura genituen, eta normalean beti etxera itzultzen ginen lotara. Noizbait geratu ginen itsasoan lotan, baina oso gutxitan. Gainera, hobe etxera etorri eta bi orduz lo egitea, egun osoan txalupan pasatzea baino.
Zer arrantzatzen zenuten?
Sei lagun ibiltzen ginen itsasoan azken urteetan. Tresmail sareak edo betak erabiltzen genituen. Tresmaila sareek hiru zati izaten dituzte, eta harekin bereziki mihi-arrainak arrantzatzen genituen. Zapoak ere hartzen genituen udaberrian, edo erroboiloak. Azkenean, sarean sartzen zen guztia; baita mariskoa ere. Hala ere, guk beti gogoko izan genuen mihi-arraina, eta haien bila joaten ginen bereziki, garai eta leku jakinetan.
Nolakoa zen kaiko giroa lanean ibili zinen urte haietan?
Ez zuen oraingoarekin zer ikusirik. Hasteko, jada orain ez dugu arrantza porturik, pare bat arrantza ontzi baino ez dira geratzen. Hasi nintzen garaian jendea ez zegoen giro horretan emakume bat ikustera ohitua, eta ez ninduten oso ongi onartu, ea nora nindoan pentsatzen zuten. Arrantzan aritzen nintzen emakume bakarra nintzen, baina ez zitzaidan inporta pentsatzen zutena. Konstantea izan nintzen, nire lana egin nuen, eta pixkanaka, egunero ikusten nindutenez, ohitu egin ziren.
Arrantzan ez, baina gainontzeko lanbideetan baziren emakumeak; saregileak, esaterako, ezta?
Bai, hori da. Anamari eta Guillerma saregileak gogoan ditut, eta oso ongi moldatzen ginen.
Lan gogorra zen?
Bai. Arraina bera saretik kentzea ez pentsa batere erraza denik, sarea puskatu gabe. Korapiloak kentzen ikasi beharra zegoen, eta hasieran kostatu egin zitzaidan. Zorabiatu ere egiten nintzen hasieran, baina pixkanaka ohitu egin nintzen bizimodu horretara. Tituluak ere atera nituen, itsasoko ir rati-telefonistarena,mekanikoarena eta patroiarena, ehun pertsona arteko ontziak eraman ahal izateko.
Baduzu buruan egun oso berezirik?
Baditut oroitzapenak asko arrantzatu genuen egunetakoak, baina askotan horrek ez zuen ezertarako balio, lonjan prezioak jaitsi egiten baitziren. Itsasotik pozik iristen ginen, eta gero prezioak baxuak zirela ikustean, animoak behera egiten zuen. 300 kilo mihi-arrain ekartzera ere iritsi ginen! Sareak bota eta buelta egitea ere egokitu zitzaigun, eguraldi txarrarengatik. Denetik izan genuen.
Noiz hartzen zenuten atseden?
Hasieran ez genuen atseden egunik, lan egiten genuen larunbat eta igandeetan. Kontua da askotan eguraldi txarrarengatik ezin ginela itsasora atera, batzuetan baita hamabost egunetan ere. Orduan, aukera genuenean, beti ateratzen ginen, bestela ezin genituen gizarte segurantza eta halakoak ordaindu! Gero, Eusko Jaurlaritzak igandeetan ateratzea debekatu zigun, atseden egun bat hartu behar genuelako. Aurrerago, larunbatetan lan egitea ere debekatu ziguten, eta ostiraletan 17:00etarako lehorrean egon behar izaten genuen. Arazoren batengatik pixka bat beranduago iristen baginen, ez ziguten ezer esaten, baina beti ibiltzen ginen orduari begira. Horregatik, igandeetan gaueko hamabietan ateratzen ginen sareak bota ahal izateko. Haurdunaldietan geratu nintzen denbora batez, edo gaixotu ginenetan.
Oporrik izaten al zenuten?
Guk biok ez. Marinelei bai ematen genizkien oporrak. Ezkondu ginenean, Beti Jai jatetxera joan ginen hamabost bat lagun. Larunbat batean ezkondu eta astelehenean jada lanean ari ginen itsasoan, beharra genuelako. Karmengo Aman genbiltzan orduan lanean, eta lagun bat harrituta etorri zitzaigun:«Ez zineten larunbatean ezkondu?». Ez zitzaigun beste aukerarik geratzen aurrera egiteko.
Azken urteak nolakoak izan ziren?
Hasierakoetatik oso desberdinak. Ez zegoen ia mugimendurik. Berez Donostiako kofradiakoak ginen arren, azken urteetan Pasai Donibanen izan genuen ontzia, lonja desagertu egin zelako. Etxean bezala, inon ez, baina Pasaian ere gustura egon ginen. Prezioak altuagoak ziren, jende gehiago zegoelako. Aurretik ere bagenuen harremana Pasaiakoekin, batzuetan hara joaten ginen eta. Bakoitzak bere arraina pisatzen zuen normalean han, eta salmenta goizeko seietan egiten zen. Hemengo txalupa guztiak joan ziren Pasaiara, eta gaur egun geratzen direnak ere hara joaten dira.
Zergatik iritsi zen erretiroa?
Itsasoan lan egiteagatik, lan egindako urte bakoitzagatik, egunak kentzen dizkizute, eta lehenago erretiratu zaitezke. Beraz, lehenago erretiratzeko aukera izan nuen, 58 urterekin, gizona zerbait lehenago erretiratu zen, urte gehiago zeramatzalako itsasoan lanean.
Aldaketa handia izango zen, ezta?
Bai, baina oso nekeza zen… oso goiz jeiki behar ginen, lan handia zen eta oso nekatuak egoten ginen beti. Garaia zen. Gainera, oraindik ere motordun txalupa bat daukagu Pasai Donibanen, eta maiz joaten gara arrantzatzera. Ez du lehengoarekin zer ikusirik, denbora pasa gisa hartzen dugu, baina, azken batean, itsasoa ez dugu utzi.
Egindako lanaren aitortza egin dizute inoiz? Baloratua sentitu zara?
Ontzi Museoan behin egin zidaten aitortza txiki bat, baina orain arte emakumeei ez digute kasu handiegirik egin. Saregileek eta kontserban lan egiten zutenek ere meritu handia izan dute betidanik. Azken batean, gizon arrantzaleen itzalean egon gara emakumeak.
Aquariumen elkartu berri zarete itsasoaren bueltan lan egindako emakume batzuk, mahai inguru baterako, eta Kaian ere jarri dute argazki erakusketa bat. Halakoak gustura hartuko dituzue, ezta?
Bai, baina ni ez naiz halakoen zalea egia esan. Itsasoan lan egiten nuenean, inoiz esan zidaten elkarrizketaren baterako, baina ezetz erantzuten nuen.